Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Liburu-denden erakusleku dira liburu-denden eskaparateak, baina kristalaz bestalde kanpoan dagoenaz ere esaten dute zeozer.
Duela bi urte, nire begien intuizio batetik abiatuta, ikerketa bat egiten hasi nintzen; mugikorreko oharretan kabitzeko tamainako ikerketa bat: bisitatzen dudan euskal herri random bakoitzean topatzen dudan liburu-denda random bakoitzaren eskaparatean banan-banan zenbatzen eta sailkatzen ditut liburuak. Ez zen, ez, intuizio hutsa. Beasainen: 30 liburu; euskaraz, 3. Lazkaon: 16 liburu; euskaraz, 8. Tolosan: 28 liburu; euskaraz, 11. Donostian: 75 liburu; euskaraz, 12. Gasteizen: 11 liburu; euskaraz, 2.
Arrain hezur bat eztarrian kateatzen denean nola, trabatu egiten zait arnasa. Datu soziolinguistiko bat da hori ere: euskal herrietako liburu-denda askotan erdarazko liburuak dira eskaparateetan nagusi. Uste dut, dendaostea beste, kaleostea islatzen dela kristal-atze horietan; eta aldi berean, kaleostean gertatzen dena kristal-atze horiek baldintzatzen dutela. Eta horrela etengabe: sorgin-gurpil eternal bat.
Liburu-denden eskaparateetan euskarazko liburuak nabarmen badira gutxiengoa, uste dut mesanotxeetan eta dendaosteetan ere ez dela euskarazko liburu askorik egongo erdi-irekita.
Toki hau ere ez da aldarrien, iritzien erakusleku bat besterik; dendaosteen isla eta dendaosteen eragile. Bada, nahi nizueke dei egin irakurtzera euskaraz eta gomendatzera euskarazko lanak elkarri. Literatur-zaletasunak behar du edan inguruko literaturetatik, hizkuntzetatik, ahotsetatik; baina euskarari –eta euskal komunitateari– guk eman behar baitiogu edaten, tarteka akordatu ze literatur-lan puskak ditugun euskal literaturan.