Kurdistanen, Sirian eta Turkian orain aste batzuk izan zen lurrikarak laguntza eta elkartasuna mugiarazi ditu Goierrin, bizitza ez beste guztia galdu dutenen oinazea zerbait leuntzeko. Mundua mundu denetik izan dira lurrikarak eta lur astinduak. Baita Goierrin ere.
Lurrikara dokumentatuetako bat 1801eko maiatzaren 21ean gertatu zen. Artxibo historikoetako agirietan azaltzen denez, Ataunen kalte batzuk eragin izango zituen. Udalak batzorde bat osatu zuen, kalteak ikusteko eta zenbatzeko. Banan-banan zerrendatu zituzten mugimenduak kaltetutako sailak eta eraikinak, eta bakoitzaren galera ere dirutan jarri zuten. Guztira, 1.557 errealeko kostua.
Ataungo makina bat leku, paraje eta zehar ageri dira zerrendan. Andraleizetatik hasi ziren behaketan, Arbeldizarra, Sarriartebehekoa eta Enbidia zeharrean jarraitzeko. Samolaza suntsitu zela («se perdió») zehazten du inbentarioak. Arbeldizarrean, Agauntza errekaren aldamenean bi alor ere hondatu ziren.
Arratibel goikoan, Arratibel behekoan, Lauzi azpikoan, Urrutsu berrian, Bordagaztelun… aipatzen ditu kalteak.
Handik urte gutxira, 1817an beste lurrikara bat izan zen, Gasteizen. Martxoaren 18an astindu bat izan zen, eta 22an beste bat. Ondorio batzuk utzi zituen. Goierritik gertuan, Donostian 1828ko martxoaren 11n ere mugimendu bat egin zuen lurzoruak. Gaueko 21:14an, sei minutu iraun zuen ikarak. «Ateak eta lurra nabarmen mugitzen zirela ikusi dugu, eta beste etxe batzuetan ere guztiek nabaritu dute dardara. Batzuk beldurtu egin dira, eta plazara, kanpora irten dira», kontatu zuen garai hartako bizilagun batek gutunean.
Altzon eta Alegian 1845ean, edota Tolosan 1850ean ere nabaritu zuten lurraren mugimendua. Zumarragako Udal Artxiboan, bestalde, 1923an egindako agiri bat bada, «Zumarragako komunikazio bideei eta lurrikarari buruzkoa».
Besteei laguntzen
Gehienetan kalte latzik eragin gabe igaro dira lurrikarak Goierrin. Beste leku batzuetako hondamendien berri, ordea, iristen zen, eta laguntza eman zuten goierritarrek. Ataunen, adibidez, gordeta dauzkate 1885eko urtarrilean Granada eta Malaga probintzietan (Espainia) lurrikarak eragindako kaltetuentzat bildutako diruen berri. Juan Jose Zubizarreta zen alkate. Guztira 400 pezeta eta 75 zentimo eman zituzten herritarrek, hiru parrokien bitartez: San Martinen 270, San Gregorion 95 eta Aian 45,75 pezeta.