Ainitze Arretxe • Segura
Euskaldunok leialak izan gara gure herriko tradizioekiko. Gogoko dugu kantatzea, kuadrillan eta festa giroan bada, are gehiago. Santa Ageda bezperan urtero errepikatzen den irudi hau, 1990eko otsailaren 4koa da. Baserritar jantziak soinean, makila eskuen artean eta mingainak dantzan, kuadrilla bat ageri da Segurako Kortaberri auzoan, trikitixa soinu eta bertsoz lagundurik.
Itxura batean oroitzapen ederra. Horrela gogoratuko dute askok. Ibilian ibilian, berriz argazkiari so. Aurtengo Santa Ageda bezperako arratsaldeak beste irudi bat marraztu du nire gogoan.
Lehengo garaietan parte-hartzaile ugari baina gehiengoa gizonezkoak. Egun, baliteke emakume gehiago izatea taldean. Hala ere, zer da aldatu dena irudi batetik bestera?
90ko hamarkadan emakumeek presentzia txikiagoa zuten herrietako plazetan. Horren isla da ikusgai duzuena.
Bi hamarkada beranduago, leku askotan, emakume askok titiak moztu zizkioten Siziliako martiriaren istorio krudela bistaratzen dute eta aldarri ozenekin borroka eta festa uztartzen dituzte.
Euskaraz, badira kopla ugari Ageda gazteari eskainiak. Beharbada, gutxik ezagutuko ditugu abesti horiek. Ustekabeko ez denez, historian zehar ezkutuan utzi dituzte hainbat emakumeren ahotsak.
Tradizioari jarraitzea ordea, ez da beti tradizioa errepikatzea. Tradizioaren eta berrikuntzaren arteko tentsioan, euskal ohiturek bestelako irakurketak ere behar dituzte.
Horretan, egungo gazteak askotan jo-puntu bihurtzen ditugu.
Gero eta gutxiago parte-hartzen dutela, tradizioari traizio egiten diotela…
Garai berrietara egokitzea beharrezkoa da. Eraldatu eta ziklo berriak ireki. Izan ere, belaunaldi berriek ez dute erakargarritasunik topatzen tradiziotzat aurkezten zaizkien forma estatikoetan.
Akaso, tradizioa ulertzeko modu hertsi eta okerrak eremu horretan bide berririk urratzerik ez dagoela pentsarazi die belaunaldi gazteei eta horrek egun mantendu nahi diren hainbat ohitura eta tradiziori kalte egin diote.
Uste dut garrantzitsua dela ospatzen dugun tradizio eta ohitura bakoitzaren biziraupenaren inguruan hausnartzea. Bide horretan, noizbait eten den katea berreskuratzen bagabiltza, agian izango da ez dugulako onartu nahi trakets, presaka eta sokorrista trajea jantzita egindako aldaketa azkarrak ez direla behar besteko tradizioari lotutako ikuspegi mistikoa itxuraberritzeko.
Denbora pasa ahala, dena aldatzen da aldatzen ez den oinarri baten gainean. Ez dezagun ahaztu. Garai guztiak izan dira aldaketa-garai.