Erle Beltz Hazleen Elkarteak (Erbel) IV. Landaola Saria irabazi du, bertako erle arrazaren hobekuntza genetikoaren alde egiten ari den lanarengatik.
Azken urteetan erlezaintzarekin zerikusia duten mezu eta albiste gehienek desagertze bidean dagoen langintza bat irudikatzen badute ere –barroa, asiar liztorra, klima aldaketa, lehortea…–, ezkortasun hori iraul dezaketen datuak eta proiektuak egon badaude. Mezu hori helarazi nahi izan dute erreportaje honetan Bidatz Sasiain Gipuzkoako Erlezain Elkarteko teknikariak (Tolosa, 1978) eta Erbel Erle Beltz Hazleen Elkarteko Egoitz Galartza koordinatzaile teknikoak (Oiartzun, 1975).
«Ezin dugu beti negatiboan ibili. Hemen baldin bagaude erleak asko aportatzen digulako da, naturarekin erabat harremanean. Alderdi positiboa gehiagotan aipatu behar dugu, bestela zertarako gaude hemen!», nabarmendu du Galartzak. Jendea erlezaintza uzten ari den mezuari honako zehaztapena egin dio Sasiainek: «Lehen askoz ere errazagoa zen dena, orain gero eta zailtasun gehiago dago, baina utzi duten gehienak adinekoak dira. Lehen oso esker oneko aktibitatea zen, erlea zaintzarik gabe bizi zen, orain ez». Erlezain langintzaren aldarrikapena egiten dute biek ala biek, zentzurik zabalenean.
Sasiainek ere «alderdi positibo» horri egin nahi dio aipamena. «Materiala dugu elkartean, formakuntza jasotzen eta eskaintzen saiatzen gara. Eztiola ere hor daukagu. Gipuzkoan dibertsifikazioa da bidea, eztia ez da produktu bakarra, polena hor dago, propolioa…». Eztiak analizatzen ere hasi dira, eta propolioaren eraldaketa sakonago aztertzeko egitasmo ere badute elkartean.
Bertako erlea hobetzeko lanari aitortza
Galartza, berriz, erlezain lanak egiteaz gain, bertako erle beltzaren hobekuntza genetikoaren aldeko lanean murgilduta dabil buru-belarri. Gaur zortzi, gainera, Gipuzkoako landa garapen elkarteak biltzen dituen –tartean Goierriko Goimen– Landaola federazioaren saria jaso zuen Erbel elkarteak Berastegin egin zen IV. Landaola sarien ekitaldian. Erakunde pribatuei dagokion saria jaso zuen. Erakunde publikoarena ere Goierrira etorri zen, Zumarragako Udalak jaso baitzuen Zumarragako azokaren alde egiten ari den lanarengatik.
Erbel elkartea 2017an sortu zuten Euskal Herriko hainbat erlezainek, bertako erle beltz arrazaren (Apis mellifera iberiensis) kontserbazioaren eta hobetzearen alde. Sei dira elkartearen jardunbide nagusiak: errendimendu probak, ebaluaketa genetikoa, erreginen aukeraketa, ernalketa, hobekuntza genetikoaren zabalkundea eta elkarlana. «Gauza pilo bat egin ditugu denbora gutxian, eta guretzat inportantea eta pozgarria izan da errekonozimendua».
Merkatu globalizazioak ekarri duen hibridazioari aurre egitea da, besteak beste, lan honen guztiaren helburua: «Kanpoko beste erle azpiespezieekin hibridatzen ari da erle beltza, eta geroz eta zailagoa da bertakoa mantentzea. Ipar Euskal Herrian galdutzat eman daiteke honezkero, Bizkaian eta Nafarroan nahiko hedatua dago hibridazioa, Gipuzkoan Lapurdirekin batez ere, eta Araban orain hiru-lau urte detektatu zen lehen aldiz». Erle beltzak ilunak dira, eta hibridoek horia dute gorputzaren erdia.
Estalketa estazioa Ataunen
Egoera ikusita, teorizazio lana egin zuten aurrena. Erreginak estaltzera ateratzen direnean mendian behera eta argi gehien dagoen tokira joaten direla jakitu ziren Erbeleko kideak, eta Ataungo bailara egokia izan zitekeela ikusi zuten. «2019an hasi ginen erreginak aldatzen eta sartzen, hango erlezainekin egon eta gero. 2020an eta 2021ean egin ditugu analisi genetikoak, laginak hartu ditugu. Erregina horiek erlamandoekin estaltzen dira, eta bizi guztirako gordetzen dute esperma barruan».
2020ko emaitzekin ikusi zuten estalketen %53an aita ezaguna zela, eta gutxi gorabehera estalketa hori non gertatu zen jakin bazekitenez, erlategi berri bat jarriz indartu zuten ingurua. «Hurrengo urtean, %75era igo zen. Kontrol maila nahiko handia da, balidatu dugu sistema horrek funtzionatzen duela EHUren bitartez, eta horrela daukagu antolatuta».
Erbeleko bazkide guztiak ez dira erregin hazleak. Hiru kideri enkargatzen diote erreginak hazteko. «Hiruren artean 360 erregina atera dituzte, eta elkarteko 45 kideen artean banatzen ditugu. Horiek beraien erlategietara eramango dituzte. Han testatu egingo dituzte, datuak jaso, eta gero guri ematen dizkigute. Aztertu ondoren, interesatzen zaizkigun erreginak aukeratu egiten ditugu. Gure erreginen erdiak Ataunen estaltzen dira».
Kanpokoetatik babesteko legea
Orain inguru hori babesteko lanean ari dira Erbelekoak, haien lan egiteko era hori mantentzeko. «Nahi duguna da Euskal Herri guztia babestea kanpoko arrazetatik, lege bat jartzea ez baimentzeko kanpoko arrazen erabilera gure eremuan». Administrazio ezberdinak daudela eta denekin harreman ezberdina dutela dio Galartzak, eta horregatik, lehen urrats modura, Gipuzkoako Foru Aldundira jo dute Ataungo eremua eta Gipuzkoako lurralde guztia babesteko eskatuz.
500
Bazkide Gipuzkoako Erlezain Elkartean. 400 daude Gipuzkoan zentsatuta; besteak gainontzeko euskal lurraldeetakoak dira.
45
Bazkide Erbel elkartean. Euskal Herriko herrialde guztietako 45 erlezainek osatzen dute Erle Beltz Hazleen elkartea.