Duela 120 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Fraisoroko maternitatea eta umezurztegia, Zizurkilen (Gipuzkoa). 1903tik 1994an itxi zuten arte, ia 12.000 haur jaio ziren bertan, gehienetan ama ezkongabeek edukitakoak. Ordura arte, eguneroko ogia zen halako egoeran haurra izandakoan abandonatzea. XIX. mendean, Gipuzkoan 14.000 ume jaio berri utzi zituztela kalkulatzen da, eta arazo larri hari erantzuteko ireki zuten Fraisoro; aurrena kalean utzitako haurren umezurztegi izateko, eta, 1913tik aurrera, haurdunaldiko zazpigarren hilabetean zeuden emakumeak –ezkongabeak, lehen umea izango zutenak eta utzi nahi zutenak behar zuten baldintzaz– hartzeko eta erditzean laguntzeko.
Aitzindaria izan zen Fraisoro arlo askotan. Mugarria izan zen 1923. urtea. Estatuko 2. Pediatria Kongresua Donostian ospatu zuten urte hartan, eta espezialista handienak Fraisoroko esperientzia ezagutzera joan ziren; eredutzat hartu zuten beste leku batzuetarako. Orduantxe bihurtu zen Fraisoroko zuzendari Jesus Alustiza Urteaga (Zegama, 1881 – Villabona, 1951). Hark, eta ondoren haren seme Jose Antonio Alustiza Iriartek (Ataun, 1916 – Donostia, 1992), gidatu zuten maternitatea, aurrerapen handiak eta atentzio bat bideratuta.
Jesus Alustiza zegamarrak Zaragozan ikasi zuen Medikuntza. 1905ean lizentziatu, praktikak Donostiako San Antonio Abad ospitalean egin, eta Ataungo mediku postua hartu zuen. Han jaio zen bere oinordekoa eta jarraitzailea, Jose Antonio semea, 1916an. Hark ere Zaragozan ikasi zuen.
Hilkortasuna jaisteko ahalegina
Fraisoroko lehen aroan, Jesus Alustizaren lorpen garrantzitsu bat haur jaio berrien hilkortasun tasa jaistea izan zen. Amaren esnearekin –edo inudearenarekin– lehen hilabeteetan elikatzeak zeukan garrantziaz jakitun, hartarako baliabideak ipini zituen. Txertaketarekin eta odol transfusioekin lortu zuen erditzeetan amak eta haurrak hiltzea ekiditea. Bere ekimenez, Diputazioa 1931n bi urterako soldata ordaintzen hasi zitzaien haurra utziko ez zuten amei, eta nabarmen urritu zen kopurua.
Aita 1951n hil zenean, Jose Antonio Alustiza semeak hartu zuen zuzendari lekua Fraisoron, 1986 arte. Donostian Arantzazuko Ama Ospitalea eraiki zutenean, garaiz jaiotakoen saila ere sortu zuen, 1962an, Unicefen babesarekin.
Biziraupen tasa hobetu zuen han ere.