Azken 32 urteetan Itsasondon bizi den Xabier Salinas mekanikariak (Ordizia, 1965) Beasainen du tailerra. Bertan makinaria elektrikoa, pneumatikoa, zein gasolinazkoa konpontzen dute, «batez ere maiztasun handikoak». Baita saldu ere. Beraien bezero gehienak Goierri eta inguruko lantegiak badira ere, badituzte kanpoko hainbat bezero, «adibidez, Galiziako bezero batek bidaltzen digu konpontzeko makinaria». Lanak eguneko ordu asko kentzen dizkionez, badu estres hori kentzeko tokia: Getarian duen 11 metroko belaontzia. «Betidanik joan izan gara udan Getariara, eta hortik datorkit afizioa. Tituluak ateratzen joan nintzen, PER, patroi, kapitan… Eta, noizean behin, PER ateratzen ari direnei ikastaroak ematen dizkiet». Itsasoan arrantza asko egindakoa bada ere, «orain noizean behin bakarrik egiten dut arrantza». Urpekaritzan ere asko ibilitakoa da, «42 metroko titulua daukat».
Ze zaletasun dituzu?
Itsasoa, bela, arrantza, urpekaritza… eta baratzea.
Pelikula bat edo telesail bat.
Zinera joateko alfertuta nago, baina, azkenekoa Irati ikusi dut.
Liburu bat.
Azkena irakurri dudana: Agustin Galabideren Maldito Gorri.
Musika talde edo abeslari bat.
Garai batekoak: Pantxoa ta Peio, Erramun Martikorena, mexikarrak…
Abesti bat.
Adibidez, Cojon Prietoren A mi me gusta el marisco.
Oporretarako leku bat.
Getaria.
Zer gosaltzen duzu?
Presaka banabil, baso bat ur. Lasai banabil arrautza pare bat zerbaitekin.
Kolore bat.
Gorria.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Alaba jaio zenekoa.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bidaia bat.
Amets bat.
Lan gutxiago egitea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Ostiralean lanetik atera eta, lasai-lasai, lagunekin zerbait hartzea.
Goierriko txoko bat.
Arkaka ingurua.
Itsasondon biziko ez bazina…
Ordizian edo Getarian.