Imanol Garrok (Zumarraga, 1960) lan bizitza osoa Aspacen eman du. 18 urterekin hasi zen eta martxoaren 31n hartuko du erretiroa. Azken 45 urteetan, garun paralisia eta antzerako gaitzak dituztenen bizitza kalitatea hobetzeko lan egin du eta gizartearen bilakaeraren lekuko izan da.
Nolatan hasi zinen Aspacen elkartean lan egiten?
La Salle-Legazpi ikastetxean Lanbide Heziketa ikasi nuen. Ez zitzaidan gustatzen, baina ez nekien zer gustatzen zitzaidan. 18 urte nituenean, Aspacen lan egiteko aukera suertatu zen. Urretxuko egoitza ireki behar zuten eta gizonezko bat behar zutela jakin nuen. Ez nekien ezer garun paralisiari buruz, baina aurkeztea erabaki nuen. Garun paralisia zuten herriko pertsonak ez genituen ezagutzen, herrian eguneko zentrorik ez zegoenez, Gorlizeko sendategian denboraldi luzeak pasatzen baitzituzten.
Zure lan bizitza osoa Aspacen eman duzu.
Aspaceren fruitua naiz. Aspacek moldatutako pertsona eta langilea naiz. Nire benetako eskola Aspace izan da. Bertan garatu naiz pertsona gisa. Aspaceko Urretxuko zentroa nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena izan da.
Gizonezko bat behar zutela esan duzu. Zergatik gizonezkoa?
Garai hartan ez zegoen garabirik eta motordun aulkirik. Indarrak garrantzi handia zuen. Furgonetak ez zeuden egokituta. Ez zuten arrapalarik. Etxez etxe joaten ginen erabiltzaileen bila eta eskuz igo behar genituen furgonetara.
Urretxuko San Martin auzoan hasi zineten.
Hasieran haurrak eta helduak zeuden. 1980-1981 inguruan haurrak Beasainera joan ziren eta Urretxuko zentroa helduentzat gelditu zen. Donostian eta Urretxun bakarrik zeuden helduentzako zentroak. Inguruko herrietako jendea etortzen zen: Mutriku, Eibar, Bergara, Azpeitia…
Lagun asko egin dituzu.
Hasierako haurrak egungo helduak dira: Iban Arenas, Angel Begiristain, Javier Martinez… Hasierako helduak nire adinekoak ziren. Oso gazteak. Juanjo Odriozola, Migel Anjel Gomez, Cesar Campos… Migel Anjelekin nire familiarekin baino denbora gehiago pasa dut. Bere tutorea izan naiz eta bera erabiltzaileen ordezkaria zenez, beti elkarrekin lan egin dugu. 1978an ez nekien ezer logopedia edo tetraparesiari buruz eta berak irakatsi zidan. Ni bezala, hunkituta dago.
Garun paralisiari buruz ez zenekiela ezer esan duzu.
Erabiltzaileek nik baino askoz ere gehiago zekiten. Hori da ikasi nuen lehen gauza. Beraiek eman zidaten beraien beharren berri. Gauzak asko aldatu dira, baina oraindik beldur handia diogu beraiekin egoteari. Elkar ez ulertzeak beldurra ematen digu. Beraiekin egun osoa ematen duzunean, beldur hori berehala galtzen duzu. Lan hau asko gustatzen zait. Asko gozatzen dut.
«Migel Anjel Gomezekin nire senitartekoekin baino denbora gehiago pasa dut»
«Gure helburua beraiek bizitza normala egitea denez, eredugarriak izatera behartuta gaude»
Zergatik da horren aberasgarria?
Egiten duzunak zerbaitetarako balio duela ikusten duzulako eta asko ikasten duzulako. Gure helburua beraiek bizitza normala egitea denez, gu eredugarri izatera behartuta gaude. Feminismoari dagokionez, adibidez. Eguneko zentroan dena denon artean egiten badugu, nire etxean berbera egin beharra dut. Aspaceren eraginez naiz naizen bezalakoa. Tailer batean lan egin izan banu, beste era batekoa izango nintzateke. Ez nuke gai hauekiko hainbesteko sentsibilitaterik izango.
Zer geratzen da egiteko?
Hau maratoia da. Gizarteak aurrera egin du, guk gogor lan egin dugulako, besteak beste: ikastetxeetara joaten gara saskigintza ikastaroak ematera eta ikasleekin hitz egitera, gure saskiak ferietan saltzen ditugu, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza mahaian parte hartzen dugu… Jendea gu ikustera ohitzea nahi dugu, baina lan asko dago egiteko. Bizitzako beste edozein alorretan bezala. Bizitza pausoak ematea da.
Garai batean baino askoz ere baliabide gehiago dituzue.
Aldi berean, geroz eta behar gehiago ditugu. Egun garabiak eta motordun aulkiak ditugu eta horiek toki asko behar dute. Lokal handiak behar dira.
San Martineko zentroaren irekitzearekin hasi zinen eta Pagoetako obra hasita joango zara.
Zentro berria behar dugu, egungoa txiki gelditu baita. 16 urte pasa dira jada zentro berria eskatu genuenetik. Baina ez da erraza guretzat lokal egokia aurkitzea. VIP garela esaten dut: lokal handiak behar ditugu eta herrigunean egon behar dira gainontzeko herritarrekin hartu-emana eduki ahal izateko. Pagoetako egoitzak gure beharrak aseko ditu: eguneko zentroa eta etxebizitza izango ditugu. 2025ean irekiko dela dirudi.
Hilabete barru erretiroa hartuko duzu. Nola sentitzen zara?
Bertigo apur bat dut. Bidaiatu, kirola egin, atseden hartu… nahi dut, baina ez hori bakarrik. Uzten badidate, Aspacen boluntario bezala jarraitu nahi dut. Baita egoitza berriko batzordean ere. Lankideekin harremana mantendu nahi dut. Lagunak ditut. Adinekoei teknologia kontuetan laguntzea ere ez litzateke gaizki egongo. Ospitalean txanda hartzen eta halakoetan.
Mezuren bat lankideentzat eta erabiltzaileentzat?
Lankideei ezer gutxi esan diezaieket. Oso pertsona eta langile onak dira. Sekulako taldea osatzen dute. Horrela jarrai dezatela eta hurrengo arduradunari niri lagundu didaten bezala lagundu diezaiotela. Erabiltzaileei eta beraien senitartekoei eskerrak eman nahi dizkiet, gauzak asko erraztu dizkidatelako eta maitasun handia eman didatelako. Beraiekin egoten jarraituko dut.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun uneren bat?
Asko daude. Lankide ohi guztiak maitasunez gogoratzen ditut: Marga, Txus Arozena, Ana Arnaez… Javier Garcia helduen zerbitzu burua ez dut sekula ahaztuko. Aitzindaria izan zen eta zoritxarrez oso gazte hil zen. Pasadizoak? Mila. Saloura joateko, autobus merkeena alokatu genuen eta Ertzaintzak gelditu egin gintuen. Gidariari asegurua eskatu zioten eta doan gindoazela esan zien, mesedea egiten ari zitzaigula. Beste behin, Madrilera joan ginen. Hobeto zeudenak trenean eta gainontzekoak autobusean. Trenean egokitzea izugarri kosta zitzaigun. Lortu genuenean, txartel-zulatzailea etorri zen eta guretzako bagoi bat gorde zutela esan zigun. Berriro egokitu ginenerako, Gasteizen geunden. Autobusean joan zirenek ere ez zuten bidaia lasaia izan. Matxura izan zuen eta burdel batean itxaron behar izan zuten.