Helduago zela sartu zen rallyen munduan Maialen Izagirre Urdangarin (Lazkao, 1978). Orain dela sei-zazpi urte hasi zen kopilotu zereginetan, «kasualitatez». Lantegian ezagutu zuen Iñigo Alustiza pilotua, eta haren bitartez suertatu zitzaion aukera. «Beti gustatu izan zait lasterketen mundu hau, eta banekien Iñigo horretan ari zela. Laz-kaoko lasterketa ikustera joan nintzen batean, hantxe elkartu ginen, eta sekulako inbidia ematen zidala esan nion. Iñigok ausartuko ote nintzen galdetu zidan, nik baietz, eta hurrengo karrera nirekin egingo zuela esan zidan». Horrela hasi zen guztia. Denboraldi hartan proba batzuk egin zituzten elkarrekin, baina hurrengoa bere emazte Leire Urbietarekin egin behar zuela esan zion Alustizak. Izagirre ez zen etxean geratu ordea, eta Ruben Zabaletarekin batera autoa erosi eta gero, rallyetan hasi ziren, Zabaleta pilotu eta Izagirre kopilotu. Iaz, Alustizarekin batera ibili zen berriz ere.
Kopilotu izateko prestakuntza behar dela dio lazkaotar honek, eta bere kasuan, Leire Urbietak erakutsi zion «oharrak nola idatzi behar diren, nola interpretatu eta irakurri behar diren, lasterketa egunean zein tonurekin esan behar diren… mundu bat da!». Ibilian ere asko ikasten dela aitortu du, eta pilotuarekin dagoen konfiantza ere ezinbestekoa dela nabarmendu du, baita alderantziz ere, «pilotuak zuk esaten duzuna egin behar duelako».
Kopilotuak esaten duen hori, aurretik pilotuak egindako oharrak dira. «Proba baino egun batzuk lehenago, zirkuitua ezagutzera joaten gara, eta pilotua ibilbideari buruzko notak esaten joaten da, kopilotuak jasotzeko. Lasterketa egunean irakurri egiten dizkio nota horiek kopilotuak pilotuari, eta irakurtzean ondo aukeratu behar du tonua eta abar. Pilotuak jartzen du erritmoa, berak azeleratzen eta frenatzen du, baina gure tonuaren arabera, erritmo hori alda dezakegu».
Kopilotuaren lana aldarrikatzen du Izagirrek ere. Zeregin asko dituztela dio, batez ere antolakuntzarekin zerikusia dutenak: betebehar administratiboak, gurpilen presioa begiratzea, orduak zaintzea… Eta emakumeen geroz eta presentzia handiagoa nabarmendu du. Kopilotuen kopuruak gora egin du nabarmen, baina pilotuenak ez hainbeste. Ekonomia aipatzen du arrazoien artean, pilotuak kotxea erosi behar duelako, eta oso garestia delako.
Sei urte egin ditu guztira Izagirrek, Euskal Herriko eta Kantabriako probak eginez, eta emaitza onak izan ditu, « lehen hamarren artean ibiltzen ginen beti, eta Iñigorekin proba bat irabazi ere egin genuen». Aurten ez da aterako, «beste proiektu batzuk» dituelako, baina ez du baztertzen aurrerago mundu honetara itzultzea, «hau barruan daramazun zerbait da».
Automobilismoa, emakumeek maite duten kirola