Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
– Lapurreta baten parte eman nahi nuke.
– Bai, bai… hori esan didazu… baina esadazu, zein koloretakoa zen?
– Urre kolorekoa.
– Urre koloreko loroa?
– Zer diozu baina? Zorroa, urre koloreko zorroa esan dut, ez loroa, zorroa! Zoroa!
– Ah, zorroa…
– Barkatu, berandu da, nekatuta nago, zorroa lapurtu didate… zuk ere etxera joan nahi duzu, ezta?
– Etxera? Keba! Orain kiroldegira noa.
– Amaituko dugu honekin?
– Bai, bai, bai… zertaz ari ginen?
– Lapurreta, zorroa… oroitzen?
– Jakina, bai… beraz, zein kolorekoa zen zorroa?
– Urre kolorekoa, urre koloreko zorroa.
– Ondo da… Idatzi egingo dut… u-r-r-e-z-k-o…
– Urrezkoa ez, urre kolorekoa!
– Tira, bai, bai… eta non ikusi zenuen azken aldiz?
– Autobusean, gune komertzialera daraman autobusean, bertan lapurtu didate.
– Primeran, ondo dago… baina galdera bat… Poloniako zein partetan zaudela uste duzu?
– Adarra jotzen ari zara?
– Ez ba! Oso serio nabil… Krakovia edo Varsovia?
– Ez bata eta ez bestea.
– Non lapurtu dizute orduan?
– Autobusean, gune komertzialera daraman autobusean!
– Hortik hasi izan bazina… ondo da, apuntatu egingo dut… eta zer zegoen barruan? Nola lapurtu dizute? Bota… gogoratzen duzun guztia…
– Gune komertzialera joan beharra nuen, inprimagailurako tinta beltza erostera. Autobusaren atzeko eserlekuetan jarri naiz. Hurrengo geltokian emakume handi bat eseri zait ondoan, berea eta nire eserlekuak behar zituen… tira eta ni baino bi geldialdi lehenago jaitsi da. Gune komertzialaren parera iristean eta jaistera nindoala, orduan konturatu naiz poltsoa falta nuela. Barruan diru zorroa, giltzak, mugikorra, koadernoren bat, tinta beltzeko kartutxo zaharra, paperezko mukizapiak…
– Paperezko mukizapiak erabiltzen dituzu? Nik nahiago ditut oihalezkoak…
– Ejem…
– Barkatu… ea ondo ulertu dudan… inprimagailurako koloretako tinta erostera zindoazen, autobusaren aurrealdean zutik etorri zara eta bertan gizonezko bat egunkaria irakurtzen ari zela zu jaitsi egin zara eta orduan konturatu zara, mukiak kendu nahi eta mukizapia falta, tira, zorroa falta… ondo ezta? Zorro barruan, ileordea, berokia, tableta eta eguzkitarako krema zenuen… zerbait ahaztu dut?
– Zu leloa zara? Adarra jotzen?
– Zergatik ba?
– Uztazu, berdin dio…
– Segundo bat! Oraintxe gogora dut… gaur goizean zorro bat ekarri dute! Zureak bezala honek ere ezti poteak eta golferako makilak zituen barruan… baina arazo bat dago, hau berdea da… ziur al zaude zure zorroa ez zela berdea?
– Utziko al didazu ikusten?
– Jakina… hauxe da… seguru! Ondo begiratu e!
– Ba bai, hau da. Eskerrak. Ba mila esker, orain barkatzen badidazu joan beharra daukat, inprimagailurako tinta beltza erosi behar dut eta dendak itxiko dizkidate.
– Pozten naiz, zure esanetara! Eta zure loroa agertzen bada, abisatuko dizugu. Krakoviako zein auzotan bizi zaren ez didazu esan?
– Varsovia, ez Krakovia!
– Kiroldegira joateko gogoa joan zait!