Jesus Mari Alberdi • Zumarraga

1950eko hamarkadan ateratako argazkia, Zumarragako Eitza auzoko Korta tabernako ate aurrean egindakoa.
1950eko hamarkadan ateratako argazkia daukazue aurrean, Zumarragako Eitza auzoko Korta tabernako ate aurrean egindakoa.
Ez dakigu zehatz-mehatz zer ari ote diren ospatzen bertan elkartutako lagunak, baina itxura guztia dauka ezkontzeko bidean zegoen norbaiten despedida izango zela. Argazki zahar honen gaineko informazioa eman digun lagun taldeak ere horixe bera baieztatu digu.
Zalantzarik gabe ospakizun garrantzitsua izango zen; gizonezkoak alkandora txuriz jantzita, horietako batzuk gorbata eta guzti, eta emakumeak, berriz, beltzez. Soinua eta panderoa ere ez ziren falta: Juanito Idiakez ezkiotarra soinu-jole, eta Eugenio Alberdi pandero-jole. Horien doinuak alaituta, kantuak ere ez ziren urruti ibiliko.
Eta erretratuan agertzen den lagun taldeko izen batzuk aipatzen hasita, hortxe ditugu emakumeen artean Emeteri Korta, Miren Korta , Joxepa Ormaetxea… eta gizonezkoen artean Alberdi anaiak, Etxaniz anaiak, Tomas Arrizabalaga, Fidel Berasategi, Carmelo Biain, Juanito Etxeberria, Bitoriano Telleria… besteak beste, denak ere aski ezagunak Eitzako auzoan.
Urretxun eta Zumarragan gaur egun zabalik dauden tabernetatik zaharrenetakoa, zaharrena ez bada, Kortanekoa izango da seguruenik, eta horrekin batera bazen beste bat mitikoa, Txomin-Enea hain zuzen ere. Makina bat ospakizun, festa, soinu eta kantu saioren lekuko izango ziren bi taberna horiek.
Denak ezagunak ziren auzoan
Bukaeran aipatuko dudan Eitzako lagun talde jator baten eskutik jaso ahal izan dudan informazioaren arabera, 50eko hamarkadan denak ezagunak ziren auzoan; jende alaia, umoretsua eta langilea ere bai, auzolanean aritzen zirenak gauza askotan.
Denetik zeukaten auzoan bertan: okindegia, janari denda, bi harategi, arrandegia, drogeria… den dena eskura, bertatik bertara.
Eitzak kirolari ugari eman ditu, pilotariak eta futbolariak batez ere. Esate baterako, herri arteko pilota txapelketan Eitzako pilotari gazte bat baino gehiago izan dira Zumarragako taldean ordezkari. Eta pilota kontuen harira, auzoko San Gregorio eliz ataria izan zen horko pilotarien entrenamendu tokia, Udalaren eta auzokideen diru ekarpenaren bitartez egokitua.
Festazaleak
Festazale ere izan dira eta badira Eitzako auzokideak, eta San Isidroren omenez ospatu izan dituzte jai nagusiak; gaur egun ere festa jendetsuak eta alaiak egiten dituzte auzoan maiatzaren erdi aldera.
Amaitu aurretik, eskerrik beroena eman nahi diet xehetasun guzti horiek eman dizkidan auzokide taldeari: Jesus Mari Alberdi nire izenkideari, Mikel Ormazabali eta Jose Luis eta Juan Mari Kerejeta anaiei.