Erdi Arotik aurrera, kanpoko eragin handiko elementurik izan bada Goierrin, Done Jakue bidea izan da hori. Erromesen joan-etorriak Europako alde askotako jendea eta ideiak erakarri zituen, Galiziako Santiagora bidean. Ibilbide ugarik zeharkatzen zuten Euskal Herria. Mapa eta bide-lerro bailiran, adbokazio batzuetako ermitek markatzen zuten erromesek jarraitu beharreko bidea.
Ermita edo eliza bide-erakusle horietako nabarmenenak Santiago santuari eskainitakoak ziren. Baina Gerhard Barh hizkuntzalari legazpiar-alemaniarrak Santa Marina ermitak ere Done Jakue bidearekin lotu zituen. Euskal Herrian 38 ermita zerrendatu zituen, eta haiek osatzen duten lerroak bat egiten du Done Jakuerako bideetako batekin.
Marina delakoa Kristo ondorengo 119. urtean jaio zen Baionan (Galizia), Galaezia eta Lusitaniako gobernadore erromatarraren alaba. 19 urterekin, kristau izatea akusatuta, hil egin zuten. Uztailaren 18an ospatzen du Eliza Katolikoak haren omenezko eguna. Bahrren arabera, Santa Marinaren euskal kaperak nabigatzaileen zaindari Venus Marinari eskainitako tenplu zaharrak dira.
Goierriri dagokionez, ipar ekialdetik hego mendebalera zeharkatzen du Done Jakue bidearen adar batek eskualdea, eta Santa Marina ermitei jarraika egin liteke bidea. Albizturko Santutxoko erromesen ospitale ondokotik Ezkioko Santa Marinara, eta handik Gabiriakora –gaur egun Aztirian badago ere, XIX. mende hasieran frantsesek suntsitu arte, Eztandako errekaren sorburutik gertu zegoen jatorrizko Santa Marina–.
Manuel Lekuonak, artzainen trashumantzia bideak aztertu zituenak, horietako batekin lotu zuen Done Jakue bidea: gainez gain zihoana. Ibaien eta mendateen igarobide izan zitezkeen leku askotan zeuden Santa Marina elizak. Goierrin, Murumenditik Mandubiara, Kizkitzara, Ezkioko Santa Marinatik igarota Zumarragako Antiora, eta goiez goi, San Adrianera bideratu zuen.
Laurehun urteko baseliza
Ezkioko herrigunetik goraxeago, hilerriari erantsita dago gaur egun Santa Marina. Zumarraga alderako bide zahar baten alboan zegoen. Ezkioko bizilagunek 1621ean erabaki zuten Santa Marinaren omenez baseliza eraikitzea. Francisco Igartzabal hargin azkoitiarra eta Domingo Saltsamendi arotza kontratatu zituzten. 1624an bukatu zuten.
Hilerri funtzioa 1810ean hartu zuen, gobernuaren aginduz barruan 22 hilobi jarri zituztenean. Tropa frantsesek 1813an suntsitu zuten, baina 1819an berriro ireki zuten. 1919an ermita erdira murriztu, eta hilerria kanpoan jarri zen.