Jexux Aizpurua Barandiaran • Ataun
Umarki Lazkao eta Ataun arteko zubiko errepide-muga da; hain zuzen, Lazkaoko Amilibia eta Ataungo Otadizelai baserrien artean, Agauntza ibaian bertan. 1741eko planoan agertzen denez, galtzada nagusiak ez du zerikusirik gaur egungo errepidearekin.
Bestetik, aipatu Umarki bi hiribilduetatik urrun dago, baina nahitaezko pasabide da. Garai batean gorabehera anitz izaten zen inguruan (bortxaketa ahaleginak, lapurretak e.a.).
Beranduago, fabriketan soldata eskura ematen zenean, Umarki igaro arteko onik ez zuten izaten ataundar langileek. Geroxeago, ijitoek ere euren kanpalekua bertan ipintzen zutenez, bazuen leku misteriotsuaren xarma.
Esaundetara joz, sakristaua feriatik etxera zihoala asto bat azaldu, gainean jarri eta, astoa temati jarrita Urkuola aldera jo nahirik, labana sartu zionekoa ere horren lekuko da.
Bada, hortixe alde egin omen zuten 6 ahizpa ama birjinek, bakoitza toki banatara, Joxemiel Barandiarani Akotain baserriko Maria Josefa Munduatek 1910ean kontatu zioenez. Bestalde, pare modutxo hartantxe hasten omen ziren oinez Ordiziako feriara zihoazenak arrosarioa errezatzen, harik eta autobusa azaldu zen arte.
1740ko Ataungo planoan ezkerrean, A hizkiaren alboan agertzen den baseliza zen San Sebastian. Jatorrizkoaren erreplika osoa, Atauniker kultur elkartearen ekimenez, 2016az gero udaletxeko lehen solairuan dago ikusgai.
Esaunda edo legenda bera, baina 7 ama birjina beltzena 1960ko hamarkadan kontatu zion Juan Arin Dorronsorok Luis Pedro Peña Santiagori eta orduantxe hasi zuen honek ikerketa.
San Sebastian aldarea
Esaundak zioenez, Umarki ondoko Ataungo San Sebastian baselizatik irten omen ziren. Baseliza XVIII. mendean desegin eta bertako materialaren sosarekin egin zuten egun San Martin elizan dagoen San Sebastian aldarea.
Peña Santiago ikerlariak, makina bat behaketa eta galdeketa egin ondoren, 7 ezezik 8 ama birjina beltz topatu zituen Gipuzkoan zehar: Hondarribiko Guadalupekoa, Itziarkoa, Donostiako Korukoa eta egun Leongo komentu batean dagoen beste bat, Irungo Junkalekoa, Hernaniko Zikuñagakoa, Urretxuko Zabaletakoa eta Arrasateko Zabalekoa; harrigarria dirudien arren, Gipuzkoako hainbat Donejakue-bidetako bidegurutzeekin bat zetozenak.