Ba al zenekien nola bihurtu zen Joxe Miel Barandiaran apaiza arkeologo? 1916. urtea zen Ataunen. Garai hartan kristautasuna oso errotua zegoen Euskal Herrian eta 26 urteko Joxe Miel Barandiaran, apaiz lanetan murgildua zebilen, baina buruan kristautasunean barneratu aurreko kontuak zituen berak. Gogoan zituen oso txikia zelarik amak kontatzen zizkion ipuin eta istorioak eta horietako batek baino gehiagok Jentilak izeneko pertsonaiak aipatzen zituen, izaki erraldoiak, harri handiekin jolasean eta eraikuntzak sortzen ibiltzen zirenak.
Ataun herrian badago Jentilbaratza izeneko haitz edo mendixka, eta izaki hauek muino horren bueltan bizi izan zirela uste izan da urteetan zehar.
Barandiaran, kuriositateari ezin eutsi, Jentilbaratzara igo zen kontatzen ziren kontu guzti horiek egiak ote ziren frogatzera.
Jentilbaratzan
Han hasi zituen berak lehenengo arkeologo pausuak, eta Erdi Aroko gaztelu bat aurkitu zuen, eta baita erromatar garaiko zenbait pieza ere, baina Jentilen arrastorik ez. Handik zebilen Ataungo baserritar batek esan zion jentilen hezurrak Jentilbaratzan ez baldin bazeuden, Aralarren egon zitezkeela hilobiratuta, Kixmiren kondairak han kokatzen baitzuen azken jentilen desagerpena.
Hurrengo egunean bertara igo zen, goiko larreetara, eta han aurkitu zituen bederatzi trikuharri ezberdin. Aurkikuntzaren berri Euskalerriaren Alde aldizkarian idatzi zuen, eta laster idatzi zioten Donostiako Etnografia Museotik interesatuta eta haiekin harremanetan hasi zen Telesforo Aranzadi, Enrique Eguren eta Joxe Miel hirukotea, Hiru troglodita goibelak izenez ere ezaguna, lehen indusketa lanak elkarrekin egiten.
Hainbat kontu ia 102 urtetan
Ia 102 urtez zehar bizitako gizonak baditu bere bizitzako hainbat pasarte kurioso eta interesgarri. Guzti hauek gordetzen dituen museoa da Ataungo San Gregorio auzoan dagoen Barandiaran Museoa eta ateak irekita ditu gehiago jakin nahi duen ororentzat.