Ba al zenekien 1900. urte inguruan Zeraingo eta Mutiloako herriak lotzen zituen minerala garraiatzeko sistema bakarra airetiko kablea zela? Hiru kilometroko luzera zuen eta meatzeen ustiaketa ingelesen esku zegoen garaian berauek eraiki zuten.
Erauzitako burdin-minerala labeetan kiskali eta Mutiloako Barnaolaraino garraiatzen zuten, ondoren meatze trenean kargatu eta Ormaiztegira eraman ahal izateko. Egunean 400 tona garraiatzeko ahalmena zuen.
XX. mendeko hirugarren hamarkada amaieran, burdin-mineralaren ustiaketan alemaniarrak ibili ziren eta berauek Ormaiztegiko tren geltokira zuzenean heltzen zen beste airetiko kable berri bat eraiki zuten. Ingelesena baino luzeagoa zen; 4,5 kilometro zituen eta egunean 150 tona garraiatzea erdiesten zuen.
Kable sistema honek Zeraingo meatze guneko 150 metroko kota-aldea eta %27,50eko gehieneko malda saihesten zuten. Horrez gain, joan etorriko bidaiak baliatzen zituzten ikatz minerala ekartzeko; hots, baldeak ez ziren hutsik itzultzen.
Ormaiztegitik Norteko Trenean (Madrid-Irun) garraiatzen zuten minerala Europako hainbat burdingintza enpresetara. Hauetara minerala iristeko Pasaiako edo Hendaiako portuetara eramaten zen, bertatik itsasontziz garraiatzeko.
Airetiko sistema honek erabat bizkortzen zuen garraioa eta gauzak asko errazten zituen; bidez egin beharko bazen emaitza oso bestelakoa izango bait zen, errepideak ez zeuden-eta behar bezala prestatuta.