Gaztainondoaren etnografia ikertuko dute Barandiaran Bekarekin lagunduta Tolosaldeko bi ikertzailek, aurtengo urtean. Asko eman dio gaztainak herriari, eta mende askotan oinarrizko elikagai izan zuen. Mira berarekin zaindu, gorde eta ugaldu zituzten gaztainadiak garai batekoek, kultura bat osatzeraino. Julian Alustiza Aztiri idazleak dauka idatzita gaztainari buruzko lan etnografiko aberats bat, Euskal baserriaren inguruan liburuan. Haren inguruko ipuinak, sinismenak eta esaerak, baina baita izenak, motak eta erabilerak ere jasota utzi zituen.
San Martin Txiki errementariak zerra gaztaina-hosto luze eta akastunari begira asmatu zuela esanez hasten da, «folklore zaharreko» bilduma. Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak ere gaztainaren balioa aitortu zuen, Gipuzkoako kondaira-n: «Gaztainak ez eho beharrik dauka, ez laka emankizunik, eta ez beste arazorik batere, ezpada morkotsetik hartu, pazian egosi edo zartaginean erre, eta jan zaka-zaka». Janari merkea, ugaria eta esker onekoa.
Urtearen zati handi bat ongi irauten zuen frutak, gainera. Gaztainondoei «inude oparoak» deitu zien poetarik ere bazen: urteko lau hilabetetako mantenuaren erdia gaztaina zutela zioen.
Hiztegi eta ohitura askoren habia
Kultura bat sortu izana indartzen dute gaztainondoen inguruko hiztegi aberatsak, edo haien inguruan eratu zituzten arau zehatzek. Hondazilegiak, adibidez. Lurrak herriarenak ziren garaietan, herritarrek bazuten nork bere zuhaitzak landatzeko eskubidea, haien egurra eta fruitua jasotzeko. Hondo edo arbola-eskubidea du hondazilegi hitzak etimologia. Haritza, intxaurrondoa, sagarrondoa eta beste sar zitezkeen arren, batez ere gaztaina-landareak jartzen zituen jendeak. Leku batzuetan XX. mendera arte iraun du hondazilegi eskubideak, nahiz herri lurretan aldaketarik egin ezin, garai bateko zuhaitzen ustiapen eskubideek jarraitu zutelako.
Gaztaina barietateak eta izenak ere askotarikoak ziren. Zazpi mota bereizten zituzten Goierrin, Alustizak jaso zuenez: Andra Mari gaztaina, lehenengo heldu ohi zena, egosita jateko ona, goiz gaztaina, abuztuko Andre Maritarako oturuntzetarako preziatua; Azpeiti gaztaina, ale ederrekoa, zabal-zabala, egosita jan ohi zen gehienetan; Bizkai gaztaina, ale mutur luzea, erreta nahiz egosita jateko goxoa; Artaloa, Goierrin ale handiena ematen zuena, zakartxeagoa; Elorri gaztaina, ona hau ere; kirrimahatsa, alea elkor antzekoa, danbolinean erreta jateko ona; eta ahuntz gaztaina, ale zatarrekoa, beti erreta jaten zena.
Luzerako ematen du gaztainaren inguruko jakintzak. Elikatu zuen adina ia.