Telebistan eta irratian urteetan zehar lan egin ostean, antzerkiaren mundura jauzi egin du Xabin Fernandez Zubeldiak (Legorreta, 1985). ‘Kanpora sartzen’ antzezlanaren sortzailea, gidoilaria eta protagonista nagusia da. Duela 10 urte, martxoaren 11 batean jaso zuen deiaz geroztik bizitakoa kontatzen du obran. Jaioterrian egingo du estreinua, urteurrena betetzen den egun berean.
Kanpora sartzen. Zenbat aldiz entzun dituzu bi hitz horiek azken ordu, egun, hilabeteetan?
Askotan! Eta urteetan ere bai… zeren nire buruan, ja, aspaldi-aspaldi ari ziren bueltaka. Ez dakit esaten zehatz noiz entzun edo pentsatu nuen lehenengo aldiz horretan, baina bai momentu batean esan nuela… gustatzen zait! Nire egoerarekin antzekotasunen bat badu.
Kanpora sartzen da martxoaren 11n estreinatuko duzun antzezlanaren izenburua. Zer dakar?
Nire azken 10 urteetako ibilbidea. Nik duela 10 urte, martxoaren 11 batean jakin nuen seropositiboa naizela, espero gabe, eta ordutik pasa zaizkidan gauza asko islatu dira antzezlanean.
Aktore lanak ere egingo dituzu…
Nire pertsonaia, Xabin Fernandez Zubeldia bezala agertuko naiz, eta nirekin, oholtzan, birusa, inmuno-eskasiaren birusa. Nire istorioa bi pertsonaietan zatitu dut; biak ala biak, nire barruan daude. Polita izan da bitan zatitzea eta euren arteko elkarrizketak, eztabaidak eta haserre aldi batzuk paperean jartzea.
Dei hura… baina horren aurretik… zer zenekien zuk seropositibo izateaz?
Eskolan, institutu garaian eta sexu heziketako klaseetan entzundakoa, eta gero neuzkan beste istorio asko, zinetik, telebistatik, medioetatik jasotakoak. Ezjakitansun handia nuen.
Eta albistea erori zenean, zer?
Ba diagnostikoa jaso nuen egun horretan bertan, nire orduko bikotearekin bakarrik konpartitu nuen. Ondoren proba serologikoak egitera joan behar izan nuen, emaitza baieztatzeko. Egun haiek oso gogorrak izan ziren, eta bien artean kudeatu genuen. Ondoren, pixkana-pixkana, familiakoekin konpartitu nuen. Etxekoekin lehenik, orduan gurasoen etxean bizi nintzen. Konpartitu nuen beldurragatik, zeren uste nuen nirekin bizi ziren pertsonek bai ala bai jakin behar zutela, edozer gauza gertatzen zela ere jakin beharra zutela. Oso gertuko lagunen bati ere esan nion. Baina gainontzean, ezkutatu egin nintzen.
Elkarteren batera jo zenuen?
Ez, ez nuen laguntzarik eskatu, eta nik kudeatzeak, ondorio okerragoak izan ditu denborarekin. Nik erabaki hori hartu nuen, baina medioak egon badaude, laguntza badago, zerbitzuak badauzkagu… Ezin gara kexatu!
Ni elkarte batera joan nintzen iaz, 2022 urteko udan. Hara idatzi nuenean, beraiek ere pentsatu zuten, diagnostikoa jaso berritan idazten nuela. Eta bertara joan nintzenean eta esan nienean, hamar urte neramatzala istorio honekin, harrituta geratu ziren.
Zer pasatzen zen zure burutik?
Beldurtuta nengoen. Lotu nuen GIB-a Hiesarekin, eta hiesa heriotzarekin, eta estigma guztia etorri zen; beldurra, lotsa eta errua. Hiru pilare, hiru hitz, hamarkada honetan oso presente egon direnak, honi buelta emateko.
Kasu gehiago ezagutzen zenituen?
Ez ditut seropositibo asko ezagutzen. Egia da, 2013an, diagnostikoa jaso eta hilabete gutxira, Berlinera bidaiatu nuela lagun bat bisitatzera. Harekin askatu nintzen eta kontatu nion drama bat bezala, eta hark eman zidan zaplazteko bat; esan zidan… eta zer?
Herri txiki batean bizitzearen ondorio?
Nolabait bai. Herri txikiak maite ditut ikaragarri, oso gauza onak dituzte, baina B aldea ere badute.
Ni homosexuala naiz, eta bere garaian zenbait pauso ematea kosta egin zitzaidan. Oso momentu onean nengoela iritsi zen deia, eta izan zen berriro kaiolan sartzea.
Gaia publiko egitean, ingurukoak ere etorriko zitzaizkizun burura…
Etiketak ez zaizkigu gustatzen, baina etiketak badaude gure artean, eta ni seropositiboaren etiketa eramateko prest aurkitzen nintzen. Baina ingurukoei galdetu nien, zeren haiek seropositiboaren gurasoak, bikotea, lagunak izatea ez zait hainbeste gustatzen… dena beldurrak! Asko pentsatu dut nire aitona-amonengan… haiek babesteko, nolabait. Baina denen babesa jaso dut.
Askok esaten dute, denok dugula helburu bat bizitzan, agian zure helburua da, gai hau gizarteratzea, naturalizatzea…
Ba hori da nire helburuetako bat eta pentsatu dut horretan ere. Askok esaten didate orain, ausarta naizela hau guztia egiteagatik. Nik, ordea, erantzuten diet, ez dela ausardia kontua, zeren oso beldurtuta bizi naiz beti. Urte hauetan oso haserre egon naiz, eta batzuetan esaten nuen, gaur egun seropositiboen egoera ez da orain dela hamarkada bat bezala. Ezta gutxiago ere!
Nolakoa da zure egunerokoa?
Pastilla bat hartzen dut egunean eta bizitza ez zait aldatu, hamar urte hauetan. Horregatik pentsatzen nuen, zergatik ez den gehiago gizarteratu hori. Egunero ari da jendea infektatzen, urtero, milaka, eta badakit nire egoeran egongo den pertsona batzuk jasoko dutela albistea nik jaso nuen bezala, oraindik gaur egun.
Zergatik uste duzu gertatzen dela?
Honen atzean egon daiteke ustea, hau zabaltzen baldin badugu, agian jendeak beldurra kenduko diola eta gauzak okerrago egingo ditugula. Bale, ulertzen dut hori, baina iruditzen zait, hori dela jada infektatuta dauden pertsonengan gehiegi ez pentsatzea.
Zuk publiko egitea erabaki duzu.
2022 urtea bukatu nuen botaka egiten. Pentsatu nuen, urte hau terapia urtea izan da, eta urtea ixteko, kontatu egingo dut. Beldur askorekin kontatu nuen.
Nolakoak izan dira erreakzioak?
Oso gauza politak gertatu zaizkit; zeren ireki naizenean, beste jende asko ireki da nirekin. Oso pozik nago horregatik. Batzuk esan didate ni entzuteak laguntzen diela, eta parekoa irekitzeak, niri ere laguntzen dit.
Era berean, momentu askotan pentsatu dut nola da posible jendeak ez jakitea honen inguruan gehiago, GIB-a ez dela hiesa adibidez. Diot batzuk-batzuk galdetutakoagatik. Baina egia da, niri beste gaixotasun batzuen inguruan hitz egin didatenean, ez nuen ideiarik. Nik neuk, dei hura jaso nuenean ezer gutxi nekien.
Pentsatu duzu noizbait ‘zergatik ez dut lehenago esan’?
Bai, noski! 27 urtetik 37 urtera izan da hamarkada oso soziala eta nik pasatu dut maskara batekin. Orain ari naiz gauzak beste modu batean disfrutatzen, nabari naiz lasaiago. 10 urte hauetan asko ikasi dut, antzerki obran ere ikusiko da hori. Birusaren eta nire arteko harremanak gora-behera handiak izan ditu baina oso lagunak gara. Harrigarria izan badaiteke ere, eskertzeko asko diot birusari, hazi egin naiz.
Eta antzerkira eramatearena?
Txikitan antzerkiak egiten nizkien familiakoei ahal nuen guztietan, amonak ere askotan gogoratu izan dit hori. Beti izan naiz nahiko showman-a; telebista, irratia, zinea ere probatu nuen teknikari bezala, antzerkia ere bai baina ez oraingo moduan eta egia esan antzerkiari heltzeko gogoa izan dut beti.
Noiz eman duzu jauzia?
Pandemia aurretik, oso gaizki nengoen. Onartzen dut pandemia oso ondo etorri zaidala, nolabait. Hor hasi nintzen erreflexionatzen, ilusio berri baten bila, eta Donostiako arte eszenikoen tailerrean eman nuen izena. Beldurtuta joan nintzen, eta oso eroso sentitu nintzen, mundu berri bat ireki zitzaidan. Oso gustura nago taldearekin, dinamikekin… Esaten da, antzerkiak terapeutikotik asko duela, eta baietz esan dezaket. Ilusio berri honek ekarri nau gaur egun nagoen puntura.
Hortik, zu zeu eta zure historia protagonista izatera jauzi handi bat dago ordea…
Gai honekin zerbait egiteko banenbilkien buruan eta lehendik ere gidoi batzuk idatzita nituen. Ez nekiena zen zein forma eman; dokumental bat ere bazegoen nire buruan. Eta antzerkian hasita nengoenez, ba antzerkira ekartzea pentsatu nuen.
Txalo konpainiak babestuta egin duzu.
Herri txikiek B aldea dute eta gauza oso onak dituzte. Xabi Agirre legorretarra da, laguna dut eta Txalo konpainian lan egiten du. Ideia buruan nuela, berarekin hitz egin nuen, bere iritzia jakin nahi nuelako. Egun gogorra izan zen, zeren informazioa nire kontrolpetik bazihoan. Guztia oso ondo joan zen eta gidoilari batzuekin harremanetan jarri ninduen, aholkua jasotzeko. Udan zehar hasi nintzen aurretik idatzitakoari forma ematen, eta behin gidoia edukita, erakutsi nion, oso lotsatuta. Eta gustatu zitzaion! Hor txoratu egin nintzen, oraindik guztiz sinistu gabe.
Asimilatu duzu?
Asko kostatu zait, zeren antzerki obra txiki bat egin nahi nuen, eta azkenean, uste baino pisu handiagoa hartu du. Izenak aipatzen hasi zirenean… Aitziber Garmendia, Sara Cozar… Haiek izango dira zuzendaria eta zuzendari laguntzailea, hurrenez hurren. Hasiera batean bertigo pixka bat ere ematen zidan, baina behin Aitziberrek gidoia irakurri zuenean, eta gustatu zitzaiola esan zidanean, dena ondo joango zela sentitu nuen. Esan ere, Aitziberrentzat zuzentzen duen lehenengo obra da, beraz, beretzat ere erronka handia da. Sara Cozar da gure ama, ordena jartzen duena, Sara Cozar behar dugu, bestela ez dakit non amaituko genukeen. Eta Intza Alkain, Aitziberren apustua izan da. Oholtza gainean nahi zuen norbait bizia, gaztea, eskola berri batetik zetorrena eta umorea egiten zekiena.
Talde honek hartu du testua, sartu du koktelera batean eta remix bat atera da, eta txoratzen nago, zeren nik idatzitakoa da baina beste bizi bat hartu du.
Estreinurako egun gutxi falta dira. Nola zaude?
Oso urduri, bikoteak esan dit bezperako egunetan amaren etxera joango dela, ni ez aguantatzeko [barre egiten du]. Dena den, ni naizenerako, nahiko lasai nago, prestatzen ari naiz mentalki aspalditik, eta oso motibatuta nago, konfiantza handia dut.
Legorretan da estreinua, martxoaren 11n, dei hura jaso zenuela 10 urte betetzen diren egunean, hain juxtu. Eta esaten duzu ez zarela ausarta…
Konpainiak berak eskaini zidan beste nonbait hastea baina esan nien hau oso pertsonala dela eta Legorretan izatea nahi nuela. Kontua da 10 urteak Legorretan pasatu ditudala, eta Legorretan gertatutako gauzez hitz egiten dudala, horregatik uste dut, legorretarrei ere zor diedala.
Bestalde, amarekin hitz egin nuen, asko lagundu dit berak erabaki hau hartzen, ama ere oso legorretarra da eta beregatik ere egiten dut. Lagunez eta familiaz inguratuta egongo naiz.
Teloia zabaltzen den momentu hori, nolakoa izango da?
Legorretako antzokian ez dago teloirik, beraz, ikusleek, aretoan sartu eta ikusiko duten lehen gauza izango da kaiola bat, obra honen ardatza izango dena. Hortik aurrera, denetik gertatuko da; tokatuko zait abestea, dantza egitea, triste jartzea, dei hori jasoko dut… Gora- behera handiak izango dira nire barruan.
Korserik gabe, irribarretsu
Kanpora sartzen antzezlanarekin biluztu da Xabin, eta argazki honekin ere egin du beste pixka bat gehiago, ahal bada. Antzezlanaren gidoiaren orri artetik atera du argazki zahar hau.
Zeta belaunaldikoek ezagutu ere egin ez duten tramankuluaren gainean. Bai, ‘boomer’ xamarra da, haiek esango luketen bezala. «Garai bateko parkeetan bizirautea handia zen, dena erdoilarekin, grabila… baina ez zitzaigun ezer pasatzen aizu! Eta gaur egun da dena akoltxatua. Horrela egin ginen indartsu», dio umorez eta ironiaz tiraka.
Argazki hau, galduta zegoen beste argazki askoren artean, lerro hauek idazteko eskaera egitean berriro egin dute topo, bederatzi urteko Xabinekin. Aurrez aurre jarri eta pentsatu zuen
«a ze mazapan aurpegia, irribarretsu, ño! Hor bai lasai, hor bai pozik, anaiarekin!». Oporraldi bateko argazkia dela uste du, ez du oso ondo oroitzen, baina horrek berdin dio, «felizidade aurpegi» hori ikusi zuenean «argazki hau behar degu», pentsatu zuen.
Obran ere esaten du, «iruditzen zait umeek eta aitona-amonek beste era batera egiten dituztela gauzak eta inbidia handia ematen didate; ez dute filtrorik». Umeek, «ez dakitelako oraindik zer egin behar duten eta oraindik agerian egiten dute dena, eta aitona-amonek, nazkatuta daudelako gauzak ezkutatzeaz, eta filtroak galtzen dituzte». Tarteko guztiak «enkorsetatuta bizi gara, eta horrek pena handia ematen dit». Argazkikoa, «hau da nik nahi dudan Xabin» dio.
Barrenak askatzen hasita, lerro hauek baliatu ditu anaiari ere hitz batzuk zuzentzeko; «oso ezberdinak gara, baina berak ematen didana, ez dakit noizbait eskertuko diodan».