Gaur ere berandu atera da lantokitik, eta bazkaria askariaren garaian irentsi du, hainbeste orduz pilatutako gosearen antsiaz. Ontziak harraskan utzi eta balkoira atera da, eguneko hamaikagarren zigarroa erretzera. Kokoteraino daukan lankideari lepo-zintzurretik heldu eta gogotik estutzeko zorian egon da ordu pare bat lehenago, Homer Simpsonek Bart semearekin behin baino gehiagotan egin bezala.
Erosketak egitera ere joan beharko du aurki, biharamunean zerealak edo esnea ez den zerbait bazkaldu nahi badu behintzat. Asteko otorduak antolatzea biziki maite zuen lehen, bikotekidearen edo semearen gustuko jakiak prestatu eta haien gozamena antzematea jaten ari zirela. Nekez izaten da sentipen bera pertsona bakarrarentzat, norberarentzat, arituta.
Ingeleseko eskolan izango da orain Telmo, azken asteetan irakatsi dion Queen eta David Bowieren Under pressure abestiaren letraren hutsuneak betetzen. Hainbeste aldiz entzun dute, hainbeste aldiz kantatu, ezen ez duen bat bera ere huts egingo. Egiari zor, semeak irakasleari entzumena lantzeko egin ohi duten kantu-ariketarako abesti hori proposatu izanak kabitu ezinik utzi du aita, Telmok jarduera horrekin aurrerapen handirik ez duela egingo jakin arren. Hala ere, badaki semea puztu-puztu eginda aterako dela eskolatik, ikaskideek lehen aldiz entzungo dutelako ziur asko, eta berak, berriz, bere musika ezagutzaren eta ariketa ondo egin izanaren harrotasuna sentituko duelako. Eta badaki ez dituela halako une asko izaten.
Etxe ondoko parkera zalapartaka iritsi den haur-talde batek atera du bere baitatik. Aztoratuta dabiltza, parkean jarri berri dituzten tramankulu berriak probatu nahian. Bakar batzuk zabu zabal-biribilaren inguruan bildu dira, kulunka dabilena jaitsi eta hurrengoa izateko nahiari ozta-ozta eutsita. Gehienak, aldiz, saltoka ari dira, ohe-elastiko txikietan gora eta behera, gorputza malguki bilakatuta.
Euren paretik ari dira igarotzen adineko bi emakume, taka-takarekin. Gelditu eta haurrei begira geratu dira. Ez daki zer izango ote duten buruan; ume zireneko gomutak ote, halako haurtzarorik bizi ez izanaren samina, gorputz haien mugimendu askearen inbidia…?
Aurrera jarraitu dute andreek, tirriki-tarraka. Telmo besoetan zein sehaskan kulunkatzen aritutako uneak ditu orain gogoan, eta baita haren lehen pausoak ere. Zahartzaroan bakarrik ez, jaio garenetik kulunkan gabiltzala sentitzen du, baita gaztaro eta helduaroan ere, zuzen eta mugiezin itxurak egiten tematu arren. Eta zaila da orekari eustea, makulurik ez dagoenean.