Bizitzak Mutiloako Ostatura eraman du Joseba Baez (Idiazabal, Donostia, 1982). 2022ko urriaren 14an ireki zituen ateak Baezek eta Marbelli Mejiak kudeatutako tabernak. Behi gazta egiten eta azokaz azoka saltzen zoriontsu izan bazen ere, esneak sortutako alergiaren eraginez, gaztagintza utzi behar izan zuen.
Urte erdia egin duzue lan berrian, Mutiloako Ostatua kudeatzen. Zer moduz joan dira lehenengo hilabeteak?
Ari gara aurreratzen. Hobetzeko beti egoten da, baina ondo moldatzen garela esango nuke.
Lanbide ugaritan ibilitakoa zara. Ingeniaritzan, euskaltegiko irakasle, gaztagintzan…
Denetik pixka bat egin dut bai. Duela bost urte gaztagintza utzi egin behar izan nuen, esnearekiko alergia bat tarteko. 2018ko maiatzetik Urretxuko Etxarre inmobiliarian ibili nintzen iazko irailera arte. Alergiagatik osasunaz zisko eginda nengoen eta inmobiliariako Mikel Etxanizek lana eskaini zidan. Edozein lanetan ezin nuen aritu. Zerutik erori zitzaidan lan hura. Han ikasi nituenak ere eguneroko bizimodurako baliagarriak dira. Abentura pixka bat nahi nuen, aldaketa bat, eta Mutiloakoa azaldu zenean bikotearekin hitz egin, eta hemen gaude.
Herritarren topagune nagusia izango da Mutiloan Ostatua.
Bai, oso garrantzitsua da horrelako herri batean taberna irekita edukitzea. Gaztarekin ere esaten nuen bezala, behin etortzen dena ondo, baina errepikatzen duen hori da seinalerik onena. Errepikatzaileak badauzkagu eta gustura gaude. Jangela beteta edukitzen dugu asteburuetan. Gaur egun gainera aurrez erreserbatzeko ohitura handia dago, eta guretzat hobe.
Gaztagile bezala egin zinen ezagun Goierrin, Donostiatik Idiazabalgo Arimasagasti baserrira etorri zen gaztea.
Ni ez naiz Donostiatik etorri. Ni bietakoa naiz. Idiazabalen eta Donostian hazi gara. Hangoa eta hemengoa naiz. Donostian ikasketak egiten nituen bitartean aste barruan han egoten ginen, baina aste bukaeran beti hemen. Ikasketak amaitutakoan Goierriko enpresa batean lanean hasi nintzenean alderantziz; aste barruan hemen eta asteburuan Donostian.
Ingeniaritzatik, gaztaren abenturan murgildu zinen.
Beti Arimasagastira [baserria] etortzen ginen eta bertan zerbait egin behar nuela pentsatzen nuen. Proiektu asko landu nituen, baina aitak ez zien oniritzirik ematen. Behi gaztarena aurkeztu nionean, hura ondo iruditu zitzaion; baina fabrikan jarraitzeko esan zidan. Lanean lan istripu bat izan nuenean, nahi nuena egiteko esan zidaten. Halaxe hasi nintzen behi gaztaren proiektuarekin. Baina zorte txarra izan nuen.
Abentura polita izan zen gaztarena?
Oso polita, gozatu ederra hartu nuen. Zaila izango da puntu horretara iristea berriz.
Orain arte probatu dituzunetan gogokoena?
Bai. Nik egindakoa izan zen. Astia neukanean, etxe inguruan ibiltzen nintzen. Negutegia neukan, tomatea saltzen nuen, porruak, lekak… Horixe nuen gustuko: dirua emango zidan negozioa muntatu eta denbora librean etxe inguruan ibili gustuko lanetan. Oiloak ere banituen, intxaurrak… Gaztarekin nire soldata baneukan eta arratsaldea libre edukita baratzean aritzeko aukera izaten nuen.
Azokaz azoka ibili zinen. Hori ere beste esperientzia bat da izango zen.
Oraindik ere joaten naiz Ordiziara asteazkenetan enkargutara. Pena handia ematen dit, eta dagoeneko bost urte dira utzi nuela. Zapatuetan Tolosara ere joaten nintzen, eta izugarrizko pena daukat. Azokak kateatu egiten duela esaten dute, eta hala da.
Behi gazta egiten zenuen, ardi gaztak indar handia daukan tokian.
Bai. Eta nik uste dut artzainek ere gazta desberdinak egin beharko lituzketela.
Barietate gehiago?
Bai, nik hori garbi ikusten dut. Hori egiten duenak asmatu egingo du. Hemendik irteten zara eta milioi bat gazta dago, ezberdinak. Hemen gazta mota asko kontsumitzen da eta ia dena kanpotik ekartzen da. Hemengoa Idiazabal da, bai, baina horrek ez du esan nahi hori bakarrik egin behar denik. Jendea hasita dago, eta ondo ari dira saltzen. Esne ona edukiz gero, gazta onak ateratzen dira. Gaztagilearentzat ere politagoa da gazta desberdinak egitea. Nik klasikoa egiten nuen gehiena, Idiazabal gaztaren tankerakoa. Baina nik ere behar nuen zerbait desberdina egin, pizgarri bat. Probak egin. Gaur egun Internetetik ikasteko aukera dago.
Zoriontsu izan zinen gaztagile zinenean. Zartako handia izan zen esneari zenion alergiagatik uztea?
Ba bai. Horrelako negozioa muntatuta neukan, kosta egin zen behi gazta ezagutzera eman eta ondo saltzen hastea… Ordiziako eta Tolosako azoketan produkzio guztia salduta neukanean, utzi beharra izan nuen. Baina gorputzak pott egin zidan.
Orain zer moduz zaude osasunez?
Orain ondo. Baina kostatu zaio.
Pilotan jarraitzen al duzu?
Afizionatuetan urte mordo batean aritu nintzen, 35 urtera arte. Pilotak utzi ninduen ni. Pilotetara berandu iristen hasten zara, lehengo erdia jokatzeko doble entrenatu behar… Zumarragan trapuzko pilota txapelketa jokatzen da eta han izerdi pixka bat bota nuen inmobiliarian lanean aritu nintzenean. Pilota hotsa entzuten badut frontoira joaten naiz nor dabilen ikustera. Nor dabilen arabera, ausartu ere egiten naiz jolastera.