Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
James Baldwin idazleak esan omen zuen: «Aurre egiten diogun hori dena ezin da aldatu, baina ez dugu ezer ere aldatuko aurre egiten ez badiogu». Baina kontu, «aldatzen hasi dezakegu, bakarrik, gertatzen ari dena ulertzen baldin badugu».
Gaur egun, zergati oso sakonak dituen, gizentasuna, depresioa, estresa, edo adikzioak bezalako arazo baten aurrean, sutsu, konponbide sinplista eta norbanakakoak eskaintzen ari zaizkigu. Baikortasun soinuarekin, jendeari esaten zaiolako arazoa konpondu daitekeela, eta azkar. Baina kasu askotan, itsu-itsuan sakoneko zergatiak ezagutu gabeak izanik, konponbidea mugatua izango da eta itxaropenak ezerezean geldituko dira. Gertatzen zaigunaren jatorriak ulertzeko sakontasuna behar dugu, eta horrek denbora eta hausnarketa eskatzen du. Gizarte postmodernoan sakontasuna eskatzen duen guztia ahultzen ari da. Geroz eta gehiago, azalera eramaten ari zaizkigu. Gure bizitzan, zenbat eta abiadura gehiago are eta sakontasun gutxiago. Adibide bezala, liburu askotan horrelakoak irakurri ditzakegu: «Estresa ez da kanpotik ezartzen zaigun zerbait. Guk gure buruari inposatzen diogun zerbait baizik. Estresa sentsazio bat besterik ez da, pentsamendu segida bat. Gure estresa mindfulness-erako ezintasunetik sortzen da».
Etengabe, gure arazoak norberaren porrotak bezala ikustera, eta baita konponbideak ere, norberak bilatzera behartzen gaituzte. Ezin al duzu arreta/gogoa zerbaitetan jarri? Lodikote al zaude? Behartsua al zara? Bada kultura honetan zera pentsatzera erakusten zaigu: norberaren errua besterik ez dela. Hori dena gainditzeko eta nire inguruko arazo horietatik alde egiteko, neronek bilatu behar dudala nire bidea.
Estresaren kasuan, adibidez, ez da guk gure buruari ezartzen diogun zerbait, inguruneko baldintza batzuek ezartzen digun zerbait baizik. Esaiozu bestela hori bi edo hiru ume eta hiru lan, hala moduzkoak noski, dituen Kolonbiatik etorritako emakume bati. Mundu errealean, estresaren kausa nagusiak langabezia-mehatxua, lan ordu mugagabeak, eskakizun irrealistak, justizia eta berdintasun maila apalak, marketinak eragiten digun kontsumo bulkada mugagabea, eta teknologia berriek, enpresek dirua irabazteko noski, konturatu gabe eragiten ari zaigun bizitzaren azkartze eta manipulazioa dira. Oinarrizko baldintza horiek aldatzen ez ditugun bitartean gure estresak hor jarraituko du aringarri batzuk eskura izan arren.
Askotan, bakarren batek aldaketa sozial bat aldarrikatzen duenean inozo izatea leporatzen zaio. Alderantziz, eta benetan, inuzentea izatea guk herritarrok ezin dugula ezer ere egin pentsatzea da, dena boteretsuen esku utzita konponduko dela. Ezkortasun sentimenduak barneratzea: «Inork ezin du eta egokitu egin beharko dugu», eta «irtenbieak norberak aurkitu beharko ditu». Baina orain arte mugimendu kolektiboak aldatu dute mundua. Margaret Mead-ek zioen bezala «beti funtzionatu duen bakarra izan dira».