Arkaitz Apalategi (Ataun, 1981) eta Nagore Lizarralde (Ormaiztegi, 1981) kanpinzaleak dira txiki-txikitatik. 2014an lehenengo furgoneta erosi zuten, eta harrezkeroztik horixe izan da euren bidaiatzeko modua. ‘Ehfurgo.eus’ blogean eta sare sozialetan biltzen eta zabaltzen dituzte egindako bidaiak. Orain, ‘Euskal Herria furgonetaz’ liburua argitaratu dute, 25 plan proposatuz.
EH furgo blogaren egileak zarete. Zein helbururekin sortu zenuten?
Arkaitz Apalategi: Furgonetan egindako bidaiek, Euskal Herriaz gain, beste hainbat herrialde ezagutzeko aukera eman digute. Horrela sortu genuen 2015ean Ehfurgo.eus bloga. Guk ere beste blog batzuetatik jasotzen genuen informazioa. Euskaraz gauza gutxi zegoen garai hartan, oraindik ere bai, eta mundu horretan sartzen hasi ginen.
Nagore Lizarralde: Bi helbururekin sortu genuen. Batetik, egiten ditugun bidaiak konpartitu eta informazio hori besteentzat erabilgarri izatea. Eta bestetik, Euskal Herria ezagutu eta ezagutaraztea da.
Sare sozialetan ere aritzen zarete, informazioa zabaltzen.
Apalategi: Bai, Facebooken lehenengo eta Instagramen geroago. Instagramen hasi ginenean dezenteko arrakasta izan genuen. Agendarekin hasi ginenean ere oso erantzun ona jaso genuen. Asteazkenetan asteburu horretan Euskal Herrian zeuden hiru ekitaldiren kartelak jartzen hasi ginen astero. Gero, hamar kartel, gero hamabost… Laurogeitik gora jarrita gaude. Gero sortu zen Lurgida.eus (Euskal Herriko mapa turistikoa) webguneko agenda elikatzeko aukera. Elkarlan bat proposatu ziguten eta horretan ere ari gara
Orain, beste urrats bat gehiago egin duzue. ‘Euskal Herria furgonetaz’ liburua argitaratu duzue, Sua argitaletxearekin.
Lizarralde: Zortzi-bederatzi urtean blogean jasotako informazioa liburu batean bildu nahi izan dugu. Beraz, argitaletxe desberdinei gure proposamena bidaltzea pentsatu genuen. Lehenengoa, Sua Edizioak argitaletxea izan zen, Euskal Herriko gaiak lantzen dituelako eta furgonetarako atal bat sortu berria zeukatelako. Zortea izan genuen, lehenengoak baiezkoa eman zigun. Orain dela hiru urte hasi ginen liburua idazten, pandemiaren aurretik. Tartean pandemia egon da… pixka bat atzeratu da baina orain argitaratu da.
Euskal Herriko zazpi herrialdeetan egiteko 25 plan proposatu dituzue, furgonetarekin egiteko. Erraza izan al da aukeraketa? Zein irizpide jarraitu duzue?
Apalategi: Oso zaila izan da aukeraketa. Gipuzkoan, Nafarroan, Araban eta Bizkaian bosna plan, eta Iparraldean beste bost aukeratu ditugu. Iparraldea bat bezala hartu dugu. Beraz, herrialde bakoitzean lau ibilbide eta hiriburua sartu ditugu. Iparraldeko kasuan, Baiona aukeratu dugu. Donibane Garazi eta Maule ibilbideetan sartu ditugu. Aukeraketarik zailena Nafarroan izan da, hamar ibilbide lasai asko sartu zitezkeen. Ezusteko toki asko daude Euskal herrian bertan.
Plan bat aukeratzekotan… zein duzue kuttunena?
Lizarralde: Axpe bailara asko gustatu zitzaigun. Erronkari eta Zaraitzu ere asko gustatzen zaigu, Iparraldea ere bai, Zuberoa batez ere…
Goierriri tokia egin al diozue? Ze plan proposatu duzue?
Apalategi: Bai, noski. Gipuzkoako ibilbideetako bat Goierri da. Liburuaren azalean Txindoki jarri dugu. Segura, Zerain, Ordizia, Idiazabal, Mutiloa, Ezkio, Beasain eta Zegama daude Goierriko ibilbidean. Azken bi horietan daude autokarabana guneak. Ibilbide edo plan bakoitzaren barruan beste plan bat proposatzen dugu, eta hor Ataun sartu dugu, Lizarrustitik Lareoko bidea, herri bidea, Barandiaran museoa…
Ibilbide bakoitzaren bukaeran gida praktiko bat doa: gune horretako autokarabana guneak edo parking-ak, turismo bulegoak, museoak…
Paperezko gidak garrantzitsuak dira bidaiarientzat.
Apalategi: Nik uste dut baietz. Interneta lagungarria da, baina guk bidaia luzeren bat egin behar dugunean, bidaia prestatzeko gida liburuak erosten ditugu. Gu ere leku askotara beste liburu batzuetan ikusi dugulako joan gara.
Euskaraz eta gazteleraz argitaratu duzue.
Lizarralde: Bi edizio dira, euskarazkoa eta gaztelerazkoa. Beraien proposamena izan zen gazteleraz egitea, baina guk euskaraz sortzen dugu, eta Euskal Herriko gida bat izanda pena ematen zigun gazteleraz bakarrik izatea. Bion artean osatu ditugu testuak, bai euskaraz eta bai gazteleraz. Argazki gehienak ere guk ateratakoak dira.
Euskal Herria furgonetaz bidaiatzeko ondo egokituta al dago? Bederatzi urte hauetan bilakaerarik izan al da?
Apalategi: Asko ez. Kontzientzia gehixeago dago, baina oso atzera gaude azpiegitura aldetik. Euskal Herri osoan 80 autokarabana gune daude, gehienak Nafarroan (30) eta Iparraldean. Blogean daukagun mapa eguneratuta edukitzen saiatzen gara.
Lehenengo liburua izan da, 300 orrikoa. Bigarrenik baduzue buruan?
Lizarralde: Ideiak badauzkagu. Portugal, Asturias, Kantabria… izan daitezke.
Portugal gogokoa duzue. Zer du Portugalek?
Apalategi: Paradisua da Portugal. Ia edozein tokitan lo egin daiteke, kultura, klima, herriak, gastronomia…. Hango bizimodua merkeagoa da gainera. Frantziak ere ikusteko asko dauka, Italia ere asko gustatu zaigu… Tirol ezagutzeko daukagu…
Aste Santuko oporretako planetarako ideiak zuen liburua har daitezke.
Apalategi: Aste Santuan, udan eta neguan ere bai. Guk beti aldarrikatzen dugu, furgonetan urte osoan bidaiatu daitekeela.
Ze plan daukazue Aste Santurako?
Lizarralde: Soriara joateko gaude oraindik. Pandemia sartu zitzaigun tartean eta joan gabe gaude.