Goiekik, eskualdeko udalek eta merkataritza elkarteek Bidari taldea aurkeztu dute, Goierriko negozio txikien beharrei erantzun bat emateko bailaran sortu den elkarlanerako mahaia. Ekintza plana ere martxan du.
Berrabiarazi proiektu eta diagnostikoetatik sortutako lantaldea da Bidari. Diagnostiko horietan merkataritza eta negozio txikiak ordezkatzeko lantalde bat sortzea beharrezko ikusi zen, eskualdeko beharrei erantzun bat emateko. Goieki garapen agentziak, eskualdeko udalek eta merkataritza elkarteek sortu dute Bidari lantaldea elkarlanean, udalek Berrabiarazi proiektuaren bidez egindako ekarpen ekonomikoari esker.
Joan den asteartean Goiekiren Negozio Berrien Fabrikan egin zuten aurkezpenean adierazi zutenez, helburu nagusi bat du Bidarik: eskualdeko negozio txikiak indartzea eta horien beharrei eskualde ikuspegitik irtenbidea ematea. Dagoeneko osatuta dauka alor desberdinak jorratuko dituen 2023rako ekintza plana, eta martxan da jada.
Taldeak 2021ean ekin zion jardunari. Goiekik, Berrabiarazi proiektuaren barruan, azken bost urteetan sortutako negozioei diagnosiak egin zizkien Ekintzailetza arlotik, eta handik ateratako ondorioei irtenbidea emateko bidean, formakuntza plan zabal batekin ekin zion bideari. Gerora, 2022. urtean, IeTeam aholkularitza taldearen laguntzarekin, udal eta merkataritza elkarteetako ordezkariekin batera, pausu bat gehiago eman eta beste alor batzuetako ekintzak lantzen hasi zen.
Merkataritza Mahaitik eratorria
Udaletako eta eskualdeko merkataritza elkarteetako ordezkariekin eratutako Merkataritza Mahaia dago Bidariren sorburuan. Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko eta Idiazabalgo udalek, Bareak, Ordizian, LazkaOn eta Izal Bizia merkataritza elkarteek, Goiekik eta Goierriko merkataritza teknikariak osatzen dute lantaldea. Taldearen kontsolidazio eta eraketan murgilduta, Merkataritza Mahaiari «izen eta irudi berri bat» emateko beharra ikusi zuten, merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta ekoizleen sektoreak bateratu eta ordezkatuko zituena. Izen eta irudi berriaren lanketa horren emaitza izan zen Bidari. «Taldearen izen eta irudiak lau sektoreak irudikatzen ditu, baita horien arteko lotura eta elkartasuna ere». Lema bat ere badu: Goierriko negozio txikiak elkarrekin. «Lankidetzak onurak dakartza denontzat», nabarmendu dute.
Lantaldea irekia da
Sei helburu nagusi eta 2023rako lau puntuko ekintza plana du esku artean Bidarik –ikus 5. orriko taula–. «Taldetik ateratzen diren ekintza eta ekimen berriak sektoreko ordezkariekin kontrastatuko dira, hau da, kontraste talde bat osatuko da. Bidari taldearen ekintzak eta planak osatzeko informazio iturria izatea da helburu nagusia, egindako ekintzen balorazioak eta iritzia jasotzeko, eta etorkizunari begira informazioa biltzeko».
Kontraste taldearekin bi saio egingo dituzte urtero: aurrenekoa maiatz-ekainean, eta bigarrena urri-azaroan. Saio horiek bi ordu iraungo dute gehienez, eta Goiekiren egoitzan egingo dira. «Saio horietan ordura arte egindako ekintzak aztertuko dira, eta aurrera begira landu nahi diren gaiak jasoko dira». Kontraste taldeko parte hartzaileak sektore ezberdinetako negozioetako ordezkariak izango dira, eta deialdiak irekiak. «Oraingoz mahaia udal eta eragile horiek osatzen badute ere, Goierriko beste herrietakoek parte har dezakete. Lantaldea irekia da».
Sentiberatze kanpaina hastear
Behin Bidari mahaia aurkeztuta, Egun on! komunikazio eta sentiberatze kanpaina izango da martxan jarriko duten lehen ekintza. Euskarri desberdinak erabiliko dituzte, baina nagusia bideoa izango da. «Bi bertsio izango ditu. Luzea webguneen, tokiko hedabideen eta Youtuberen bidez zabalduko da, eta laburra sare sozialen bidez». Datozen asteetan izango da hori.
Bideoaren grabaketan parte hartzea irekia izan da, otsailean egin zen deialdi baten bidez. Eskualdeko sektore desberdinetako ordezkariak azalduko dira, eta horien «irribarre eta ongi etorri mezuen» bidez, bertako komertzio eta zerbitzuek eskaintzen duten «gertutasuna, alaitasuna eta itxaropen kutsua» irudikatzen ditu. «Herritarrei negozio txikia babesteko mezua emango zaie».
Lau udal ordezkariren hitzak
Goieki garapen agentziako kideekin batera, Beasain, Idiazabal, Lazkao eta Ordiziako udal ordezkariek eta teknikariek, eta merkataritza elkarteek osatzen dute Bidari lantaldea. Maitane Alvarez Ordiziako zinegotziak gogoratu duenez, «Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea» da Bidariren lehen helburua, bertako kontsumoa bultzatuz. «Bertako kontsumoa esaten dugunean adierazten ari gara Goierrin bertan kontsumitzea kontsumitzen duguna. Badaudelako aukerak, ia denetik daukagu Goierrin». Izan ere, hautu hori, jasangarritasuna bermatze aldera pauso polita izan daitekeela uste du, «CO2 inpaktua gutxituko dugulako».
Era berean, Beasaingo Udaleko Elena Ruiz zinegotziaren esanetan, eskualdeko merkataritza mahaiaren beste helburuetako bat, «eskualdeko negozio ezberdinen arteko ezagutza eta elkarlana» sustatzea da, «herriak eta negozioak bizirik» mantendu ahal izateko. Bidari egitasmo berriarekin «bailara garrantzitsu bat egingo dugula» uste du Ruizek.
Garai eta ohitura berrietara egokitzea derrigorrezkoa dute negozio txikiek Iñaki Estensoro Lazkaoko zinegotziaren esanetan. «Sektoreko negozio txikien berrikuntza eta lehiakortasuna» sustatze horretan, bidelagun izango dute Bidari. «Negozio txikiek eskaintza eguneratua izan behar dute, egungo beharrizanetara egokitua. Horretarako berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeak ezinbesteko garrantzia dauka. Beharrak antzeman, ekintza planak sustatu eta formakuntza lanetan bultzada emango du Bidarik».
Hori guztia, jakina, eskualdeko estrategia bati lotuta. «Azken finean, Goierrin urteetako ibilbide luzea daukagu herrien arteko elkarlana sustatzen. Elkarlan horren ondorioz eskualde indartsu bat daukagu, sektore industrial sendo batekin. Bidariren espirituak ere antzerakoa izan beharko luke. Merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta negozio txikietan fokua jarri, eta elkarlan hori sustatzen jarraituz, erreminta potente bat izatea».
Idiazabalek ere interes bereziz parte hartzen du Bidarin, «dauzkagun laguntza guztiak aprobetxatu beharra dauzkagu», dio Iñaki Alberdi alkateak. Esperientziak trukatzea eta herri txikiek «handiagoetatik ikastea» garrantzitsua dela dio. «Komertzioa joaten ari zaigu, jendea jubilatzen ari da, eta herri txikietan komertziorik gabe gelditzen ari gara». Norbere «zilborrari begiratu» beharrean, «bailara ikuspegiarekin» lan egitea garrantzitsua iruditzen zaio.
Zer da Bidari?
Goierriko negozio txikien lantaldea da, merkataritza, ostalaritza, zerbitzu eta ekoizleen mahaitik sortutako elkarlanerako ekimena. Sei helburu nagusi ditu, eta aurtengo ekintza plana ere martxan du.
Helburuak
- Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea.
- Bertako kontsumoa bultzatzea ekintza ezberdinen bitartez.
- Eskualdeko negozio ezberdinen arteko ezagutza eta elkarlana sustatzea.
- Herriak eta negozioak bizirik mantentzea.
- Sektoreko negozio txikien berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea.
- Eskualdeko estrategia zehaztea.
2023ko Ekintza plana
- Kontsumo lokala sustatzea eta Gipuzkoan erreferente eta lehiakorra den sektorea garatzea.
- Goierriko Azoka eskualdeko negozioei interneten ikusgarritasuna emateko webgunea.
- Sektorearen kudeaketa profesionalizatzea.
- Eskualdeko komertzioa digitalizazio arloan trebatzea.
Analisia: Tokikoaren balioa
Eneritz Iturriotz • Goierriko Merkataritza Bulegoko Teknikaria
Aldaketa sozialeko prozesuak azkartu egin dira, eta prozesu horien eraginez, merkataritzaren paradigma ere aldatu egin da. Azalera handiko saltokien eta online erosketen konpetentzia gutxi ez balitz, pandemia eta gerra ere gehitu behar izan dizkiogu sektorearen egoera ahulari. Gainera, egoerek eragindako krisi ekonomikoak hurbileko saltokiei eragin die, eta saltoki asko egoera kritikoan daude. Gauzak horrela, saltokiei, zeharkako joerei aurre egiteko berregituratze estrategiak garatu edo berritzeko beharrak sorrarazi zaizkie, eta horren ondorioz, beste behin ere, merkataritzaren aldakortasuna eta egokitzeko duten gaitasuna erakutsi digute, nahiz eta, egungo egoera kontuan izanda, ibilbide profesional luzea mantendu nahi bada, sektoreak dinamismoa eta egokitzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa izango den.
Hariaren beste muturrean kontsumitzaileak gaude, eta guk ere erreflexiorako tartea hartu beharko genuke. Kontsumitzaile garen aldetik, sistema ekonomikoaren azken kate-mailan gaude, baina hein batean, ekonomiak eta munduak hartzen duen bide horretan eragiteko botere puntu bat ere badaukagu gure erabaki eta ekintzekin. Hori dela eta, egiten dugun kontsumo mota aztertu eta aldaketak egin beharrean gaude, tokiko merkataritzak gure inguruan duen garrantzia baloratzen hasita. Herriko merkataritzaren aldeko apustua egitea, kalitatearen, zerbitzu onaren eta jasangarritasunaren alde egitea da, egitura sozio-ekonomikoa aktibo mantenduz. Sektorearen biziraupena herritarren esku dago, eta zer eta nola kontsumitu nahi dugun erabakitzeko momentuan gaude.