Gazte egunetik gazte egunera dabil udaberri hasiera. Nabari da eguraldiaren hobetzea eta tenperaturen igoera, gazteak parranda denboraldirako prestatzen ari dira jada, aurki hasiko baitira jarraian datozen herrietako jai guztiak.
Zegaman ere gazte eguna antolatu dute aurtengoan. Zegamako Gazte Herexaren eskutik apirilaren 15ean Zegamako kaleak dantzan jarriko dituzte herriko gazteek, beste behin «herriko gazteak elkartu eta egun eder bat pasatzeko». Aurtengoa XIII. Gazte eguna izango da eta «beste hainbeste» antolatuko dituztela ere garbi dute.
Joan den martxoaren 20an egin zuten publiko aurtengo egitaraua, Instagram bitartez. 12:30ean emango diete hasiera egunari, triki-poteoarekin. Poteo hau trikitixaz eta panderoz alaituko dituztenak Irati Arzelus lazkaotarra eta Saioa Berasategi ormaiztegiarra izango dira. Giro bikaina jartzeko goierritarrak «lehenetsi» dituzte soinu eta panderoan. Ondoren, gazte bazkaria izango dute. Behin sabela bapo bete ondoren jolasak egiteko tartea hartuko dute. Jolas desberdinak egingo dituzte «adin desberdinetako parte-hartzaileekin».
Arratsalde parterako, Skapaie elektrotxarangarekin lotu dute hitzordua. Aurrez inauterietan ere izan ziren Skapaie elektrotxarangakoak Zegaman, inauteriak girotzen eta gazte egunean ere bertan izango dira. Zegamar gazteak oso «gustura» aritu ziren dantzan Skapaierekin azken inauterietan eta oraingoan ere hauek «gonbidatzeko» tartea hartu dute. Behin elektrotxaranga amaituta, gazte afaria egingo dute. Oso «gogotsu» daude gazte egunerako eta aurtengoa ere beste urteetakoa bezain «berezia» izateko esperantzan daude.
Bestalde, «harremanak egin zein sendotzeko egun ederra» izan ohi da Gazte Eguna eta Zegamako Gazte Herexa horretarako «espazioa bikaina» dute. Herriko gazteen artean «giro ona» dagoela diote eta elkarrekin «egun polit bat» pasatzeko aitzakia da urtero egin izan duten gazte eguna. Aurtengoan, hamahirugarren aldiz izango dute bildu eta «bizipenak elkarbanatzen jarraitzeko» tokia.