‘Made in Goierri’ hitzaldi zikloaren barruan, Euskaber arrautza kooperatibak parte hartuko du, landa eremuko proiektu gisa, martxoaren 24an.
Made in Goierri hitzaldi zikloaren barruan, Euskaber arrautza kooperatibaren lana ezagutzeko aukera izango da hilaren 24an, Igartza jauregian, 19:00etatik aurrera. Ziklo hau Lemniskata zientzia sare herrikoiak antolatzen du, eta aurten, landa garapena sustatzen duten proiektuei ere leku eman diete. Irakurle askorentzat jada ezaguna izango da Euskaber. Karmele Pikabea Etxabe Euskaberreko kudeatzaileak azaldu duenez, «gaur-gaurkoz, Euskal Herri osoko 400 salmenta puntutan gaude». Saltokietako apaletan aurki daitezkeen beste arrautza marka batzuren ondoan baina «badago alde nabarmena», eta hori da, «Euskaber delako hainbat balioren emaitza».
Hain zuzen ere, belaunaldiz belaunaldi transmitituriko ezagutzari esker, lehen mailako produktuak lortu ahal izan dira Euskal Herrian bertan. Mimoz zainduriko ekoizpen txikiei, oso modu kontzientean lan egiteko moduari, etengabeko hobekuntzari, eta ingurumenarekin baita animaliekin errespetuan jarduteari esker lortutako emaitza da Euskaber. «Askatasunean bizi diren oiloak hazten eta zaintzen dituzten baserritar talde bat da Euskaber, eta kontsumitzaileari arrautza onenak eskaintzeko helburuarekin sortu zen».
Elkarlanetik abiatuta, horrela jarduten dute gaur egun ere, «prozesuaren hasieratik amaierara, kudeaketa, sailkapena, ontziratzea eta merkaturatzea barne». Euskaberreko kudeatzaileak borobildu duenez, «gizarte proiektu bat da». Hortik lortzen da, «Euskaber arrautza, primerako elikagaia, kalitate handikoa eta osasunerako onuragarria den produktua».
Elikadura burujabetza
Produktu hauek, Euskal Herriko lur eta paisaiaren, jakintzaren eta egitearen fruitu dira, era berean, hauek gaurkotzen eta mantentzen laguntzen dute, ingurua zaintzen eta errespetuz lantzen, baina gainera, bertako produktuak ekoiztu eta kontsumitzeak, gure elikaduraren jabe egiten gaitu. «Landa eremuak, baserriak, paisaia eta ingurua mantentzen eta garatzen laguntzen dute, bertako nekazaritza, elikadura eta ekonomia jasangarriagoa egiten du», azpimarra egin du Pikabeak. Beraz, «bertako eta kalitatezko produktuak elikatzen lagundu eta gure ahoa gozatzeaz gain, gure herriaren ondare ere bada». Produktu hauek ekoizten eta kontsumitzen jarraitzea ondare hau gorde eta jarraipena ematea da, beraz.
Bizimodu duina
Proiektu honen sortzaileek ikusi zuten ere bide bat, landa garapena sustatzeko; izan ere, Euskaberren helburua da, «baserritarrei bizimodu duin bat ematea, baserrian eta baserritik bizirauteko forma bat bilatu nahian». Hortaz harago, Euskaberreko egoitza nagusian, Zaldibian lan egiten duten «32 langileen lan baldintzak ere kontutan ditugu».
Ideia horrekin hasi, eta segituan ikusi zuten, merkatuak ere gustura hartu zituela; «azken batean, produktu desberdin bat da, atzean historia desberdin bat duena». Momentu horretan, «ez dut uste berbalizatzen zenik, oiloak libre eta animalien ongizatea, nahiz eta kontzeptu horiek, bazeuden kontsumitzailearen idearioan», adierazi du Pikabeak. Euskal kontsumitzailea kontsumitzaile zorrotza dela diote hainbat ikerketek, eta geroz eta gehiago dira, kalitateari, produkzio ereduari eta jatorriari so egiten diotenak.
Pikabeak berak deskribatu duen moduan, «produktuak berak ere ez dauka zer ikusirik merkatuan aurki litezkeen beste batzuekin; Euskaberreko arrautza bat jan edo kaiolakoa jan, ez du zer ikusirik, eta kontsumitzaileak ere konturatzen dira horrekin».
40 familia
Helburu bezala, Euskaberren erabaki guztiak oso koherenteak dira. Une honetan, produkzio gastuek nabarmen egin dute gora. Euskaberrek eusten duen filosofiari esker, «baserritarrek ez dute jasaten produkzio gastuaren gorakada; produzitzen duten arrautza dozenaren irabazia beti berdina izatea bermatuta dago», azaldu du Pikabeak.
Hiru urtez Euskaberren bertan kontsultora bezala lan egin du Pikabeak, eta bertan dagoenetik, arreta gehien deitu diona da «jende gazte pila bat hasi dela gurekin lanean, izugarrizko lanpostuak utzita eta beste bizitza modu baten bila, kontziliazioan pentsatuz, hiritik kanpoko bizimodu baten bila, landa eremuan bizitzeko beste aukera bat eskaintzen baitu honek».
Proiektua abiatu zenean, «lau baserri ziren, eta gaur egun, Euskal Herri osoko 40 baserri daude, filosofia honetara batu direnak». Guztiak dira, «ekoizpen oso-oso txikiak, 3.000 oilo dituztenak eta ekologikoan lan egiten dutenak». Kontutan izan behar da, produkzio handietan egon daitezkeela «200.000 oilotik gora, 800.000 oilo dituztenak ere badaude».
Kanpoan aske hazitako oiloen arrautzak egunero bildu eta astean bitan edo hirutan garraiolariek jasotzen dituzte. Zaldibiara eraman eta bertan sailkatu, ontziratu eta salmentara ateratzen dira.
Kontzienteki lan egiteko filosofiari eusten diote Euskaberren, eta hori da etorkizuneko helburua ere, eremu motzekoa; Euskal Herriko baserriak eta Euskal Herriko bezeroak.
Euskaberrek, ETE onenaren saria jaso du
Euskaber kooperatiba gipuzkoarrak Espainiako ETE onenaren Carrefour saria jaso zuen irailaren 20an, Carrefourrek Madrilen antolatutako tokiko ekoizleen jardunaldiaren barruan. Lehenik eta behin, kontsumitzaileen botazioaren bidez aukeratzen den saria da. Kontsumitzaileek aukeratzen dute beren erkidegoko ETE onena, eta, ondoren, erkidego bakoitzean hautatutako ETEek bozkatzen dute estatu mailako ekimenik onena.
Euskaberren ustez, aitorpen bikoitza da hori: kontsumitzaileena eta sektorearena berarena. Esteban Atxa Euskaberreko presidenteak, esker oneko hitzaldian, nekazari, abeltzain eta arrantzale guztiei eskaini zien saria, eta azpimarratu zuen sari horrek hamabost urtez landa garapenaren alde egindako lana aitortzea dakarrela, eta, horri esker, baserritik bizi diren 43 baserritar berri sartu direla sektorean.