Pentsatu ohi dugu —niri behintzat hala gertatzen zait— leku bati izena jartzekotan, leku hori nolakoa den azaldu beharko duela izen horrek. Ez da, ez, uste okerra, asko dira eta horrelakoak, lekua nolakoa den erakusten dutenak, alegia: Elizburu, Pagoeta…
Baina ez dira denak horrelakoak. Arabako herrien izenei buruzko liburu bat aritu naiz irakurtzen eta entzuna bai, baina ahaztu samarrik ere baneukan ideia bat ekarri dit berriz gogora: lehenagoko izen askok lursail edo etxe baten jabea zein zen erakusten dute. Patronimikoari atzizki bat (‘-ana’, ‘-ika’, ‘-ina’, ‘-itz’, ‘-ain’…) erantsita osatuak dira, latina galbidean zen garaian sortuak, era horretakoak ez dira arrotzak gurean ere; pertsona izen bati ‘-ain’ erantsiz itxuratuak ditugu, konparazio baterako, Beasain, Zerain, Akutain (Idiazabal), Garitain (Olaberria) eta beste.
Nolanahi ere, bolada luze batean, ‘-egi’ (edo beraren aldaera diren ‘-tegi’, ‘-degi’ eta ‘-legi’) izan da gurean, norbaiten deiturari bukaeran gaineratu eta leku izen bat sortzeko atzizkirik emankorrena. Toponimoak sortzeko ez ezik, izen arrunt asko ere bide horretatik sortuak dira (artegi, mintegi, txerritegi…). Izan ere, tegia tokia baita, eta badira toponimoak modu horretan osatuak. Mitxelenak dioenez, horietako askoren erroa nahikoa iluna da eta ez du baztertzen hor patronimikoa ez, baina izen orokorrago bat egotea. Baliteke sail horretakoak izatea Zikiriotegi (Zerain), Buztindegi edo Buztintegia (Idiazabal eta Legazpi).
Nortasuna, lanbidea edo izaera
Baina goazen berriro ere gure hari nagusiari heltzera; pertsona baten nortasunari lotutako leku izenei. Funtsean, pertsona hori jabe zuen lurrari aplikatutako izenak dira, nahiz eta badirudien, urteek aurrera egin ahala, beraren etxea izendatzeko joera nagusitu zela.
Azken ezaugarri hori erakusten dute Mitxelenak egin zituen sailetatik lehenengokoek. Pertsona baten lanbidearen gainean eraikiak dira. Seroren etxeak dauzkagu, adibidez: Serotegi (Arriaran, Idiazabal, Lierni); Serorategi (Zerain), Apaiztegi (Ezkio), Itzaitegi (Gabiria), Argindegi (Ezkio, Legazpi), Aroztegi (Ormaiztegi), Errerotegi (Zerain).
Pertsonaren izaera erakusten dutenak ere badira; hona batzuk: behartsua izateagatik, Landerregi (Idiazabal, Mutiloa); jaunaren etxea, Jauregi (Arama, Gabiria, Itsaso, Zumarraga, Zerain); korkoxdunarena, Korkostegi (Legazpi); Bizinaitegi (Ezkio).
Izena izenean, jabea adierazteko
Eta, azkenik, sorburuan patronimiko hutsak dituztenak. Ez da erraza horietako askotan izena zein den antzematen, baina ederrak dira lehenagoko joerak ezagutzeko. Antsotegi (Lazkao) eta Antsostegi (Zerain), itxuraz Antsoren bidetik etorritakoak; Berasategi (Zegama), Beraxaren saila edo etxea; Gorrotxategi (Gabiria, Legazpi, Zegama), Gorritxorena; Larmustegi (Idiazabal), Larmutxirena; Gomeztegi (Idiazabal); Lopategi (Idiazabal, Legazpi); Domingotegieta (Urtsuaran); Guriditegi (Legazpi); Ernandotegi (Legazpi); Lazkanotegi dugu, Arin Dorronsorok jasoa (Ataun).
Badaukagu emakumezkoen izenei lotutako bat edo beste ere: Marzelaegi (Idiazabal), Marzelarena; Andramaiztegi (Mutiloa, Olaberria), ‘Mariza andrearena’, itxuraz.
Irudimen pixka bat dutenentzako sorta bat, bukatzeko. Atera daitezke izen polit askoak: Artamalastegi (Mutiloa); Txuluplantegi (Legazpi); Zurrantegi (Legazpi); Txiflategieta (Legazpi)… Eta irudimenik ez dutenentzat, tori beste hauek, izen-abizen eta guzti, garbi uzteko nor zen jabea: Juandiaztegi Legazpin eta Lopelopeztegi Urtsuaranen.