Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Demagun gaizkile erakunde bateko burua brinkolatarra dela. Brinkolatarrak hiru komandanteorde ditu bere azpian. Urretxuarra, zumarragarra eta legazpiarra dira. Hiruek, gainera, gorroto itsua diote elkarri. Demagun, horregatik aukeratu dituela, euren artean bat egiteko arriskurik egon ez dadin, bera boteretik kentzeko. Brinkolatarra, gaizkile erakundeetan ohikoa denez, ez da inortaz ere fio, are gutxiago, bere menpeko hiru komandanteordeez. Hori dela eta, batari bestea zaintzeko eskatu dio. Urretxuarrak zumarragarra zaintzen du, zumarragarrak legazpiarra eta legazpiarrak urretxuarra. Eta, bolada batez, badirudi erabaki ona izan dela, ez baitu arazorik izan luzaroan.
Bukatu da, baina, lasaitasuna. Urretxuarrak zumarragarrak saldu egingo duela ohartarazi dio, eta zalantza sortu zaio brinkolatarrari. Nor izango ote da Judas? Zumarragarra benetan? Edo urretxuarra ari da bazterrak nahastu eta bere boterea kolokan jarri nahian? Urretxuarra bada salduko duena, baliteke, zumarragarra leiala izatea. Kontua are gehiago nahastu da, orduan. Zumarragarrak legazpiarrak saldu egingo duela jakinarazi dio. Izan daiteke zumarragarra traidorea eta gezurretan aritzea? Urretxuarraren abisuak zentzua izango luke, baina legazpiarra bada saltzailea, zumarragarra leiala izango litzateke eta urretxuarra saltzailea eta, zumarragarra saltzailea balitz, legazpiarra leiala izango litzateke. Ekuazio bakarrerako hiru aldagai gehiegi direla eta, bat garbitzea pentsatu du edo, matematiketan esaten den bezala, bakantzea.
Izan ere, matematikarien jolas itxura dauka goiko egoerak, baina apenas duen matematikatik. Hiru herrietan ezagunen bat duen edonork zalantzarik ez du izango traidorea identifikatzeko. Brinkolatarrak ere ez luke behar.