Aitor Calvillo • Ordizia
Erroskillak, erroskillak… munduko hoberenak, xuri-xuriak eta borobilak, erdian zulotxoa dutenak, erroskillak, erroskillak!». Honela oihukatzen genuen ahots-gora Argi Berriko bazkide boluntarioek besteak beste, argazkia lekuko, Ikastolen aldeko jaialdietan. 1998ko Herri Urrats, Senpereko aintzira lekuko, eztarria urratuta beti, eguzkitarako krema etxean ahaztuta eta azala erabat gorrituta…
Boluntario egiten genituen lan horiek guztiak, txikitatik gurasoek erakutsi ziguten antzera. Ikastolen alde, euskaraz argitaratzen duten egunkarien alde, Korrikaren alde, bertso munduaren alde… denerako beti pronto! Baina ez al zaizue iruditzen hau guztia aldatzen ari dela? Iragarki-taulan zerrenda ipini eta beti-betikoak direla? Edota zerrenda gero eta laburragoa dela? Edota honelako boluntario lanei muzin egiten hasita gaudela? Are okerragoa, boluntario aritu nahi eta segurtasunaren izenean oztopoak besterik ez Administrazioaren aldetik.
Txirrindularitza proba andana antolatu izan da gure inguruan. Nola ez, boluntario lanetan aritutako herritar asko tarteko. Gaztetatik ikasitakoak gara «kruzeak» egiten, anoa postuetan egoten, bazkariak zerbitzatzen, «pasillero» lanak egiten, moto «enlazeak», eta orain zer eta aseguru etxeren batekin kontratua sinatu behar dugula, ez dakit nork asmatutako ikastaroren bat egina izan behar dugula (ordainduta, noski!) eta horrelako hamaika. Zer pentsatua ematen dit honek guztiak, niri behintzat bai!
Auzolana
Auzolana txikitatik ikasitako kontzeptua dugu Euskal Herriko txoko askotan behintzat bai. Baina gizartearen isla gara gizakiok eta ez dakit ba norbait horrelako terminoei muzin egin eta ongizatearen (eta poltsikoak ongi betetzearen) izenean bidea beste nonbaiterantz marrazten ari ez ote den.
Eta gu, gure astoari arre eginez! Horrelako argazkien oroitzapenean geratu behar al da dena? Joaten ginen, egiten genuen, aritzen ginen, zein ondo pasatzen genuen, nahiz eta egia esan hau ere beti ez den aitorturiko lan bat izan. Dena kontratatu, azpi-kontratatu, azpi-azpi-azpi kontratatu… politikaren menpe egin nahi al dugu aurrera?
Hausnarketarako galdera
Nik zinez, erakutsi digutenaren haritik tiraka, Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Korrika, Berria, Argia, Bertsolari Txapelketa… honelakoetan guztietan boluntario aritzeko pronto izango naizela esan dezaket. Baina zein preziotan? Inor halako batean jabetuko ote da boluntario eta auzolana gure izaerarekin batera doala?
Norbere hausnarketarako galdera hortxe!