Malen Otaegi (Zegama, 2005) Txindoki Institutuko ikaslea da eta Erasmus+ programaren barruan Irlandan dago gaur egun, esperientzia bikaina bizitzen.
Nolatan izan duzu hara joateko aukera?
Iaz Txindoki Institutuak Erasmus+ akreditazioa eskuratu zuen eta honi esker, beste herrialde batean ikasteko diru laguntzak eta zenbait erraztasun eskaintzen ditu proiektuak, batxilergoko ikasleentzat. Hasieran ez genekien zein herrialdetara joateko izango zen, baina denborak aurrera egin ahala, Irlandan izango zela esan ziguten. Orduan, aukeraketa prozesu batean sartu ginen eta bertan, ahalik eta puntuaziorik altuena lortu behar genuen. Puntuazio hori eskuratzeko ingeleseko idazlan bat egin behar izan genuen «zer da Europa niretzat?» galderari erantzunez eta aurkezpen bideo bat grabatu. Horrez gain, egoera zaurgarriak eta notak ere bazuen bere portzentaia puntuazioetan. Prozesu hau egin ondoren jakinarazi zidaten aukeratua izan nintzela Erasmus+ programan parte hartzeko.
Irlanda. Leku berria, jende berria, hizkuntza desberdina… Zer moduz egokitu zara bertara?
Hasieran kosta egin zitzaidan. Aldaketak ez dira errazak izaten eta gutxiago horren desberdina den leku batera iritsitakoan. Hizkuntza eta ohitura desberdinak dituzte baina ondo egokitu naiz denborarekin. Hizkuntzaren kontuak beldur pixka bat ematen zidan, baina uste baino hobeto moldatu naiz. Ulertzeko ez dut arazorik izan, baina hitz egitea gehiago kostatu zait. Lekuari dagokionean, hiriaren kanpoaldean bizi naiz baina denetarik dut hemen, izan autobusak hirira joateko, supermerkatuak… Familiarekin eta egindako lagunekin oso gustura nago.
Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Orokorrean oso gustura nago. Leku desberdin asko ezagutu ditut eta oraindik ezagutzen ari naiz eta asko gustatu zait bizitzeko modu desberdin bat, kultura berria bat eta ohiturak ezagutzea, oso aberasgarria dela iruditzen zait. Bestalde, hemen egindako harremanak luzerako izatea espero dut, egungo baliabideekin distantzia ez baita aitzakia. Hala ere, oraingoz, gelditzen zaidana ahal bezainbeste aprobetxatuko dut.
Zein gomendio emango zenioke datorren urtean Erasmus+ programan parte hartu behar duen ikasleari?
Pazientzia izatea gomendatuko nioke, eta ez bultzatzeko bere burua gauzak egokitzapen azkar batera. Hasierak zailak dira eta bakoitzak bere egokitzeko erritmoa dauka. Guztiok nahi dugu iritsitakoan jada lagunak egin eta gure bizitza egiten hastea bertan, baina egokitzeko prozesu bat jarraitu beharra dago eta honek denbora eskatzen du. Bestalde, ahalik eta gehien aprobetxatzeko esperientzia hau esango nioke eta dagoen lekuan dagoela mugi dadila, inguruak ezagutzera, ekintza desberdinak egitera… Azkar pasatzen da denbora eta ahal den gehien aprobetxatzea ezinbestekoa da horrelako esperientzietan.