Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Sofa eta telebista elkarrekin datoz. Sofa egon liteke bakarrik, bere kontura, baina telebistak lagunik gabe geratzeko arriskua du sofarik ez badauka aurrean. Binomio horretan oinarritzen da ETB-2ko Te falta un Teleberri saioa. Ordu laurden inguru irauten du, eta gaueko Teleberriren ondoren ematen dute, eguerdiko Teleberriko albisteen zatiak hartuta. Albiste horiek komentatu behar dituzte etxetik –sofan eserita, noski– bi lagunek, kasuren batean hiruk; egun bakoitzean horrelako lau ekipo aritzen dira.
Telesaioan, sofa kolekzioa askotarikoa gertatzen da, altzari dendako erakusketa baten modukoa. Hiztunak ere askotarikoak dira, adinez eta jatorriz behintzat, guztira zortzi ekipotan banatuta. Beste kontu bat da ekipo horien emaitza. Bistan da parte-hartzaileek jasotako kontsigna dela ‘graziarekin’, modu txistosoan, egin behar dituztela albisteei buruzko iruzkinak. Apustu egingo nuke barre–sarritan behartua– egiten duten bakarrak saioko parte hartzaileak direla, eta ez ikusleak. Umorea genero serioa baita, eta benetan zaila; galdetu, bestela, arlo horretako profesionalei.
Kazetariek eguerdiko albistegirako egindako bideoak zatikatu eta puska horiek jartzen dizkiete iruzkingileei hizpide gisa. Emaitza: topiko kolekzioa, sofa kolekzioarekin paraleloan. Harrituta nago ETBko albistegietako kazetariek nola ametitzen duten beren lana horretarako erabiltzea. Izan ere, albisteak ez dira, printzipioz, umorearen esparrukoak, tentu handiz erabili beharreko materiala baizik, ahalik eta modu argi, zehatz eta egiatienean transmititzeko informazioa. Ahaztu gabe albisteen protagonistei eta informatzaileei zor zaien begirunea. Kazetariak grabazio bat egiten duenean, edo albiste bat taxutzen duenean, horren erabilera, logikaz, albistegira mugatzen da. Konforme al daude albistegietako arduradunak langa hori pasatzearekin? Agian programa horren bidez Teleberriren audientzia datuak borobilduko dituztelakoan? Hori bai, Te falta un Teleberri-koek Teleberrin behar adina jenero aurkitzen ez dutenean, El Conquis edo Akelarre moduko programetara jotzen dute.
Saioaren kredituetan azaltzen denez, Studio Lambert eta All3Media ekoiztetxe britainiarren lizentziapean dago Te falta un Teleberri. Hortaz, programa ez da originala, eta lizentziaren gainkostuak zamatuta dago. Izenak ere badauka bere zera: duela urte batzuk espainolez asko zabaldu zen ‘le quedan dos telediarios’ esaera, politikariren bat kolokan zegoela adierazteko; Te falta un Teleberri-k hura gogorarazten du. Bistan da inspirazioa british-engandik eta espainolengandik datorkiela saioaren egileei.