Izaskun Egiguren • Ataun
Guk Ataungo eskolan lezio garrantzitsuak ikasi genituen, eta ez bakarrik matematikaz, gramatikaz edo historiaz. Horiek ere barneratu beharrekoak izango dira seguru asko, baina esango nuke ikasgairik handienak bestelakoak izan zirela, eta antzerkien eta abestien eskutik iritsi zitzaizkigula, nire kasuan behintzat.
Bosgarren edo seigarren mailan, Erreka Mariri buruzko antzerkia egin genuen. Etxean ama eta aitonaren artean egin zuten ileorde urdin-berdea, hari-mataza batzuekin, eta hori buruan jarrita Euskal Herriko azken lamia sentitu nintzen. Errekak zikintzen baditugu, izadia zaintzen ez badugu, lamiak desagertu egingo dira eta magiarik gabeko izaki tristeak izango gara. Beraz, ikasi genuen gure ingurunea altxorra dela, eta hori hondatzeak eta zementuz betetzeak mundua grisago bihurtuko duela.
Ondoren, zazpigarren mailan, Mari Karmen Iztuetak euskal abestiak eta poemak ekartzen zizkigun klasera, eta bakoitzaren inguruko historia kontatzen zigun. Brodatzen ari nintzen kanta entzunda, jakin genuen itsasoak zeharkatzen zituzten kapitain ankerrek neskatxa gazteak harrapa zitzaketela eta itsasontzira eraman, eta, ondorioz, ez dela inguratu behar ontzi horietara. Gogoan dudan beste poema bat Egun bereko alarguntsa izenekoa da; horren bidez ikasi genuen erotzeko moduko amodioak bazirela garai batean Zuberoan, eta ezkontza-egunean bertan senarra hil zitzaion dama nobleak zazpi urtez eduki zuela gizon hila etxean, limoi-urarekin kontserbatuta, hainbeste maite zuenez. Gerora jakin dut dama haren izena Gabrielle Lohitegi zela, eta badirela kanta eta poema izugarrien jatorri diren amodioak.
Antzerkia herriz herri
Eta, azkenik, zortzigarren mailan, Iparragirreri buruzko antzerkia egin genuen. Ataungo eskolari agur esateko unea iritsia zen, eta ikasturte amaierako bidaia egin behar genuen Gironara; beraz, antzerkiarekin diru apur bat atera nahi genuen bidaia horretako gastuak ordaintzeko.
Hainbat arrazoi tarteko, Gironan ez nuen ondo pasatu, nahiz eta irakaspenen bat ateratzen den esperientzia desatseginetatik ere, baina joan aurretik bizi izan genuena oso polita izan zen: entseguetan eta garaiko arropa aurkitzen gurasoek lagundu ziguten, noski, baina antzerkiaren gidoia guk geuk idatzi genuen, eta kantak ere buruz ikasi genituen. Horrela, Goierriko zenbait herritan taularatu genuen lana, eta gitarra zahartxo bat lagun izan zuen artista euskaldunak eman zigun eskola-garaiko leziorik handiena: herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio zoaz Euskal Herrira.