Aratz Albisu • Telesail zalea
Umorea eta drama elkartzen dituen satira surrealista bat, horrela deskribatuko nuke White Lotus telesaila. Izen bereko luxuzko hotel kate batean dauden aberatsen eta langileen komeriak eta beraien arteko interakzioak azaltzen ditu fikzio lan honek. Bi denboraldi dauzka, baina erabat independenteak dira, bata eta bestearen arteko lotura bakarra hotel kate hori delarik.
Lehenengo denboraldia Hawaira iritsi den familia batekin, eztei-bidaian dagoen bikote batekin eta amaren errautsak zabaltzera doan emakume batekin hasten da. Baina klase ezberdintasunak, kolonialismoa, jarrera sexistak, droga-menpekotasuna eta beste hainbat gai jorratu eta kritikatzen ditu.
Bigarrenean aldiz, Siziliako hotelera joan diren bi bikote, familia bateko hiru belaunalditako hiru gizon eta emakume bat eta haren laguntzailea dira protagonista. Oraingoan ordea, kapital sexuala, prostituzioa, jeloskorkeria, matxismoa eta hainbat motatako harreman toxiko pantailaratzen dira.
Hirugarren denboraldirako zurrumurru ugari dabiltza: aurten estreinatuko dela, Japonian kokatuko dutela eta heriotzaren eta ekialde urruneko sinesmenen ingurukoa izango dela. Baina gauza bakarra dago argi: martxa berean jarraituz gero, orain arteko onena izango dela, bigarren denboraldia lehengoa baino hobea baita.
Telesail honek ikuspuntu fresko eta berri bat ematen dio kritika sozialari, opera mailako drama kutsu horrekin, umore puntu oso onarekin eta paisaia eta leku natural eta politekin. Gainera, sarrerako abestitik hasi, eszena eta eszena arteko planoetatik pasa eta Jennifer Coolidge aktoreraino, dena da nabarmentzekoa. Beraz, hemen geratuko gara, hirugarren denboraldiaren zain, gogotsu.