Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Badator Poligrafo Fest, lau talde, karpa, eszenatoki eta barrarekin. Aurten kokapen berria dugu eta bereziki pozik gaude. Nekolaldeko aparkaleku berrian izango da, toki berezia da niretzat, han hasi baitzen nire jaialdien ibilbidea. Han egin nituen lehen bi jaialdiak Poligrafo Fest egiten hasi baino lehenago. Berriro bueltatzea oso berezia izango da guretzat. Gustatzen zaigu tokia eta dena emango dugu.
Lau talde izango ditugu bertan. Pasadena, -Gailu, Nevadah eta The Daltonics. Lehen taldeko partaideak ezagunak ditugu, Izaki Gardenak ekarri genituenean ikusi genuen zer egiteko gai diren. Eta ziur nago oraingoan ere pop-rock doinuekin beste kolpe bate emango dutela mahai gainean. Bigarrenak andoaindarrak dira, Rural Elektro Hardcore edo Urban Hardcore Elektro Hip-Hop etiketapean sartu dituzte. Guri gustatu egiten zaigu eta kitto. Ondoren Nevadah izango dugu, beraien Rock and Roll sutsu eta izerditsuarekin disko berria aurkezten. Eta bukatzeko The Daltonics Bilbotik, Pabloren elkarrizketan ikusi ahal izan dugun bezala, rock klasikoa umorea eta ironia landuz.
Egitarau nahiko oparoa gure ustez, musika maite duen edonorentzat plazer bat eta guretzako ohore bat da herriari hau eskaintzeko aukera izatea. 20:00etan hasiko da jaialdia, lau taldeek joko dute bata bestearen atzetik, beraz ondo neurtu afaltzeko tartea. Egun gutxi falta dira eta oraindik sarrerak daude salgai, bai Motz tabernan eta bai egunean bertan karpan. Aukera izango duzue lau talde puska hauek ikusteko.
ZarraparraZ Elkarteak kamisetak salgai edukiko ditu, eta bazkide egiteko aukera izango da. Aukera aparta izango duzue zuzeneko musikaren aldeko zuen ekarpena egiteko, eta gure aldetik oso eskertuak egongo gara, nola ez. Zuek gabe ez da Zarraparra.