Duela pare bat aste inauteriak ospatu ziren Euskal Herriko txoko desberdinetan, baita Goierriko herriren batean edo beste ere, esate baterako Legazpin. Joan den astean ere Legorretako Inauteriak ospatu zituzten eta aste honetan inauterietako alaitasuna mantendu nahi izan dute lazkaotarrek, beraz, Lazkaoko inauteriak ospatuko dituzte, martxoaren 4ean, Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatuta.
Eguerdiko ordubatean hasiko dute eguna gazte lazkaotarrek, Mihiluze jokoarekin, herriko plazan. Ondoren, urteroko argazkia aterako dute Ansoategi Herrikoaren parean eta bertatik, Amebi sagardotegira joango dira guztiak, elkarrekin bazkaltzera. Handik itzulitakoan, arratsaldeko 18:30ean Elektropikala elektrotxaranga izango dute herriko kaleak eta tabernak astintzen.
Lazkaoko Gazte Asanblada 2012 inguruan sortu zen eta geroztik, Lazkaoko inauteriak antolatzen dituzte urtero. Bertako kide den Onintza Arregi Jauregik (Lazkao, 2003) dioenaren arabera, «herriko gazteak elkartu eta festa giro osasuntsu, euskaldun eta feminista sortzeko asmoz» hasi ziren inauteriak antolatzen. Beste urteetan Tolosako inauterien hurrengo astean antolatu izan dituzte inauteriak herrian, baina Arregik aipatu du aurten aldatu egin behar izan dutela data, 40 minutu Rock elkartasun jaialdiaren egun berean litzatekeelako bestela.
Horrez gain, inauterien antolakuntzari dagokionean, ondorengoa aipatu du: «Belaunaldi berriei inauterien antolakuntzan parte hartzeko ateak zabaldu nahi izan dizkiegu eta hala, antolakuntza polit bat lortu dugu, belaunaldi arteko harremanak egiteaz gain».
Aurtengo Lazkaoko inauterietako gaia EITB izango da eta Markel Sanchez Gorritik (Lazkao, 2003) dioenaren arabera «oso harrera ona» izan du gaiak, izan ere, egungo gazteen haurtzaroaren parte izan dela EITB aitortu du eta honek jendea parte hartzera animatuko duelakoan dago.
Bestalde, Sanchezek aurreikuspen «ona» du aurtengo inauterietarako. «Inoiz baino jende gehiago animatzen hasi delako sentsazioa dut», aitortu du lazkaotarrak. Horrez gain, pandemia ondorengo lehen inauteri «erabat normalak» izango direla azpimarratu du, eta honek ere parte-hartzea «handituko» duela. Hau guztia esanik, ondorengo esaldiarekin amaitu du: «Jendea gogotsu dago, giro polita izango da eta ederki pasako dugu».