Itxaro Mendizabal Amundarain • Itsasondo
Aste honetan bertan, Itsasondon, ‘Harro Hadi’ dinamika aurkeztu dute; dinamika honekin 60ko eta 70eko hamarkadetan Euskal Herrian gertatu zen “nazio susperraldiaren” espiritua jaso eta gaur egunera ekarri nahi dute.
Harro Hadiren jatorria Pantxoa eta Peiok abesten duten kanta da; abestia Telesforo Monzonek sortu zuen Eustakio Mendizabal Benito Txikia (1944-1973) euskaltzalearen omenez, duela ia 50 urte. Hain zuzen ere, apirilaren 19an 50 urte beteko dira poliziak Eustakio Mendizabal Benito Txikia itsasondoarra Algortan (Bizkaia) tiroz hil zuenetik.
[…] Txikia zuen guda izena
bera gizon osoa izan arren.
Mendizabal, Sasetaren hurrena,
biak txiki, bizkor eta lerden. […]
Alde guztietatik begiratuta barruak mugiarazten dizkigun kanta da Txikia. Batzuei modu batera eta, beste batzuei, aldiz, beste batera. Izan ere, duela 50 urteko kontuekin ari gara eta garai hura bizi izan zenutenek ondo dakizue gauzak nolakoak ziren urte haietan.
Memoria historikoa berreskuratzea oso garrantzitsua den honetan, familia barruan ere, oso garrantzitsua da bizitakoaz hitz egin eta belaunaldiz belaunaldi ondorengoei bizitakoaren berri ematea. Batez ere barruan gordetzen diren minez jabetu eta, hurrengo belaunaldien kasuan, min horiek «oinordetzan» jasotzen dituztenean, ulertzeko gaitasuna izan dezaten.
[…] Harro hadi Kantauri itsasoa
ta heien betiko loa
betiko kantazak!
Geroari esaiok olatuetan
herri izarrak ez direla itzaltzen! […]
Txikia ingurukoentzat; Eustakio, osaba, guretzat; anaia, gure aita eta osabentzat; koinatua, gure ama eta izebentzat; aita, bere bi semeentzat; bikotekidea, bere emaztearentzat; eta, batez ere, semea, gure aitona-amonentzat. Gaurko aukeratu dudan argazki hau 80ko hamarkadaren erdian edo ateratakoa da; oso ondo gogoratzen dut egun hura: Eustakio hil zuten lekura egin genuen irteera –nik 7-8 urte izango nituen-, nondik ibili zen ikusi eta bertan atera genien argazki hau aitona Joxe eta amona Arantxari.
[…] Gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten, […]
Osaba ni jaio baino 4 urte lehenago joan bazen ere, beti sentitu izan dut ezagutu genuela eta hori etxean berari buruz asko hitz egin delako izan da. Aitonak beti zuen presente; amak eta aitak beti kontatzen zizkiguten berari buruzko pasarteak. Bere argazkiak, idatziak (Txikia olerkaria baitzen, poeta azkenaldian)… Denak izan ditugu eskura eta horrek asko lagundu digu gertukoa sentitzen. Hemen bere sorkuntzetako bat:
Gora euskera ta erria!
(Doñu zar bati ipiñi nizkion itzak). Lazkau: 1966’ko Urrilla’k 6
Arana-Goirik eriotzaño
maitatu zun Aberria,
eta ain ongi ikasi zigun
Euskera maitagarria,
goraipatuko ditut nik ere,
naiz-eta kendu bizia…!
Euskaldun aske gaitezen, eman
nai nuke naizen guzia,
ta bildur gabe, deadar egin:
Gora Euskaldun-Erria!
Aurten estreinatu duten Irati filmean dioten bezala, «Izena Duena Bada», eta beraz, falta direnei buruz hitz egiten dugun bitartean ez dira ahaztuko.