Landareak ikertzen dituzten zientzialariek mundu osoan zehar ia 300.000 landare espezie bizi direla estimatzen dute. Horietatik 60.000 bat espezie zuhaitzak dira, hau da, beraien ernatu berritako zurtoina zura bihurtzen da eta horrela, enbor gogorrak garatzen dituzte lurretik eguzkiaren argia harrapatu nahian jorratzen duten bizitzan zehar.
Imanol Artolak ez zituen eranskailu edo bere bidaietako imanen bildumak egin, berak munduko zuhaitzen egurren bilduma egin zuen eta nolakoa gainera! 1.504 zuhaitzen egurren xaflatxoak bildu ditu eta 173 zuhaitz espezieren enbor puskak ere baditu.
Baina, zer dute ba ezberdin beraien artean? Ez al dira egur puska soilak? Hori pentsatuko duzu agian gaur egun Anduetza parketxean ikusgai dagoen bilduma hau ikusi baino lehen, baina begien aurrean dituzun momentuan konturatuko zara zein ezberdinak izan daitezken egur hauek beraien artean. Egurren forma, elastikotasuna, kolorea, usaina…
Robin Hooden arkua, haginezkoa
Zuhaitz espezie bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta horregatik egurrekin egin nahi ditugun objektuen arabera, bat edo beste aukeratzea oso garrantzitsua izaten da. Robin Hood-ek berak ongi zekien hori eta bere arkua egiteko hagina aukeratu zuen, garai batean Euskal Herrian edonon aurki zitekeen eta gaur egun babestua dagoen egur malgudun zuhaitza.
Eta norbaitek galdetuko balizu jaten den egurrik ba ote den? Jakingo zenuke erantzuten? Zatoz Anduetza parketxera galderaren erantzuna ezagutzera!