Aitor Montes Arrondo • Natura-argazkilaria
Ikerlariek iradokitzen dute medikuek antsietatea eta depresioa bezalako trastorno mentalak dituzten pazienteei hegaztiak behatzeko tokietara joateko agindua eman ditzaketela ongizate mentala hobetzeko.
Gero eta ikerketa gehiagok iradokitzen dute naturan denbora pasatzeak giza osasunean eragin sendatzailek dituela. Ingurune naturaletan denbora pasatzeak bizimodu modernoak sorturiko neke mentala gainditzea eta arreta bideratzeko gaitasuna berreskuratzea ahalbidetzen du. Baita ere estresa murrizten du, pertsonak mundu naturalarekin konektatzen direlako eta honek nerbio sistema parasinpatikoa aktibatzen du, hau da, gorputza estres eta mehatxu egoeretatik inaktibatu eta erlaxatzen duen mekanismo biologiko inboluntarioa.
Txoriekiko dependentzia emozionala dugu. Ikertzaileek aurkitu dutenez txoriak ikusteak edo entzuteak ongizate mentalean eragin positiboak dakartza. King ‘s College Londoneko akademikoek gidatutako ikerketan ikusi zen egunero hegaztiekin topo egiteak depresioa zuten pertsonen ongizatea bultzatzen zuela, baita biztanleria osoarena ere. Bioscience aldizkarian argitaraturiko ikerketa batek ere txori, zuhaixka eta zuhaitz gehiago dituzten auzoetan bizi direnek depresioa, antsietatea eta estresa izateko aukera gutxiago dutela aurkitu zuen, eta ikerlariek adierazten dute hegaztietan aberatsak diren eremuak osasuntsuagoak eta zoriontsuagoak direla bizitzeko.
Jose Antonio Corraliza Ingurumen Psikologiako katedradunak dio haur hiperaktibo baten kontzentrazio-gaitasuna hobetu egiten dela txori baten kantua edo uraren zurrumurrua naturan entzuten duenean. Arreta Faltagatiko eta Hiperaktibitateagatiko Nahasmendua tratatu daiteke naturaren bidez.
Ikertzaileek azpimarratzen dute hegaztietan aberatsak diren lekuetara bisitak egitea medikuek agindu zitzaketela osasun mentaleko baldintzak tratatzeko. Gaineratu zuten, halaber, osasun mentaleko onurak ez ziren denboran zehar mantentzen ikerketan parte hartu zuten pertsonek hegaztiekin kontaktuak eteten zituztenean, biodibertsitatea berreskuratzeko deia eginez.
Hegaztiak behatzeko zaletasuna emendatuz doa urtetik urtera. Hegaztiak behatzea eta hegazti komunitate aberatsaz inguraturik bizitzea estuki dago erlazionatuta zoriontasunarekin. Froga horren ebidentzia zientifikoa sendoa da eta geroz eta gehiago dira txoriak behatzen dituzten zaletuak mundu guztian zehar.
Osasuna hobetzeaz gain, txoriak behatzeko zaletasunak ingurumenaren osasunean ere eragiten du. Izan ere, ondare naturala ezagutzeak balioan jartzen ditu giza osasuna hobetzen dituzten ingurumeneko baliabideak ere, eta hauen kontserbazioa bultzatzea eragiten du.
Behaketak gorde
Gainera Ornitho eta NaturaList bezalako aplikazioen bidez mendian egindako behaketak norberak gorde egin ditzazke erronka pertsonalak sortuz. Behaketa hauek lagunen eta zientzialarien artean partekatu egin daitezke hegaztien bilakaera globala hobeto ezagutzeko, eta erlazio sozialetan eragin positiboak sortzen dira behatzaileen komunitateak sortzean. Izan ere hegaztien behaketak ez du adinik, eta familia zein lagunen artean burutzeko ekintza aproposak dira, sozializazioak dakartzan onura psikologikoetaz gozatuz.