Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Albokoa. Albokoa bezalako espezierik ez da munduan. Zintzoa, fidela, entzule ona, eskuzabala, bidelaguna, ausarta… guzti hori eta askoz gehiago da albokoa niretzat. Albokoa poztu egiten da esku artean zenuen proiektuak argia ikusten duenean, baina zure sufrimendua ere pairatzen du, bihotza urratzen dizuten momentuan. Zeinen garrantzitsua den bizitza krudel honetan albokoa edo albokoak izatea inguruan. Eta zeinen zaila den bestalde, albokoa zu izatea.
Ziurrenik zuk ere bi alderdiak ezagutuko dituzu. Seguru nago izango duzula albokorik zuk ere, eta aldi berean badakit zu zeu bazarela jada beste norbaiten albokoa. Eta ez. Albokoa izateko ez da zertan alboan izan behar. Urrutien bizi direnak edota urtetan aurrez aurre ikusi ez ditugunak ere izaten baitira maiz albokoak. Honek ez du zerikusirik distantziarekin ez eta denborarekin ere.
Baina berriro diot: oso zaila da albokoa izatea. Gauzak ondo daudenean agian eramangarriagoa da. Baina gauzak okertzen hasten diren momentuan ez da erraza albokoaren papera. Oso gogorra da askotan arazo bat duen pertsonaren albokoa izatea.
Inork ez digu erakutsi gure gertuko horrek minbizia duela jakiten duen momentuan zer esan. Edota Esklerosi Anizkoitza edo Mugako Nortasunaren Nahasmendua duela esaten dizun lagunarekin nola jokatu. Nola asmatu; nola lagundu; nola lasaitu; nola malkoa disimulatu. Baina hala ere, albokoak kontsulta guztietara lagunduko du behar izanez gero, fisikoki ez bada ere. Oso zaila da zure semeak seropositiboa dela esaten dizun momentuan hitz egokiak topatzea. Oso zaila, norbait galdu berri duenari heltzea. Oso zaila da gertuko horri min egin diotela jakitean negarrari eustea. Eta are zailagoa, egin dioten min hori merezitako mina izan dela pentsatzen duzunean ere ez aldentzea. Oso zaila.
Baina albokoak egiten du guzti hori. Ahal duen moduan. Baina egiten du. Eta beti asmatuko ez duen arren, beti egiten du. Horregatik da albokoa. Eta horregatik miresten dut hainbeste espezie hau.
Eskerrik asko albokoa izateagatik.