Igor Susaeta • Kazetaria
Bizitzaren udazkenean dauden bi pertsonaren arteko elkarrizketa labur bat entzun nuen, lehengoan, telezabortzat har daitekeen saio batean. Pertsonetako batek kariñoz esaten zion besteari ez emateko politikari zentzu gutxiesgarririk, eta interpretatzeko hori modu eraikitzaile batean. Izan ere, dena da politika; baita taberna batean kaina baten eta zurito baten artean aukeratzea ere.
Kontuak kontu, eta baliatuz udal hauteskundeak ia gainean daudela, nik neuk ere politika pixka bat egin nahiko nuke. Orduan, nire ni munizipalista azaleratuz, eskaera batzuk egin nahiko nizkieke bozetara ilusioz aurkeztuko diren alderdi guztiei. Konturatzen naiz, ordea, ez dakidala egingarria edo bideragarria izan daitekeen zer eskatu edo proposatu ezkerretik, Urretxu eta Zumarraga izan daitezen udalerri guztiz bizigarriak. Eta ez naiz fribolizatzen ari.
Ezta ondokoa esaten dudanean ere: egia da Urretxuko eta Zumarragako udalak ados jarri direla kiroldegi bat egiteko Ikastolako futbol eta saskibaloi zelaietan? Edo amestu egin dut? Egia baldin bada, gimnasioak solairu oso baten lekua har dezala, ez baldin bada birena, hauteskunde programak irakurtzeko baino askoz ere interes gehiago dutelako gazteek (eta nerabeek) pisuak jo eta su altxatzen ibiltzeko. Oposizioak prestatzeko gela bat ere atondu, arren, eta gauez ez itxi. Egunak 24 ordu dituela aprobetxatu behar da.
Eta horren guztiaren harira, jakin badakit hauteskunde zerrendak osatzeko sekulako zailtasunak dituztela alderdiek aspalditxotik. Harrigarria ere izan daiteke, munduan leku oso gutxitan hitz egingo baita politikaz hemen baino gehiago; edo, alderdikeriez, behintzat. Baina, oro har, interesa galdu da; bai, behintzat, alderdiekikoa. Lehen, politikaz ez hitz egiteko, esaten zen: «Nik ez dakit politikaz». Egun, ordea, «ez zait interesatzen», edo «denak berdinak dira», edo «zertarako bozkatu» esaten da, eta erne interpretazio horri.