Natale Aranburu Fernandez (Lazkao, 2008) pilotaria da eta Emakumeen II.Binakako Txapelketa jokatu du Promozio mailan eta finaleraino iritsi da.
Nolakoa izan da orain arteko zure ibilbidea pilotan?
Nahiko txikia nintzela hasi nintzen pilotan jokatzen, 6-8 urte ingururekin, baina hainbat arazo tarteko utzi egin behar izan nuen. Hala ere, egunero jarraitu nuen herriko frontoian entrenatzen, jo eta su. Urte batzuk beranduago berriro pilotan hasteko hautua hartu nuen eta nahiko burugogor jarri nintzen gainera. Pilotako ibilbidea berrartu nuenean bi urte gazteagokoekin jarri ninduten, baina, ondoren, LAPKE pilota elkarteari esker ibilbide honetan aurrera egiteko aukera izan dut eta pilotari bezala garatzen jarraitzeko aukera.
Emakumeen II. Binakako Txapelketan parte hartu duzu. Nola bizi izan duzu txapelketa hau?
Ondo joan da. Partida guztiak jokatu ditugu jada eta gustura nago egindakoarekin. Hasieran txapelketatik kanpo geratu arren finalerdietan jokatzeko aukera izan nuen, hutsune bat zegoela eta, eta hura irabazi egin genuen. Hau hala izanik, finalerako sailkatu nintzen eta une berezia izan zen hau. Finalean galdu egin genuen, baina harro atera ginen frontoi hartatik, partida on bat egin ondoren.
Pilotan noraino iristea gustatuko litzaizuke? Zein dira zure helburuak?
Oso garbi dut nire helburua eta horretara bidean nabil lanean. Lehen mailan jokatzera iritsi nahi dut, hau da, maila profesionalean jokatzera. Helburu zaila dela badakit, baina saiakera egiteko gogoz nago eta gogor lan egingo dut nire helburua eskuratze aldera, esfortzu bakoitzak bere fruituak ematen baititu.
Pilota askotan gizonezkoekin lotu den kirol bat izan da eta emakumezkoak nahiko ikusezinak izan zarete kirol honetan beti. Nola bizi duzu zuk egoera hau zure emakume izaeratik?
Beti eman dizkit zailtasunak emakumea izateak, izan ere, ez dago horrelako eskaintzarik eta ikusezin samarrak gara arlo honetan, beste zenbait kiroletan bezalaxe. Pilota uztera ere iritsi nintzen eta honek ere bazuen zerikusia. Gainera, gaur egun beste begi batzuk dituela dirudien mundu eta garai honetan oraindik ere komentario desatseginak entzun behar izaten ditugu. Ahultzat hartzen gaituzte zenbaitetan eta urtetan zehar ez dugu gure lekua topatzerik izan, baina gaur egun, klubean gure lekua daukagu eta oso gustura gaude lorpen honekin, nahiz eta oraindik ere lortzeke asko dugun.