Seguraren bestelako ikuspegi bat ezagutzeko aukera ematen du Azpillagako birak. Urtsuarango galtzada zati bat igota irits daiteke udalerriaren goenean dauden baserrietara. Madurako bidegorritik itzulia eginez luza daiteke ibilbidea.
Herritarren artean oso ezaguna den ibilbidea da Azpillagakoa (Azpilla segurarrentzat). Ehun metroko pasako igoera bat eginda, udalerriaren eta inguruko parajeen bestelako ikuspegi bat eskaintzen du. Pauso arinean eta etenik gabe eginez gero, ordubetean osa daiteke itzulia, baina badu luzatzeko aukerarik Madura aldera jaitsiz gero. Santa Barbara (675 metro), Unamendi (723 metro) edota Marinamendi –Mañemendi herri hizkeran– (783 metro) mendietara jo gabe, Azpillagako goragunea (327 metro) eta udalerriaren punturik baxuenetakoa (214 metro) lotu daitezke, Segurako kasko historikoa itzulinguratuz.
Mojen komentu ondoko aparkalekuan (260 metro) dago zain Iñaki Ugalde mendizale beteranoa, Ibiltari honetako gidaria. Goiko Arrabal aldetik Laiotz adierazten duen seinaleari jarraituz, hamar minutuan iristen da ibilbideko lehen interesgunera. Iturriberri errekaren gaineko zubia pasa eta berehala, ezkerrera eskailera batzuk jaitsiz, errekaren izen bereko iturria dago. Iturriberri sufredun ura duen antzinako iturria da, eta azaleko gaixotasunentzat ona den hura isurtzen duela esaten da. «Jendeak badu fedea iturri honetan», adierazi du Ugaldek. 2001. urtean berrituta dago ingurua, harlauza berriak ipinita. Atzera eskailerak igo, eta bi aukera daude gora egiteko: baserri bideari segi edo galtzadan gora egin.
Urtsuarango galtzadan gora
Garai batean San Adrian aldera joateko erabiltzen zen Urtsuarango galtzadari jarraitzea erabakita (260 metro), hamar minutuko igoera samurra dator aurretik historia handiko harriak oinpean hartuta. «Zati hauxe da berreskuratuta dagoen bakarra». Galtzada txukun dago, San Jose loreak bazterretan. Hori bai, igotzeko hobe jaisteko baino, beherakoan irrist egiteko aukera baitago. Galtzada bukatuta, baserri bidera atera beharra dago berriz, eta han 8 zenbakidun ikur bat, Segura, bizi iturri naturala ibilbidearen adierazgarri (325 metro). Beste pare bat minutuan gora egin, eta Egileor, San Bizente eta Oriamuño baserrietara joateko bidegurutzearekin egiten da topo (330 metro).
Ibilbidea luzatu eta Idiazabalgo mugaraino joateko aitzakiarekin, bidegurutze hori ezkerretara utzi, eta eskubira jo du gidariak. Ordu laurdeneko joan-etorri bat da, bi udalerriekin muga egiten duen erreka-ziztorrera iritsi arte. «Baserri bide horri segiz, eta eskubitara eginez, Urtsuarangako galtzada aurkituko genuke», zehaztu du gidariak.
Azpillagako dorrea
Lehen berrogei minutuak osatuta, Egileortik Azpillagaranzko baserri bidean doaz oinezkoak, ordekan eta eroso. Eguraldiak ez du altxatu, eta pena, gain horrek erakusten duen ikusmira ederra behar baitu izan. Egileortik hamar minutuan iristen da Azpillagako gainera. Aldapatxoa igo aurretik, eskubitara sumatuko du Ibiltariak Azpillagako dorrea non egon zen adierazten duen oroigarri-plaka, eta zelaian gora eginda nafar banderaren metalezko xafla. Erraztiolatza Museoko Rafa Berasategik jarri zituen ikur horiek iazko abuztuaren 23an. Aldizkari honek argitaratutako Azpillako dorrea artikuluan jasoa dagoenez, 1789ko abuztuaren 23an harria ateratzen hasi ziren eremu horretan, eta 4.800 metro kubo harri atera zirela diote agiriek.
Eraikin historikoaren aztarnak erabat galduak daude. Dorrea eta bera zegoen haitz tontorra 1410ean saldu zituzten, urrezko 60 koroaren truke. Dorrea desegin, eta Seguraren harresiak eraikitzeko eraman zituzten hango harriak. Horretarako ez ezik, Seguratik abiatzen diren errepide guztiak egiteko ere erabili zuten hango materiala. Berasategiren iritziz, Nafarroako erresumarena zatekeen dorre hori. Gaztelak bota izana da adierazle bat, behin lurralde hori menperatu zuenean.
Atzera bidearekin bat egin, eta Segurako hiribilduaren ikuspegi ez hain ezaguna parez pare, Aizkoetako gainetik begiratuta. Ezkerretara, Aizkorriko gailurreriko mendiak, aurrean Igartuamuño, Otaño, Aizpuru, Aizaleku… Begiratoki aparta benetan. Eta gertu, Aizkoeta-goena baserria, Joxe Insausti bertsolariaren jaiotetxe eta bizileku. Ordubeteko bidea egina.
Maduratik barrena itzulera
Baserri hori pasatua, 10 zenbakidun seinale bat ageri da –zuzenean herrira, bolalekura–, baina eskubiko bideari jarraitu behar zaio Aizkoeta industrialderantz. Behera eginez, hilerriko bidea hartu, eta Segurako herri sarrerara iristen da. Herrirantz egin daiteke, edo bidea gurutzatu, eta Madurako bidegorria hartu, 1,2 kilometroko pasealekua. Horixe Ibiltari honetako hautua. Bidez bestalde eskubitara, Ondarre nekazalturismo etxea, ezkerrera hiribildua.
Bidegorri zati horretan asko dira oinezkoak aurkituko dituen informazio panelak. Bide erdian Zubi-Haundi Oria ibaiaren gainean, Zeraingo Portalera igotzeko pasabidea. Aurrerago baita iturri eta aulkiz hornitutako atsedengune bat ere. Kaskorako itzulera Armaola Burdinoleko zubitik egitea aukera aproposa da. Baratze pilotaleku ondoko eskaileretatik oinezko bidea hartu, eta pare bat minutuan ibilbidearen abiapuntura iristen da.
Kontuan hartzeko
- Biderako iturriak. Ibilbidearen hasierako Iturriberri (arrautz-ustel usainduna) eta Madurako bidegorrian dagoen iturria dira bideko bi iturriak. Ibilaldia ez da oso luzea, eta herria beti dago gertu edozein beharrizanetarako.
- Burdinolak eta errotak. Seguran hamar burdinola dituzte katalogatuta. Ibilbide honen amaiera aldera Armaola burdinola dago. Lehenengo erreferentzia 1552koa da, eta 1983 utzi zion ehotzeari. Arantxa Eguren eta Jose Zubizarreta izan ziren Armaolako azken errotariak.
- ‘Hariz hari, sorgindu hadi!’ Bestelako ibilbide turistiko-pedagogiko bat egiteko aukera ere ematen du Segurak. Bederatzi gune izendatuta, emakumezkoentzat erreferente izan diren txokoak lotuz sortu zuen udalak Hariz hari, sorgindu hadi! ibilbidea 2020an.
- Hiribildua ezagutu. Segura goenetik eta barrenetik zeharkatu ondoren, herriko kaleetan itzulia egin eta haren bereizgarri diren armarriak, eraikinak eta jauregiak ezagutzeko baliatu daiteke irteera.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Ordu bat eta 45 minutu
- Luzera: 6.5 km
- Desnibela goraka: 170 metro
- Desnibela beheraka: 165 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza