Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Antoine eta Olga Frantziatik Galiziara lekuz aldatu den familia bat da. Landa-bizia helburu dutela, diru-sari handi baten truke errota eoliko batzuk eraikitzeko proposamena heltzen zaie. Eurek ez dute orain gutxi erosi dituzten lur horiek saldu nahi, baina bizilagun dituzten Rodriguez anaiek lurrak lortu arte borrokatuko dute. Hasieratik, Sorogoyen zuzendariaren apustu garrantzitsua azpimarratu nahiko nuke: aktoreen eta plano luzeen arteko lotura zuzena. Batak ezin du bestea gabe bizi. Berdin du plano zoragarri bat izatea, aktorearen begiradarekin mantentzen ez bada, ez baita baliogarria izango. Eta horretarako ez du edonor hartu.
Hasteko, Denis Menochet aktorea aipatu nahiko nuke, gure protagonista. Begirada galdu, samur eta indartsua. Berdin du zein pertsonaia gogor egokitzen diozun aktore honi, kasu guztietan sufrituko baituzu bere istorioan zehar gertatzen zaizkion gertaera guztiekin.
Bigarrenik, aspaldidanik Sorogoyen zuzendariarekin aritu den Luis Zahera azpimarratu nahi dut. Betidanik defendatuko dut euskalkien eta norberak umetatik izan dituen hizkuntza dialektoen erabilera zinean, eta aktore honek guztiz berresten du nire sinesmena. Hizkera kaskarra, biolentzia eta haserrea dira piztien mundu hau ulertzera eramaten zaituzten keinuak.
Aipatu ditudan bi aktore horiek Goya sarietan euren buruhandia lortu zuten egindako antzezpen itzelagatik, baina Marian Foïs ere ez da atzean geratzen. Pertsonaia eta aktore honek aurreko bien nortasunak batu eta indar handiagoz barneratzen ditu. Berak hartzen du istorioko pisu handiena eta indarkeria handiz defendatzen ditu negarra, haserrea eta egonezina. Azken batean, inork baino gehiago bizi eta sufritzen duen pertsonaia baita.