Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Itzulpenen kideko ez naizela idatzi nuen behin erakusketa baten katalogoan. Azken boladan, sarritan egin behar izaten dut itzulpen lana, euskaratik gaztelerara eta alderantziz, eta esan nahi dudana aditzera ematen dudan arren, gutxitan somatzen dut elkarrekikotasun osoa. Jatorrizko hizkuntzan idatzitakoaren aurka egiten du itzulpenak maiz, eta zerbait geratzen zait bidetik, hizkuntzaren erabileran ba omen dagoelako hitzen esanahitik haratago dagoen zerbait, nekez itzuli daitekeena. Baina ziurrenik hori guztia esaten dut itzultzaile traketsa naizelako.
«Itzulpenak ez dira existitzen» esan zuen batek arestian egon nintzen liburu aurkezpenean. Liburua, ordea, abestien itzulpenenena da eta bat hori ez zen edonor, Anari bera baizik, abesten duenean ere letrak aldatzeko joera duen hori, «erabili ahala eraikitzen den hizkuntza baita euskara». Ziurrenik horregatik du Eraiste neurtuak izenburua liburuak, jatorriz euskaraz eraikitakoa kontu handiz deseraiki eta berreraiki behar izan duelako gazteleraz esateko.
Egin daiteke itzulpenik, noski, modu praktikoagoan: hizkuntza soilik instrumentala denean, eraikinaren adreilu guztiak aldatu daitezke, ezer deseraiki beharrik gabe. Aldiz, hitzak beste nonbaitetik datozenean, kanpoan gertatzen dena azaltzeko barik barrutik datorrena kontatzeko direnean, orduan ezinezkoak dira itzulpen zehatzak. Baina agian hori esaten dut itzultzaile traketsa naizelako. Aitzitik, itzulpen oro posible dela uste baduzu, zoaz eta entzun Anari, eta gero itzuli.