Maitane Legarreta • Irakurzalea
Apirilean izaten da Liburuaren Nazioarteko Eguna, 23an hain zuzen ere, eta azken urteotan Beasaingo Idazlehiaketaren sari banaketa ere egun seinalatu horren bueltan egiten da. Herriko zein eskualdeko haur eta gaztetxo ugari bildu ohi dira bertan eta egindako lanaren aitortza jasotzen dute, euren familiako kideen txalo eta harrotasunez betetako begiraden abaroan.
Tarte ederra izaten da sari-banaketa ekitaldiarena, baina bertan ez daudenekin gogoratu ohi naiz sarri, hau da, beren ilusio, gogo eta ahalegin osoz zerbait sortu eta espero edo nahiko luketen emaitzarik izan ez dutenekin.
Ni ere izan nintzen haietako bat. Irakasleek behin baino gehiagotan lana aukeratu bai lehiaketara bidaltzeko, baina ez nuen sekula aipamenik ere jaso. Kamiseta, kuaderno eta boligrafoak izan nituen garaikurren ordezko. Nire lanen kalitate kaskarra onartu behar izan nuen, eta institutuko azken ikasturtean etengabeko bultzada eman zidan irakaslearen hitzak eskertu arren, ez nituen guztiz sinesten, munduak kontrakoa erakutsi baitzidan.
Ia hamar urte dira epaimahai lanetan hasi nintzela eta lehiaketa beste aldetik bizitzeko aukera eman dit. Ezin ukatuko dugu lanek bete beharreko gutxieneko ezaugarriak izan behar dituztela langa gainditzeko, baina subjektuak garen neurrian, subjektiboak dira gure hautuak ere.
Kanpoko aitortzarik izan ez arren, idazteko zaletasuna eta premia duen oro horretan jarraitzera animatu nahi dut.
Kanpoko begiradaren konplizitatea hein batean beharrezkoa dugun arren, bizipoza ematen diguten jarduerei eustea eta barrukoa adierazteko bideak urratzea ezinbestekoa iruditzen zait. Eta ingurukoei halako joerak identifikatu eta hauspotzeko deia ere egin nahi diet, sarearekin errazago egiten baita jauzi.