Zerainen bizi den Nagore Hidalgo Lopezek (Legazpi, 1996 ) ere ez du oso argi automobilismoarekiko zaletasuna nondik iritsi zitzaion. Etxean ez zuten afizio berezirik, nahiz eta txikitan aitarekin joaten zen Gabiria-Legazpi ikustera, «hemen zelako eta kotxeak inguruan ibiltzen zirelako». Osaba Jose Ignazio oso zaletua zen, Jose Mari Lizeaga Arrola pilotuaren kuadrillakoa zelako, eta lehengusu bat ere bai… Kontua da nonbaitetik iritsi zitzaiola zaletasuna, eta herrikoarekin bakarrik konformatzen ez, eta inguruko probak ikusteko gogoarekin hasi zen: Udana, Goierri…
Pixkanaka hasi zen murgiltzen mundu horretan, eta Jokin Madinarekin egin zuen jauzia. Madina Hidalgoren bikotea da, eta elkarrekin hasi zirenerako bazuen kotxea eta lasterketetan parte hartzen zuen. «Inbidia galanta nuen, eta nik ere nahi nuen», baina orduan Madinak bazuen kopilotua, Jon Galparsoro, eta «laguntzaileen taldean egotea tokatzen zitzaidan». Hala ere, izaten zuen aukera lasterketetako kotxean ibiltzeko, kopilotuaren lekuan, zirkuituak aztertzera joaten zirenean, baita oharrak kantatzeko ere. 2017an, 20 urte zituela egin zuen debuta, Kantabrian, estatu mailako rally batean. «Proba amaitu genuen! Ikaragarria izan zen eta oso ondo pasa nuen!».
Hurrengo urteetan ere parte hartu zuen hainbat lasterketatan, eta 2021ean Madinaren kopilotu ofizial bihurtu zen. Bi kopa jokatu zituzten, Saxo Kopa eta Pirelli Kopa. Proba asko izan ziren, batzuk ez zituzten amaitu, «denboraldia ez zen oso ona izan, baina niretzat polita izan zen, lagun mordoa egin genituelako». Orain arte lasterketa askotan parte hartu du eta guztietara jarraitzaile ugari eramaten ditu: «Ama, izeba, anaia, lehengusina, osabak… denak etortzen dira karrera guztiak ikustera». Igandeko Gabiria-Legazpi rally-sprintean, Hidalgoren lehen aldia zen.
Automobilismoa, emakumeek maite duten kirola