Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Udaberria lehertu da, lore-hautsak alergikoak doministikuka jarri ditu, txori kantuak piztu dira eta iluntze luzeagoekin batera giroa goxatu da, neguko janzkera eta tenperaturak iraganeko bihurtu eta eguzkia indar handiagoz nabari da dizdizka. Egutegiari martxoko orria kentzearekin bat oporren oihartzuna ozen entzuten da. Kristautasunak ezarritako dotrinan Aste Santua ate joka da. Horrek, herritar asko ohiko jardunetik ihes egiteko asmotan kilometro eta bidaia ugari egitera bultzatuko gaitu, egun tarte labur zein luzexeagoa izan, gero zer etorriko baino unea bizitzeko dinamikak irentsiko bagintu bezala. Tropelean, zenbait Andaluzia edota Mediterraneo aldera, beste zenbait mapan exotikoagoak diren norakoetara eta batzuk etxetik hainbeste urrundu gabe ere errutinari iskin egiteko moduko lekuetara bidean izango dira honezkero. Parentesi bat, kapitalaren neurrikoa.
Gurean, bi gurpilen gainean, etxe inguruko errepideetan, ohi baino gertuago ibiliko da mundu mailako txirrindulari tropela. Aurten Goierriko lurrik zapaldu ez arren, apirilaren 3tik 8ra jokatuko da Gasteiztik Eibarrerako bidean Itzulia. Gizonezkoenaz ari naiz, noski. Emakumeena maiatzaren 12-14 bitartean ageri da UCIren egutegian, iazko informazioa dago web gunean, baina hori ez da garrantzitsua, ala bai?
Gizonezkoen Frantziako Tourraren inguruko bonbardeoa hasi da hedabide publikoetan (bestelakoetan ere bai), uztailaren 1ean Bilbon abiatuko baita, lehen hiru etapak jokatuta uztailaren 3an helmuga Baionan izanik. Euskal Herriaren zati bat erakutsiko dute ‘munduko mapan’ jarriko omen gaituen lasterketan. EAEko instituzio publikoek 14 milioitik gora ordaindu dituzte ekitaldiaren handitasunaren handikerian. Gizonezkoen Espainiako Vuelta ere igaroko da Nafarroako lurretan, Larra-Belaguara bidean Biarnotik Zuberoan barna.
Bien bitartean, gazte mailetako txirrindularitza proba asko ezin izan dira ospatu, segurtasuna bermatzeko gorabeherak medio, oinarriko lasterketak antolatzeko geroz eta zailtasun handiagoak jartzen dituzte erakundeek, horrek guztiak harrobi lana egiten duten federazio, klub, antolatzaile eta txirrindulariak egoera larrian utziz. Aldi berean, ordea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindularitza federazioei 3.000 boluntario eskatu dizkiete gizonezkoen Frantziako Tourrean bidegurutze eta gainerako lanetarako, trukean diru-saririk edo bestelako material baliabiderik eskaini gabe.
Aurreikusi gabeko eroriko edo matxurek pikutara bidal dezakete dena edozein etapatan, baita txirrindularitzaren jirakoetan ere. Hasiko al gara sorgin-gurpiletik nola irten, noren gurpilean sartu, tropelkideak aukeratu, ibilbideak adostu eta helmugak erabakitzen? Gure Esku ere badago.