Pilota profesionala utzita, lasaiago dabil Iker Irribarria (Arama, 1996). Belauneko mina berekin du oraindik, baina eskuetatik sufritu beharrik ez duela eta, gaitzerdi. Garaiz irten behar izan du frontoietatik, baina garaiz eginak zeuzkan leiendan sartzeko lanak. Astindua eragin du agurrak, pilotan ezaugarri zuen gisan.
Agurraren zurrunbiloa baretu al da?
Zaparrada oraindik ez da pasatu. Gehiena bai, eta txarrena bera ere bai.
Fisikoki, nola zaude?
Lasai. Buruz ondo nago. Oraindik ez dut faltan sumatzen pilotarik. Belaunean min dezentea daukat, ea pistoia jaitsitakoan hobetzen den. Baina horrek nirekin segituko du, bizitza guztirako. Hala tokatu da, eta neurria hartu beharko.
Pilota utzi behar izanaren kolpea gainditu al duzu?
Ari gara. Ez da jakiten noiz liseritzen den. Kontuan hartu hau publikoki oraintsu izan bada ere, nik aurretik denbora bat baneramala ideiara egiten. Hilabete pare bateko abantaila daramat. Eguneroko lasaitasunean, beste gauza batzuetan daukagu burua. Baina oraindik pasatu berria da, eta beste bizimoduari heldu beharrean gaude.
Zer zapore utzi zizun agurrak?
Oso ona. Partida gustura jokatu nuen; tentsio dezenterekin bai, baina bukaerarako hobeto. Atano III.a beteta, bai publiko aldetik, bai enpresaren aldetik, bai pilotarienetik luxu bat izan da, eta oso aho zapore ona daukat. Orain, egunerokoan, ikusi egin beharko da. Badakit faltaren garraztasuna etorriko dela, baina oraingoz zapore gozoarekin nago.
Zein irudi edo une duzu iltzatuta?
Berotzera atera gineneko pasillo hura. Eta bukaerako agurtxoa: frontoia beteta, atzean taldekideak eta enpresakideak laguntzeko, eta fokupean momentu jakin batean zu izatea, polita da.
Bai prentsaurrekoan, bai azken jaialdian, pilotari gehienak ondoan izan zenituen. Estimatua zaren seinalea.
Bai. Pilotari edo kirolari denok dakigu zer gogorra den kirola. Batez ere, geratu beharra izaten denean. Alde horretatik, babesa sentitu dut pilotariengandik eta enpresarengandik, eta oso-oso gustura nago. Niretzako ohore bat da hainbeste pilotari egotea, bai gure enpresakoak, bai bestekoak. Ohore handia da.
Oihartzun handia izan du zure kasuak. Hain gazte erretiratu beharraren dramak jende asko beratu du.
Bai, dudarik gabe. Pilotan edo kirolean, 35 urterekin erretiratutakoan ere, bere zikloa bukatu dela iruditzen zaigu, baina bizitzan oso gaztea da artean. Kirolariak badaki ibilbidea gazte bukatuko zaiola, eta ideia hori egiten duzu. Nik ez nuen pentsatzen hain garaiz bukatuko zenik, baina hala pasatu da, eta kito. Inguruan gertatzen zaizunean, taldekide bat joan beharrean denean, gauzak beste era batera ikusten dira. Niri ere tokatu zait, Zubietak, Irujok eta bestek lesioengatik utzi behar izan zuten. Gertutasun horrek zer pentsatua ematen du.
Kirolariek prestatzen duzue zuen burua, edo prestatzen zaituztete, horrelako egoeretarako?
Halakoak gerta daitezke, gertatu dira eta gertatuko dira. Nik zortea eduki dut, duela urte eta erdi edo bi urte Julen Ortiz de Murua coach-arekin hasi nintzelako alderdi hori lantzen. Ez kirolarena bakarrik, baizik bizitzarena, zer datorren kirolaren ondoren… Noski, erretiratzea hain azkar espero ez nuenez, ez dut denborarik eduki hori prestatzeko. Baina kirolaren aurretik beste gauza batzuk badauden ideia hartzen duzu, familia bat ere badut, eta bizitza horra enfokatu nuen. Utzi behar izatea etorri denean, asko lagundu dit lanketa hark. Izugarrizko aukera eduki dut hori lantzeko. Baina espreski enpresaren aldetik, edo norberari ez bazaio ateratzen, ez dago alderdi hori lantzeko biderik. Neure kabuz mugitu naiz.
Orduan jabetu zinen arazo larria izan zitekeela?
Ez, orduan ez. Operatu 2021eko martxoan, eta iazko martxoan berriro minekin hasi nintzen. Aurretik ere min handiekin ibili nintzen, Bikotekako finalaurrekoetan ere bai. Ez da hobetu. Urtebete ibili naiz ordutik mediku eta espezialista onenekin. Batek esaten dizunean horrela ezin duzula jarraitu, beste iritzi baten bila joaten zara; baina bigarrenak, hirugarrenak eta denek iguala esaten badizute, ideiara jartzen hasten zara. Ez dago egun bat ‘horrela ezin dut jarraitu’ esaten duzuna. Ez da norbere erabakia, beste batzuek erabakitakoa da ia-ia.
Bizitza normalerako zer esan dizute? Kirola egiteko modurik izango duzu?
Bai, batez ere bizikleta, eta beste erritmo batean. Alabarekin paseoren batzuk ere egiten ditut. Baina lehengo kirol bizitza eta entrenamenduak, eta gorputzak eskatzen dizun adrenalina edukitzea, bukatu dira jada.
Prentsaurrekoan ere aipatu zenuen, alde psikologikoa. Burua kudeatzea ere ez da samurra izango. Nola menperatu, goxatu duzu?
Dudarik gabe, ez da samurra. Coach-arekin asko landu dut, eta emaitzak hor daude. Gai pertsonalak lantzen dira, ez dira kirol errendimendukoak: eguneroko bizitzan nola ibiltzen garen eta zer jarrera dugun. Norberak landu beharreko gauza bat da, eta gero asumitu beharrekoa: ezer ez dago lanik egin gabe. Niri tokatu zitzaidan oso-oso gazterik, erremintarik eduki gabe, arrakasta bat kudeatu beharra. Eta ni naiz aurrenekoa esaten arrakasta hori ez nuela oso-oso ondo kudeatu. Presio handia sartu nion neure buruari. Arrakasta eduki beharrik ere ez daukazu, presioa norberak bere buruari sartzen dion gauza bat delako, eta bakoitzak dauka berea. Hala ere, eta gainera pertsonaia publikoa baldin bazara, oraindik eta gehiago eragiten du.
Pilotari bizimodua gustatu zaizula zenioen. Nolakoa da, bada?
Bizimodua oso-oso polita da, bere alde onekin eta txarrekin. Ez gara fabrikara zortzi orduz lanera joaten –horrek ez dauka zertan txarra izan beharrik–, eta denbora aldetik askatasun handia duzu bizitza pribatua askoz gehiago disfrutatzeko. Beste aldetik, beti jana zaindu beharra daukazu, zer kirol egiten duzun, pilotatik aparte ezin duzu jipoi handirik hartu… gustuko gauza asko kentzen ditu. Baina egunerokotasuna niri ikaragarri gustatu zait: entrenatu, gorputza zaindu, elikadura, burua… Gauza sinpleak egin, azken batean; niri hori gustatu izan zait beti, eta egitea lortu izan dut zortzi urte hauetan.
Zure gidalerroa zein izan da hankak lurrean mantentzeko? Aholkuren bat gogoratu al duzu momentu hazienetan edo okerrenetan?
Etxetik datorren zerbait da hori. Ikasketen gaiarekin beti borroka izan dut etxean. Eta begira! Orain gurasoei eskerrak eman beharrean nago, bere garaian arlo horretan egur pixka bat emateagatik. Filosofia lasai batekin bizitzea beti gustatu izan zaie, ohiko gauzak behin ere utzi gabe. Kirolean ari nintzela ere ikasketekin jarraitu nuen, eta beste gauza batzuetan ere banabil. Jakin dut lehentasuna pilotari ematen, baina beste gauzak utzi gabe. Ez da dena pilota. Beti hori pentsatu izan dut. Futbolari izanda, agian bi urtean bizimodua soluziona dezakezu soldatarekin, baina beste era bateko gauzak erabat kentzen dizkizu; pilotan, aldiz, beste mila arlotan ibili daiteke. Herrigintzan laguntzea, adibidez, beti gustatu izan zait.
Arrakasta eta fokuak zure gain oso gazterik hartu zenituen. Hori nola kudeatzen da?
Seguruenik, nire damuetako bat da lehenago ez hastea arlo psikologikoa lantzen. 19 urterekin txapeldunik gazteena izatea tokatu zitzaidan; bat eta beste, pilotako zentro izatea. Eta ez neukan hori gestionatzeko erremintarik. Nahiko nukeen arlo hori lehendik landu. Zaila da. Konplikatua da prentsatik alde egitea, jendearengandik alde egitea. Eta norbere buruarekin ere konplikatua da: behin irabazi baldin baduzu, urtero-urtero hor egon nahi duzu. Eta kirolean ia ezinezkoa da hori.
Hala ere, ziurrenik ez zenuke aldatuko lehenengo txapel hura.
Ez, ez. Egindakoa eginda dago, eta gustura gainera. Igual balioa bigarren txapelarekin eman nion. Baina irabazitakoa, hor dago. Urte horietan aprobetxatu nuen olatuaren gaineko aparretan ibiltzen. Ez nuke aldatuko txapel hori; agian beste lanketa mota bat egingo nukeen, horren ondoren.
Zure kasuan, beti lehenengo txapela goraipatzen da. Baina bigarrenak ez al dauka meritu berdina edo handiagoa? Birkonfirmazio bat izan zen, tartean urte batzuk gora-beheratsuak pasatu ondoren, eta jende bat zalantzan jartzen hasita zegoenean.
Nik behin baino gehiago esan dut hori, eta berriz esango dut: dudarik gabe, bigarrena ezberdina izan zen. Aurrenekoa esplosiboa izan zen, eta bigarrenak beste zerbait eduki zuen. 2017an finalera iritsi nintzen baina ez nuen irabazterik izan; Binakakoa irabazi nuen. Gero lau t’erdiko txarra egin nuen, Binaka ere 2018an ezer ez, eta buruz buru, espektatiba guztian hor jarrita zeudela, Ezkurdiak gainetik pasa ninduen. Ez nuen aukerarik izan txapela lehiatzeko ere. Urte gogorra izan zen, egur dezente jaso nuen, edo hala sentitzen dut behintzat; nik ere nire burua asko presionatu nuen. Orduan hasi nintzen lanketa psikologikoarekin, eta 2019an berriro irabazi nuen txapela. Orduan, askoz aho zapore gozoagoa dauka. Hor antzeman nion zenbat lan daukan atzetik, zer zaila den txapel bat irabaztea. Finala jokatzeak bera ere bai, baina txapela batek bakarrik janzten du, eta urtean behin bakarrik. Gauza baliotsua da. Horregatik eman nion aurrenekoari balorea bigarren txapelarekin.
Lehen txapela zama zen?
Izan liteke. Aurrena, olatuaren aparrean, ondo; baina gero, askotan, arrakastak zama bilakatzen dira. Ez pilotan bakarrik, arlo guztietan baizik. Ez naiz salbuespena; ni beste bat gehiago naiz, eta niri hala tokatu zait. Horregatik da lanketa garrantzitsua.
Kontuak kontu, pilotan ikaragarria egin duzu. Zortzi urtean ibili, eta lortu dituzunak eta bide hori dena egitea, ez da kamutsa.
Ez, ez da. Eta ikusita azkeneko urtean zer baldintzatan ibili naizen. Nahi beste entrenatu ezinda, minekin… Horri ere balioa nik neuk emango diot igual, baina ez da erraza esaten ‘zer edo zer egin dut’. Gazterik utzi behar izan dugu, baina nahi nuke pilotazaleen artean oroitzapen on bat geratzea: «Gazte utzi zuen, pena da, baina zer edo zer egin zuen eta utzi zuen zerbait». Bi txapel buruz buru, bat binaka, beste bi final… Jendeak nirekin gozatu izanaren oroitzapen hori utzi nahi dut.
Anoetako azken partidako azken tantoa erakusle. Ezkerrez atzera jo, buruz gain errebotera; tantoa eta partida.
Baten batek esan zidan bere esentzia utzi beharra daukala pilotariak, azken tantoarekin: Bengoetxeak dejada txokoan, Barriolak bipareta batekin bukatu zuen, guk errebote batekin. Polita da agurrerako.
Zer geratu da 18 urteko Iker hartatik hiru txapelarekin agurtu den pilotariarengan?
Gaztetxo hark oraindik jarraitzen du, beste era batera. Baina nahi nuke zortzi urteotan kirolak kendu dizkidan gauzak berriro aprobetxatu. Zeren oraindik, 26 urterekin, energia asko daukagu, eta espero dut gorputza urte askorako egotea, belaunak errespatzen banau. Gauza oso-oso politak geratzen dira. Beste gauza batzuk, suertez, aldatu ditugu, eta pertsona denok transformatzen gara. Hemezortzi urte beti dira hemezortzi, eta 26rekin ez da ia ezer berdin ikusten.
Txapeldun bat herrigintzaren jokalekuetan
Beti, edo gehienean, lehen pertsona plurala erabiltzen du Iker Irribarriak. Kolektiboaz mintzatzen da sarritan. Herrian ere, herrigintzan ale bat jartzea gustatzen zaio, eta ez da atzeratzen den horietakoa. Soziedadeko zuzendaritza batzordean dago. 2019tik, baita Aramako Udalean zinegotzi ere. «Ahal dudana lagundu dut, baina, egia esan, beste batzuek askoz gehiago egin dute», aitortu du.
Udaleko pasaera «oso esperientzia polita» da. «Lana da, baina uste dut herritar denek pasatu beharko luketela, ikusteko errealitatea nolakoa den. Erreminta asko ematen dizkizu, eta gauza askoren funtzionamendua ulertzen duzu. Ikasketa polita da, etorkizun baterako». Maiatzeko hauteskundeetara berriro aurkeztuko den, ez du argitu: «Hortxe gabiltza, tirabiran. Ea taldea osatzen dugun. Baina laguntza behar bada, hor egongo naiz».
Gustura bizi da Araman. Herrigintzan jardutearena, ia-ia Nortasun Agiriak agintzen du han. «Ez gara biztanle asko, eta denen artean egin behar izaten dira gauzak». Baina gustura egiten ditu: «Izugarrizko giroa daukagu herrian, eta hori polita da. Hori ere ikasketa bat da».
Gainontzean, edo ezeren aurretik, familia du zutarri. Berea osatu du, Maialen Akizu bertsolari urretxuarrarekin batera, eta Neia dute lehen fruitua.
Pilotarekikoak bukatuta –aktiboki behintzat–, denboraldi bat lasai hartu nahi du orain. Azken zortzi urteak intentsoak izan direla iritzi dio: «Egurra eman diogu gorputzari, eta barrenean zer presio erabili ditugun, oraintxe bertan lasai-lasai egoteko gogoa daukat».
Bizitzen berrikasi; «berriz ere bizitza berregituratu, alabarekin gozatu…». Bidaiatxoren bat ere badarabilte buruan. «Lanerako denbora etorriko da, dudarik gabe». Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen, «eta azkenean hortik tiratu beharko dugu». Pilota bai, baina partida ez da amaitu 26 tantorekin.