Oihartzun eta erakarmen berezia izan zuen Urbiako goi-zabalguneak 1960ko hamarkadan, euskal gazteriaren eta abertzaleen artean. Frankismo betean, euskal izaera, kultura, hizkuntza eta estatus oro debekatuta eta bortitz jazarria zen garaian, Urbian hasi ziren erromeria abertzaleak egiten. Folklore erakustaldi xumeak izan ziren hasieran: txistu soinuak, dantzak, euskal abestiak… mendizaleen juntadizo gisa. Baina debekarazterainoko indarra hartu zuen.
Kaleko errepresioaren kontroletik urrun, abertzaletasunaren aldarrikapena egiteko halako tokiak eta egunak baliatzen hasi ziren: Urbiako eguna urriko lehenengo igandean, Arantzazuko eguna, Debako Euskal Jaia… Gazteak elkartzeko eta ekimenak sortzeko moldatzen ziren. Ikurrinak agertzen ere hasi ziren.
Euskal Herri osoko mendizaleak eta gazteak biltzen ziren Urbiako erromeria erraldoian, urriko lehen igandean. Mendigoizaleen festa baitzen, eta euskal festa bihurtu zen.
Honela gogoratzen du Migel Antsa andoaindarrak Ahotsak bilgunean. 1965 edo 1966ko Urbiako festaz ari da: «Labegerieren kantak hasi ziren hemen modan jartzen. Gu gera Euskadiko eta horiek. Horrek emozio handia sortu zuen, ikaragarrizko emozioa. Niri oilo-haragiak eta dena eragiten zizkidan. Aurreneko aldiz, altxa zuen ikurrina Hernaniko gudari batek. Hango kantuak eta hango… Hura zer zen? Ni txapelarekin nengoen, eta neska batek ‘hau kendu egin behar da!’, eta ta! kendu zidan. Aiba dios! Han dardarrak jarri ginen denak, emozionatuta. Eusko gudariak eta, inon diren kantak. Harkaitz tarte guztietatik hasi ziren ikurrinak azaltzen. Hura izan zen! Gero, handik bi urtera edo, han egurra eman zuten».
Debekua eta errepresioa 1967an
Erregimen frankistak 1967an zapuztu zuen Urbiako erromeria, «subertsiboa» izateagatik. Neurri izugarriak hartu zituzten gazteria eta jendea Urbiaraino iristea eragozteko, mendi osoa poliziak inguratuta jarrita. Gazte asko inguratu ziren Aizkorriraino; baina handik behera ezin izan zuten jaitsi.
Poliziak metrailetekin Arantzazurako bide osoan, helikopteroz airetik jarraipena… Urbian elkartu ezin izan zuten arren, gazteek juntadizo txikiagoak –eta hein berean suharrak– burutu zituzten Larraitzen, Gaintzan, Tolosan edota Bermeon. Ikurrinak erakutsi zituen jendeak horietan ere, eta Guardia Zibilak elkarretaratzeak bortizki txikitu zituen bilkurak. Ehunka isun ezarri zituen gobernadoreak.
Urbiako festa urteekin urtu zen arren, ondorena utzi zuen euskal egutegian: Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatzeko eguntzat jarri zuten urriko lehenbiziko igandea, 1977tik.