Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Pertsona guztiok dugu gure bizimoduaren martxa salatzen duen ezaugarriren bat. Batzuen kasuan janzteko modua izango da –hirugarren egunez praka-pare bera, seinale txarra– edo bizarra egitea / ez egitea bera. Badira bekain-mugimendu batekin egun horretan ze hankarekin jaiki diren adierazten dutenak ere. Nire kasuan garbigailuaren zikloak salatzen nau. Azal dezadan: nire egunerokoan ideiak eta egitekoak ordenatuta baditut ez zait arroparik pilatzen ez saskian, ez garbigailu barruan, ez zintzilikatzekoan… Han-hemenka arropa pilak utziz nabilenean, ordea, –plantxatzekoak saski batean, garbitzekoak bestean, garbigailuko danborra ere ia dariola eta zintzilik non jarririk gabe– nire burua ere antzera dabilela esan nahi du normalean.
Azken aldian nahi baino gehiagotan pilatzen zaizkit arropak. Berez aldaketa ikusi behar nukeen gauzetan amaiera besterik ez dut ikusten. Bizitzeko modu bat badoala iruditzen zait, eraikitzea hainbeste kostatako memoria kultural kolektiboa ere azkenetan ikusten dut datozenen artean (hau gure belaunaldiaren erruz) eta, ezinbestean, amaitzen ari diren mundu horiek eraiki eta bizi izan dituzten pertsonak ere halaxe ikusten ditut, amaitzen. Inork ezkorregi nabilela pentsatu aurretik begiak eta belarriak zabaltzeko eskatuko nioke, ez baita zoritxarrez arreta gehiegirik jarri behar hala dela ikusteko. ETB izan daiteke adibide bat, edo benetan hezkuntzarekin zerikusi gutxi duen eztabaida betierekoa (beti diogunean 1992tik honakoaz ari bagara, noski), edo han eta hemen lan boluntariorik ez eta galtzen ari diren ekimen, festa eta bestelakoak. Zahartzen ariko naiz.
Ulertzekoa da besterik ikusi eta ezagutu ez duenak gauzak aurkeztu zaizkion terminoetan esplikatzea. Gehiago kostatzen zait, ordea, nondik eta ze bide eginda gatozenarekiko desinteresa besterik izan ez eta mundu berriago hau esplikatzeko arrazoiak (arrazoi interesatuak sarri, bestalde) hain erraz erosi ditugula barneratzea. Akordatu nahi ez bagenu bezala.
Ezagutzen nautenek askotan entzungo zuten nire ahotik dirua, denbora eta espazioa direla zenbat eta gutxiago izan, orduan eta gehiago aprobetxatzen direnak. Lehenarekin ez dut arrisku handirik. Beste biak, ordea, laster izango ditut aukeran; norberak erabakitako mapen mugak eta egutegirik gabeko egunen orduak nahieran. Ez nau ziklo egokian harrapatu, ordea.
Arropa biltzera noa, ea gauzak bere onera etortzen diren.