Aste honetan bete da hilabete Biziola dendaren ateak zabaldu zituztenetik. Goierriko eta Euskal Herriko ekoizleek beren produktuak merkaturatzeko bidea irakasteko, erosleek lehen hartu-emana egin eta erosketa-ohiturak hartzeko, eta proiektua abiarazteko balio izan du. Aurreneko zenbakiak ere atera dituzte.
Egonkortzen, erosleak eta jarraitzaileak erakartzen, eta eskaintza sendotzen igaro du Biziola kooperatibak Lazkaon daukan dendaren lehenengo hilabetea. Urtarrilaren 20an inauguratu zuten bertako ekoizpen ekologikoan eta lehen sektorearen lanketan oinarritzen den denda, izaera kooperatiboarekin eta gertuko jarduera sozioekonomikoaren eragiletzara lerratuta. Denbora gutxi, inondik ere, hainbeste esparru eta horrenbeste frontetan jardun nahi duen ekimenaren balorazio azkarrena ere egiteko. Oraingoz, «sentimendu onak» dituzte Biziola dendaren arduradunek, Haizea Bravok eta Ihintza Barandiaranek azaldu dutenez.
Irekiera eguneko jendetzaren ongietorriaren ondotik, aste egunetan eta arratsaldez ireki dute Biziola denda. «Geroz eta jende gehiago etortzen da eta pozik ateratzen da. Erosketa egonkorragoak egiten ditu, pixkanaka», sumatu dute arduradunek. Asteburuaren ondoren joan ohi da erosle gehien, astearen hasieran.
Nortasun ikurrik erantsi badiote, bertako jakien eta produktuen eskaintzaren txartela izan da hori. Goierriko 23 ekoizlek eramaten dituzte beren gaiak Biziolan saltzera. Eta herritarrek ere horien bila jotzen dute hara: «Batez ere eskualdeko produktuak erostera etortzen dira bezeroak: barazkiak, esnekiak, garagardoa, ogia… Ikusten da jendeak balioa ematen diola eskualdekoa izateari».
Berrehun bat produkturen katalogoarekin ekin zioten dendari, eta ugaritzen eta ekoizle gehiago erakartzen doaz. «Ekoizle berriak hastea erraztu egiten du eskari ziurtatu bat daukagunean. Salmenta-kanala ziurtatuta dago, eta dibertsifikatzen joango dira, pixkanaka».
Bertako lantaldea ere kontratatu eta hasi da lanean. Momentuz, hiru langile ari dira: Haizea Bravo, Ihintza Barandiaran eta Ander Kerejeta, azken hori banaketa arloan. Laugarren lanpostu bat ere sendotzeko ahaleginean ari dira.
Eroslea, askotarikoa
Komunitate zabal baten giharrearekin jaio da Biziola kooperatiba. 400 bazkidetik gora bildu dira, norbanako, erakunde, enpresa zein elkarte. Sustengu sozial hori –bere horretan ekonomikoa ere badena, diru ekarpenen bidez– dendaren bideragarritasunerako eguneroko jario bihurtzea da erronka. Erosle bihurtzea, alegia.
Oraingoz, erosleen profila «anitza» da, denetarikoa. «Gaztetatik helduetara, jenero guztietakoak. Batzuk asteko erosketa egitera etortzen dira, beste batzuk denda ikustera eta bien bitartean zerbait erostera…». Kopuruz ere denetariko erosketak egin dituzte, orain arte: «Txikiak, handiak eta ertainak».
Joan-etorriko kanalak ireki nahi dituztenez, eta bazkideak ohiko erosle bihurtzeko joera naturalaren parean, aldian aldiko erosleak bazkide egitea da estrategia, lehen urratsotan. «Erostera datozen asko ez dira bazkideak. Bertan azaltzen zaie egitasmoa eta aukera, eta asko bazkide egiten ari dira. Goierritarrak animatu nahi ditugu proiektu honetan parte hartzera», gehitu dute langileek. Bazkideek, Biziola dendako erosketetan %5eko deskontua daukate automatikoki; «eta Biziola kooperatibaren proiektuetan hitza eta erabakimena».
Hilabeteko balantzea zenbakitan
Aurreneko hilabetea betetzearekin batera, Biziolak dendaren lehen balantzea eta datuak kaleratu ditu. Dendak izan duen harrerarekin «oso gustura» egoteko arrazoitzat bertakotasunaren indizea goretsi dute, lehenik eta behin: saldutako produktuen %36 Goierrikoak izan dira. Euskal Herriaren gainerakoan du jatorria jeneroaren beste %45ek. Atzerrikoa %19 da.
Eragin ekonomikoaren lehen argazki bat ere eman dute. 54 ekoizlerekin zuzenean ari da lanean Biziola –horietatik 23 goierritarrak dira, euskal herritarrak 23 gehiago, eta kanpokoak zortzi–. Eskualdeko nekazari, abeltzain edo baratzezainei 6.000 euroko diru iturria bideratu zaie, 30 egunotan.
Neguaren bihotzean ireki izanak, naturaren ekoizpen ziklo oparoenean ez hastea suposatu du. Baratzeko produktuak, adibidez, oraindik puri-purian eskaintzeko asko falta da. «Baratzezainekin, oraintxe beraien soberakinak saltzen ari garela esan dezakegu, edo beste kanal batzuetan saldu gabekoak. Baina udaberrirako ari dira beraien artean plangintza bat lantzen, denda hornitzeko».
Hornikuntzaren antolaketa, beraz, desberdina da sektorearen arabera. Barazkien kasuan, astebeteko epearekin jokatzen dute ekoizleek eta dendak: «Astebeteko aurrerapenarekin galdetzen diegu ea zer izango duten, zerekin daukagun osatu beharra ikusten dugu… Baina, zorionez, barazki aldetik ia dena Goierriko baratzezainak osatzen ari direla esan beharra dago».
Biziola 54 ekoizlerekin zuzenean ari da lanean. Goierrikoak 23 dira, eta Euskal Herrikoak beste 23. Zortzi, kanpokoak
Denda modu egonkorrean hasi da aurreneko hilabete honetan, eta erosle profila «anitza» da. «Errepikatzen dute»
Esnekien kasuan, arlo horretako ekoizleak astean bi aldiz joaten dira dendara, beharraren arabera salgaiak jartzera. Ogiaren kasuan, hiru okinen artean ziurtatzen dute eguneroko hornidura. Beste ekoizle batzuek ia egunero osatzen dute eskaria.
Unean uneko berritasunen berri Telegram aplikazioaren bidez zabaltzen dute, oraingoz. Baina ari dira beste aplikazio bat ere garatzen, erosketak egiteko modua eta banaketaren xehetasunak telefono mugikorretik egiteko.
Aurrera jarraitzeko bidea
Oreka-puntua, egonkortasuna lortzea izango du Biziolak hurrengo hilabeteotako egiteko nagusietako bat. Erosle aldetik bezala ekoizleenetik, hasiera itxaropentsua izan dela iritzi diote. «Modu egonkorrean hasi gara». Erosleen aldetik ohitura batzuk finkatzen hasi dira, maiztasunari edota jenero eskariari dagokionez. Sintoma onena, ordea, merkataritzako oinarrizko legea da: «Jendeak errepikatzen du».
Beste zutabea, ekoizleena, sendotzea eta bermatzea du, ziurrenik, Biziolak balio erantsi aberatsena: horrenbeste ekoizle ekimen eta leku fisiko bakarrean bateratzea, horrek dauzkan potentzial eta erronka-sorta guztiekin. Orain artekoan, ekoizleak «gustura» dira, Biziolakoek azaldu dutenez. «Ikusi dute saltzen dela. Asteroko eskariak adierazten du hori. Oso pozik gaude».
Baina nongoa eta zer saltzeaz gain, beste aldagai batzuk ere oso kontuan hartzekoak dira. Bideragarritasuna eta duintasuna, adibidez. «Prezio aldetik, produktu babestua izango da, lehentasuna ematen zaiolako bertako produktuak ateratzeari eta kontsumitzaileek ere bertako produktuak eskatzeari. Hori da gure helburua».
Pedagogiatik harago, benetako eskaintza mahai gainean ipintzeak damaio proiektuari beste dimentsio neurgarri bat: «Ikusten da jendeak nahi duela bertako produktua, eta lehentasuna ematen dio. Gure helburua ere bada, bertako jendeak bertako produktuak nahi dituenez, bertako ekoizleak ere sortzea. Garbi ikusten da zenbat produktu diren kanpotik ekarrita kontsumitzen ditugunak, eta bertan badauzkagu». Zentzumen hori berreskuratzea aldarrikatu bakarrik ez, praktikan jartzea ere ahalbidetuko du Biziolak.
Dena ez da bertakoa, eta kanpotik ekarritakoak ere badituzte dendan. Bidezko merkataritzaren ideologiak zedarrituko du esparru hori: «Urrutitik ekartzen duguna Bidezko Merkataritzakoa izan dadin saiatu gara. Aurrekoan erosle batek tomaterik ez geneukan galdetu zigun. Orain ez da tomate garaia. Nahi izanez gero lor daiteke, baina hemengoa ez da izango».
Irizpide hauxe hartu dute gidalerro modura: «Eskualdean badaukagu nahiko barazki-aukera bertakoarekin eta garaikoarekin elikatzeko? Bai, badaukagu. Barietatea badaukagu; akaso, kantitatea falta da». Garaiz kanpokoa, dibertsifikazioarekin estal daiteke, frutarik ez denean, zukuak edo marmeladak eskainita.
Banaketa sistema diseinatuko dute, Ataundik hasita
Eskualdeko ekoizleen erreferentziazko saltoki Biziola denda hartu dute, Lazkaon. Baina ez da saltoki ‘higiezina’ izango. Banaketa zerbitzua eta sarea diseinatzen ari dira orain, eta aurki jarriko dute martxan sistema, artean proba modura bakarrik bada ere.
Ideia da Biziolan eskaintzen diren produktuak Goierriko herri guztietan erosi ahal izatea, norbera mugitu beharrik izan gabe –edo ahalik eta gutxien mugituta–. Salmenta puntuak zehaztu nahi dituzte eskualdearen luze-zabalean, eta horietara eraman erosleek eskatutako jeneroak.
Eskariak egiteko, aplikazio digital bat garatzen ari dira, klikada gutxi batzuekin, sakelako telefonoaren bidez funtzionatuko duena. Dendako produktuak aukeratu ahalko dituzte aplikazioan erosleek; erosi, dendan erosketa prestatu, eta herrira eramango diote. Hilabeteren buruan aurkeztekotan dira. Horrekin batera, ordea, salmenta puntuekin esperientzia pilotu bat hasiko dute.
Ataun aukeratu dute horretarako, auzokako egitura daukalako. San Martin, San Gregorio eta Aia auzoetan, leku bana izendatuko ditu Biziolak, eta haietatik jasoko du erosleak erosketa. Ataunen lantalde bat osatu dute udal ordezkari, dendari eta tabernariekin, eta «forma» ematen ari dira orain.
Martxoan espero dute Ataungo esperientzia-proba martxan jartzea eta lehenengo saiakerak egitea. Hor hasitako eta ikasitako sistema, Goierriko gainerako herrietara zabalduko dute gero.
Analisia: Etorkizun bizigarriak elikatzen
Biziola • Talde Eragile
Abiatu besterik ez bagara ere, egindakoari begiratzeko momentua da. Egiteko dugunari begirada zabaltzea ahaztu gabe. Biziola, bizitzaren fabrika, hilabete askotako lan isilaren emaitza da. 2019an egin genuen lehen topaketa hartatik, dozenaka bilera, lan saio, auzolan, aurkezpen eta topaketa egin ditugu. Su baxuan egosi dugu etorkizun bizigarriak elikatzeko salda.
Etorkizunarekiko kezkak eta anbizioak elkartu gintuen. Gure aurrekoek egindako esfortzu komunitarioaren errentak agortzen ari zirela ikusita eta Goierrik ere gure zibilizazioak parez pare dituen galdera handiei erantzun bat eman beharko ziela jakitun, erantzun horiek eraikitzeko elkarlanean hastea erabaki genuen. Norabide argi bezain sinple bat definituz, Goierri burujabeago, orekatuago eta iraunkorrago baten bidean pausoak ematea, horretarako proiektu zehatzak martxan jarriz.
Norabide horretan elikadura burujabetzaren bidean eman ditugu lehen pausoak. Eskualdeko ekoizleak eta herritarrak elkartuz. Ekoizpen berriak sustatzeko eskari antolatua sortzen hasi eta dagoeneko martxan dauden ekoizleei XXI. mendeko plaza bat eskainiz. Hau ordea hasiera besterik ez da. Eta dagoeneko 400 bazkide baino gehiago batzen dituen komunitate zabala, are zabalago izan dadin lanean jarraituko dugu. Goierri eraldatzeko sortu ginelako. Etorkizuna lapurtu nahi diguten garaian, etorkizun bizigarriak elikatzeko.