Trikitilaria eta panderojolea da Uxue Kerejeta (Zumarraga, 1999). Azken hiru urteetan ahotsa eta gitarra erabili ditu bere abestiak konposatzeko. Durangoko V. abesti feministen lehiaketan euskararen saria irabazi berri du ‘Gu denon ahizpa’ abestiarekin. Maurizia Aldeiturriaga ardatz duen ‘Aire’ dokumentalean ere parte hartu du.
Hainbat taldetan jo ondoren, bakarkako abeslari bezala bidea egiten zabiltza. Noiz hartu zenuen bide hori?
Hamabost urte nituenetik gitarra eskatzen hasi nintzen etxean, eta familiakoek azkenean Gabonetan oparitu egin zidaten. Coverrak egiten hasi nintzen. Nik euskaraz entzun izan dut beti musika, eta gustuko nituen musikarien kantak egiten hasi nintzen, eta lehenengo abestiak konposatzen hasi nintzen gero, duela gutxi. Letrak idazten nituen, baina gero letra horiek musikatzen duela 3 bat urte hasi nintzen. Musika munduan, halere, txikitatik ibili naiz. Ni, izatez, trikitilaria eta panderojolea naiz.
Pianoa ere jotzen duzu.
Bai, beno, jo, jo…. irailean bi urte izango dira pianoa ikasten hasi nintzenetik. Defendatzen naiz.
Gaztea Cover lehiaketan publikoaren saria irabazi zenuen. Zer oroitzapen duzu?
Oso esperientzia polita izan zen. Halere, momenturo sentitzen nuen ni eroso egon behar nintzela, baina jendearen iritziari begira nengoen. Ea gustatzen zaien, ea zer moduz egiten dudan… tentsio asko eduki nuen momentu hartan. Ikasteko balio izan dit, zeren momentu horretatik aurrera ikasi dut gauzak lasaiago hartzen, ez hainbesteko presioarekin. Berria zenez niretzat, presiopean egon nintzen.
Hainbat txapel lortu dituzu trikitilari eta panderojole bezala. Jendaurrean jotzera ohituta?
Bai, txapelketetan izan naiz, baina beti egon naiz lagunduta, norbaitekin. Gaztea Cover-en lehenengo aldia zen ni bakarrik ahotsa eta instrumentu batekin nengoela. Ez zen lehen aldia jendearen aurrean, baina modu horretan bai, lehen aldia bezala izan zen. Egin nuen eta atera zen, ez dela gutxi.
Panderoa eta trikitia utzi dituzu?
Ez, ez. Horrekin ere jarraitzen dut. Etxean ez hainbeste, baina noizbehinka gustura hartzen ditut, erromeriaren batean edo bazkariren batean, lagunartean kalean nagoenean.
Abesti propioak konposatu dituzu?
Bai, zortzi bat abesti konposatu ditut, eta bi jo ditut jendaurrean. Durangoko Berdintasun sailak antolatutako abesti feministen lehiaketara aurkeztu dudanak Gu denon ahizpa du izena. EITBko Biba Zuek saioan ere izan nintzen, eta Hor barruan aurkeztu nuen. Besteak oraindik ez ditut zabaldu.
Euskararen saria irabazi duzu abesti feministen lehiaketan. Zer moduz joan zen lehiaketa?
Ondo joan zen. Ez nuen inor ezagutzen eta oso giro polita izan genuen. Oholtzan ere ondo, gauzak hobetzeko beti bezala, baina ni oso gustura. Saria eman zidatenean kristoren ilusioa egin zidan.
Zein da zure helburua musika munduan, abeslari gisa?
Nire asmoa , niri gustatuko litzaidakeena da poliki eta txukun gauzak grabatzen hastea, ahal bada estudio batean grabatzea eta jendeari erakustea. Hori gustatuko litzaidake, baina zaila dela badakit. Gaur egungo Euskal Herriko testuinguru musikala ikusita, ez da erraza. Ni bastante ‘pop’ naiz, eta badaude Izaro, Idoia… hor sartzea eta toki bat egitea zaila da. Dena den, hori nahi dut eta ahaleginduko naiz. Zer pasatzen den ikusiko dugu.
Aire dokumental luzean ere parte hartu duzu. Maurizia Aldeiturriagaren irudian oinarrituta pieza musikal bat sortu duzue hainbat musikarik.
Bai, ekaina aldera estreinatzea aurreikusi dute. Irrintzi dantza taldeko jaialditik, perkusiojole bat ezagutzen nuen. Deitu egin zidan nirekin gogoratu zela esanez, panderojole eta trikitilari bat behar zutela proiektu baterako, denetik egiteko prest zegoen norbait, euskal kulturarekin lotura zuena, eta horrela sartu nintzen. Astebete pasa genuen Zeberion, Bizkaian, Mandoia aterpetxean. Elkarbizitza egin genuen han, katalan eta euskaldun gazte batzuk. Moldaketa egin genuen Mauriziaren abestiekin eta irailean berriz elkartu ginen.
Astebete sortzen?
Oso intensoa izan zen. Nik behintzat ez nuen inor ezagutzen, aipatutako lagun hori bakarrik. Dena berria izan da niretzat. Zerbait egiten genuenean, kamara hor zegoen. Esan behar genuena ere kontrolatu behar genuen, ez esaten zigutelako, baizik eta gero dokumentalean aterako zelako. Jende berria ezagutu nuen eta kamera aurrean egoten ikasi nuen. Oso esperientzia aberasgarria eta polita izan da.
Orain zertan zabiltza?
Jende ezberdinarekin musika konpartitzen dut, lagunez inguratzea gustatzen zait kontzertuetan jotzeko. Helburua gauzak grabatzen hastea eta egin nahi dudan horri indarra ematen joatea da. Gogoa daukat musika ateratzeko. Lasai hartzen dut. Gainera, lanarekin uztartu behar dut, irakaslea naiz eta. Otsailean hasi behar nintzen gauzak grabatzen, baina lanean hasi nintzen eta hor geratu da. Apirila-maiatza inguruan horri heldu nahi diot berriz.
Esti Markezen kontzertuaren aurretik joko duzu, apirilaren 21ean, Zelai Ariztin.
Orduerditxo bat joko dut, 19:30ean. Esti ezagutzen dut trikitixa mundutik. Maiatzaren 7an, berriz, Eitza nire auzoko jai aurrekoetan joko dut.