Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Gai ez-formalak, ez-serioak landu behar omen ditugu Aliritzian atalean; zer pentsatzen dugun esan eta zer pentsatua eman. Beraz, hemen duzue, hasteko, galdera serioa: barre egiten al dugu?
Umorea, umore sena, aldarte ona, irribarrea, barrea, txistea, txantxa… komedia eta komeriak behar ditugu osasuntsu egoteko. Hori badakigu, baina egunkariak eskutan hartu edota irratia nahiz telebista piztu orduko, miseria, gehiegikeria, zapalkuntza, abusua beste berririk ez dugu jasotzen! Egia da, lehen ere hala izan dela eta gertatzen diren injustizien berri zabaldu egin behar dela, denok jakitun egon gaitezen eta defendatzen ikas dezagun. Baina, berri onak ere eman eta hauspotu beharra daukagu.
Bizitzan, nonahi, 24 ordutan jasaten dugu presioa: izan haur, gazte edota heldu, lanean, etxean, baita ohean ere!, ikastetxean, aisialdian; berez lasaitzeko gune izan beharko luketenak, presioko eltze bihurtuak ditugu. Ez da hala, adibidez, kirolariok?
Geure buruaz barre egitea oso sanoa da. Umore sena ikasi, galdutakoa berreskuratu eta barre egin beharko genuke. Aurpegiko gihar guztiak eta gorputzeko asko mugitzen, dantzatzen ditu irribarreak, gorputz-arimen sendagarri.
Umoreak ertz, aurpegi eta kantoi asko ditu, ordea, eta batentzat irrigarri dena, negargarri izan daiteke beste batentzat.
Asko gustatu zaidan, barre egin eta gozarazi nauen, benetako umorea, ona, sanoa eta sakona dituen antzerki obra ikusteko aholkua emango dizuet: Ez naiz inoiz Dublinen egon. Bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila dabiltzan lau pertsona oholtzan. Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitarte. Idazlea, Markos Goikolea. Zorionak eta eskerrik asko lan-talde guztiari. Gozatu ederra hartu genuen.
Buru osasuna daukagu jokoan, adiskideak. Egin barre lasai. Ez da broma!